Jon Matxain

Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.

2016-11-03

Zientziak konfirmatutako ala deuseztatutako mitoak

Gizakiok aspaldi hasi ginen ezagutza biltzen, ahoz ala idatziz ondorengo generazioei helaraziz. Urteen poderioz, ezagutza hau, ezagutza popularra, zabalduz joan da. Jendearengan idei batzuk ongi errotu dira, nahiz eta zientifikoak ez izan. Gogoan izan behar dugu ezagutza zientifikoa ebidentzietan oinarrituta dagoela, ez sinismenetan, eta hortaz, fidagarritasun handiagoa duela. Dena den, ez da egia absolutua, izan ere, behaketa berriek aldez aurretik ditugun ideiak aldatzen ahal dituzte. Gaurkoan, egunotan ongi errotuta dauden hainbat ideien errepasotxoa eginen dugu, benetazko fundamentu zientifikorik duten ala ez ikusteko.

  • Arriskutsua al gasolindegietan mobila piztuta ibiltzea? Eta argia? Erantzuna ezezkoa da. Mugikorren ala argiaren erradiazioa ez da nahikoa erregaian eztanda eragiteko. Hala ere, prekauzioz itzalita mantendu behar da, legez. Hori bai, bateria kaltetuek bai arrisku handiagoa dute. Dena den, arrisku hori oso txikia da.
     
  • Mugikorren erradiazioak palomitak egin ditzake? Ez. Lehen esan bezala, mugikorrek energia gutxiko erradiazioa igortzen dute, eta erradiazio gutxi gainera. Hau gezurra da. Erradiazio elektromagnetikoekin mito asko daude, eta hau beste bat da.
     
  • Hil ondoren azkazalak eta ilea benetan luzatzen al dira? Ez. Gertatzen dena hurrengoa da. Azala lehortzen da, eta tamainaz txikitu. Horrela, azkazalak eta ileak luzatu direla dirudi.
     
  • Hil arte sudurra eta belarriak hazten joaten ote dira? Egia da. Kartilagoz eginda daude, eta ehun hauek hazten doaz bizitza osoan.
     
  • Neurona berriak sortzen dira? Duela urte batzuk arte, uste zen neuronak ez zirela berritzen. Ikerketa berriek, ordea, hau egia ez dela aurkitu dute. Eta neuronak, zorionez, erregeneratzen dira.
     
  • Beroa, gehienbat burutik galtzen dugu? Hau askotan esan digute, ezta? Ba ez da egia. Burutik ala gorputzeko beste edozein zonaldetik beroa berdin galtzen dugu. Gertatzen dena normalean beste atalak estalita ditugula.
     
  • Eboluzioaren teoriak dio indartsuena nagusitzen dela? Ez. Eboluzioaren arabera ikusten duguna zera da, gehien erreproduzitzen dena da nagusitzen dena. Ingurumenari hobekien moldatuta dagoena izaten da hau. (Gogoratu dinosaurioak)
     
  • Eboluzioaren helburua izaki perfektoagoak lortzea da. Ez, eboluzioari esker lortzen dira bere ingurunera hobekiago adaptatuta dauden izakiak. Baina ingurumena aldatzean, hobestutako izakiak beste batzuk izan daitezke. Eboluzioan ez dago intentziorik.
     
  • Ipar edo hego hemisferioan uraren zirimola norabide ezberdinean mugitzen dela egia al da? Ez. Zirimola Coriolisen efektuarengatik ematen da, baina norantza ez dago Hemisferioen menpe, batez ere erabiltzen den errezipientearen menpe baizik. Egia dena zera da, ekuadorretik zenbat eta gertuago, efektu hau (Coriolisena) gero eta txikiagoa dela.
     
  • Tximistak leku berean erortzen ahal dira? Mito baten arabera, tximistak ez dira bi aldiz leku berehan erortzen. Hau ez da egia! Hortaz, ez konfiatu. Tximistak normalean leku altuetan eta esposizio handiko objetuetan erortzen dira (eraikinak, zuhaitzak...). Adb: Empire State Buildingen urtean 25 tximist inguru  erortzen dira.
Diseño y desarrollo Tantatic