Iñaki Martínez

Iñaki Martínez

XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.

2020-02-22

Jacobo, erreko zaitugu

Gizon bat urkatu dute udaletxe plazan. Osorik erre, eta errautsak han bertan utzi dituzte. Bere inguruan dantza egin dute herri osoan zehar gizon hau eraman duten txatxoek. Panpin bat zen gizon hori. Kilin-kilin, kilin-kilin. Han eta hemen entzungai dira txatxo horien kriskitinak. Ume ugarik daramate jantzita urkatzaileen mozorro koloretsua. Barañaingo txatxoak dira. Jacobo de Licras hil berri dute.
1996an egin zen lehen aldiz Jacobo de Licras pertsonaiaren urkamendua. Harizti Dantza Taldeak eta Ezpelur dultzaineroek berreskuratu egin duten pertsonaia historikoa. Barañaingo inauterietako ikurra bilakatu da, eta generazio oso batek bere egin du jada.
Hamalaugarren mendean, Nafarroako gortearen prokuradorea izan zen Jacobo, baina boterearen gehiegikerietan sartu zen, diru kontutan. Epaitu egin zuten, errudun; eta Iruñeako kaleetan zehar arrastaka eraman zuten, garaiko Barañainen hil arte. Orain, korrupzio kontuengatik hildako pertsonaia hau gogora ekariko dute barañaindar askok inauterietan. Suak izkutatzen du ustelkeria, dantzak eta musikak erdigunea bereganatzeko.
Nik txikitatik ezagutu dut inauterietan Jacobo de Licrasen erretzea. Eskolan gogoz itxoin genuen bostgarren mailan urkatzaile jantzia egin eta janzteko. Urtero, Alaitz eskolak berreskuratzen ditu Euskal Herriko inauteri anitzetako pertsonaiak; kurtso bakoitzak mozorro ezberdin bat prestatzen du. Barañaingo Txatxoen mozorroa bereziki kuttuna dut nik.
Lan astuna izan zuen amak loretxoz betetako tela haiekin mozorro polit bat egiteko. Ez dago Barañaingo txatxoen mozorroa erosterik, ez baita herritik kanpo egiten; urtero hamarnaka gutxi batzuk besterik ez dira josten, denak herriko etxeetan, familiek eginak. Barañaingo txatxoarena izan zen egin genituen mozorroen artean berez herrikoa zen bakarra. Barañaindarra. Harro egoterik badago. “Ez izan dudarik, Jacobo, berriz ere erreko zaitugula”.

Diseño y desarrollo Tantatic