Iñigo Gonzalez

2024-03-15

Apirilak 13. Barañaingo independentista eta ezkertiarren eguna. Irabazi Arte!

Pertsona bakoitzaren militantziaren bizian momentu asko gogoratzen dira, horien artean egun batzuk bereziak dira, emozio biziz bizitzen direnak, hasieratik amaierara gogoratzen dituzu. Hor egon nintzen. Horretan parte hartu nuen. Lortu genuen.

Nire ibilbidean horrelako egunak gogoratzen ditut, batzuk zirraraz, lortutakoa benetakoa zen eta hatz puntekin ukitu zitekeen, asteetan zehar dastatzen zenuen lortutakoaren zaporea. Beste batzuk norberaren motxilan harri koxkor pisutsu bat gehitzen du, astunak, negarrak, minak. Hertzainak esaten zuten moduan “egun batzuk horrela dira”. Militantziaren parte dira.

Guzti horiek ibilbide bat markatzen dute, norabide eta nortasun bat, mugimendu baten historiaren parte dira. Nork ez ditu gogoratzen Barañain zapi berdez bete ziren jaiak? Edota Karmele dispertsioak eraildako egunaz? Ezin dituzu ahaztu, hor daude memorian iltzatuak. Gaztetxe zaharraren desalojoa ere gogoan dut, nola ez, lagunen atxiloketak zer esanik ez. Baina 20 urterekin galdetu banindute, noizbait Ezker Abertzaleko alkate bat egongo da Barañainen? Ezetz borobila erantzungo nuen seguruenik, ba tira, 12 urte eta gero alkate makila altxatu genuen, ezina ekinez egina. Herri mugimenduaren garaipen eta ikaspenak, ezberdinen arteko sinergiak eta loturak, maitasunak eta gorrotoak, hori da klabea.

Baina hauek nik bizitako batzuk dira, nire aurreko belaunaldiak beste batzuk bizi izan ditu, Ezker Abertzalea 80. hamarkadaren hasieratik dago antolatuta Barañainen. Berrogei urte luze eta emankor. 20.000 biztanleko herri baten konfigurazio politikoa aldatzeraino, jaiak ezin dira ulertu txozna gunerik gabe, lehenengo Barañaingo Egunean apenas kuadrila txiki batzuk batzen ginen, Akelamendi, ezkertiar eta abertzaleen elkargunea 2008tik. Eraldaketa soziala errealitate bihurtua, hori jarraitzen du izaten gure norabidea.

Belaunaldi berriek mugarri berriak jartzen dituzte, feminismotik tiraka, gazte kuadrilak batuz eta kulturan bere ikuspuntuan txertatuz. Bere epikak eraikiz eta biharko herri askea egitate bihurtzen dute.

Herrian ditugun erronkak ez dira makalak, hor jarri behar dugu orain fokoa, gazteak Barañainen bere bizi proiektua gauzatzea posible egin behar dugu, herri nortasuna indartu beharra dago, herri bizia lortu. Udaletxea azkeneko 5 urteetan sartuta dagoen blokeoa egoera gainditu beharra dago. Kolektiboen jarduera oztopatu ordez bultzada bat eman behar zaio. Eguneko Zentro publiko eta duon bat behar dugu.

Guzti hau eta gehiago da Ezker Abertzalearen indarra. Berrogei urte luze hauei balioa emateko eta Euskal Herriko independentziaren proiektuari bultzada berri bat emateko Barañaingo Sortuk eta Ernaik Irabazi Arte! Eguna antolatzen ari gara Apirilaren 13rako. Gonbidatuta zaudete gurekin egun berezi hau konpartitzera.

Diseño y desarrollo Tantatic