Naroa Sarriguren

Naroa Sarriguren

Proposamen bat. Liburu guztien artean bat aukeratzeko gonbitea. Hartu, hasi eta ikusi. Ikusi aurrera jo ala bertan behera uztekoa gogoa duzun. Zer duzu galtzeko?

2016-09-05

Mrs. Hemingway

Biografiak, idazlanak, elkarrizketak, egunkariko zutabeak, azterlanak... Idazle bat ezagutzeko bide asko izan ditzakegu. Ernest Hemingwayren kasuan, beste bide bereziago bat ere badugu: bere lau emazteen historia biltzen duen eleberria. Guztiak izan ziren Mrs. Hemingway.

Naomi Woodek (York, dokumentazio lan handia egin du liburu, artxibo, gutun edota interesgarri izan daitekeen bestelako iturrietan Fiesta idatzi zuen idazleak Hadley Richarson, Pauline Pfeiffer, Martha Gelhorn eta Mary Welshekin izan zituen harremanak nolakoak izan ziren jakiteko eta material horrekin eleberri bikaina ondu du. Lau emakumeok dira protagonista, Ernest Hemingway liburuaren ardatza.

Liburua lau atal nagusitan banatuta dago, atal bana emazte bakoitzeko, lehen emaztearekin hasi eta azkenarekin amaitu. Wooden idazkera bizia da eta elkarrizketa zorrotzek eta garai desberdinen deskribapen eta erreferentziek errealismoz josten dute. Izan ere, hortxe daude Hemingwayk bertatik bertara ezagututako Espainiako Gerra Zibila, Bigarren Mundu Gerra, Kuba...

San Ferminak maite zituen idazlea gure artean gerra korrespontsal, abenturazale edo seduktorearen irudiarekin lotuta egon liteke, baina euskarazko itzulpena egin duen Nerea Goiak dioen bezala “liburuan beste alde bat erakusten da. Alde ahulago bat, pertsonalagoa”. Azken batean, liburuan Ernest Hemingway intimoagoa bat erakusten zaigu.

Idazteko beharra, bakardadeari beldurra, alkoholaren usaina... liburuan XX. mendeko idazle esanguratsu batengana hurbiltzeko gonbita eta bera ondo-ondoan izan zutenak ezagutzeko aukera dugu.

Diseño y desarrollo Tantatic