Aszen Argandoña

Aszen Argandoña

2013-12-07

Irizpide kontua

Urte mordoxka da Nafarroako bi erakunde nagusiek, Iruñeko Udalak eta Foru Gobernuak, alegia, hizkuntza kontuetan ordura arte ez bezalako irizpide batzuen arabera jokatzea erabaki zutela. Herrestan etorri zitzaizkigun neurri ikaragarriak, euskara erabiltzea zailtzea helburu zutenak. Are gehiago, euskara begien bistatik kentzeko erabaki politiko mingarriak ere izan ziren tartean. Nafarroako hizkuntza komeni baino gehiago hedatzen ari zelakoan, nonbait, UPNk hizkuntza politika lehendik aski gogorra areagotzea erabaki zuen garaiaz ari naiz. Ez dira horren aspaldiko kontuak.

2001eko urtarrilean erabaki zuen gobernuak, esate baterako, legeak eremu mistotzat jotzen duen honetan gaztelania baino ez erabiltzea errepideetako trafiko seinaleetan eta euskaraz ere bazeudenak ordezkatzea. Gauza bera gobernuaren egoitzetako errotulu eta karteletan: berriak, gaztelania hutsean; lehendik ele bitan zeudenak, kendu eta gaztelania hutsezkoak jarri haien ordez. Publizitate instituzionalean beste hainbeste. Inprimakietan ere gaztelania baino ez. Herritarrak espresuki hala eskatuz gero, euskarak kutsatutako inprimakiak egiteko prest bazegoen ere gure gobernu eskuzabala.

Garbi zituzten hizkuntza irizpideak. Horiek ezartzeko adinako indarra ere bai. Nafarroako herritar euskaldunak iraintzeko eta mintzeko beldur gutxi, gu geure herrian atzerritar sentiarazten gaituzten erabakiak hartzeko batere lotsarik ez. Gaztelania babesten ari omen ziren, euskaraz ez zekiten herritarrak inork baztertu ez zitzan lanean omen. Aukera berdintasunaren alde omen ziharduten, euskaldunok administrazioan lana lortzeko abantailarik izan ez genezan.

Nafarroako euskaldun askok, ordea, ez ditugu, antza, hizkuntza kontuak haiek bezain garbi ikusten. Begirada lausotu egin zaigula esango nuke nik. Beldur gara gure mezua erdaldunengana iritsi gabe geldituko ote den, euskara lehenesten badugu eta gaztelaniaren aurretik jartzen badugu. Gaztelaniaz sortzen dugu adierazi beharrekoa, eta, gero, ez dugu esan beharreko hori euskaratzeko astirik izaten. Biak ageri diren euskarrietan ere gaztelania jartzen dugu aurrena, goian edo ezkerreko zutabean, hemen euskaldun guztiok gaztelaniaz ere badakigula kontuan hartu gabe. Laburbilduz, irizpide okerrak erabiltzen ditugu.

Horixe baita guztia, irizpide kontua.

Diseño y desarrollo Tantatic