Naroa Sarriguren

Naroa Sarriguren

Proposamen bat. Liburu guztien artean bat aukeratzeko gonbitea. Hartu, hasi eta ikusi. Ikusi aurrera jo ala bertan behera uztekoa gogoa duzun. Zer duzu galtzeko?

2017-01-26

Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako

Hik Hasi duela 20 urte sortu zen “euskal hezkuntzaren partaide garen guztion informazio, eztabaida eta elkargunerako bitarteko izan nahian”. Bere helburua bete du eta esan daiteke bere aldizkaria edo ikastaroak Euskal Herriko ikastetxe gehienetan oso ezagunak direla. Ibilbide luze hau emankorra izan da eta argitaratu dituen liburuetako bat hartu nahi dugu hizpide: Idazlea zeu zara, irakartzen duzulako.

Joseba Sarrionandiaren (Iurreta, 1958) ipuin-laburrez osatutako liburu honek ume, gazte zein helduak liluratzen ditu. Izenburuak berak literatura ulertzeko modu bat biltzen du, idazle eta irakurlearen arteko hartu-emana ezinbestekotzat jotzen duena hain zuzen. Testutik abiatuta osatzen du irakurle bakoitzak lana eta, beraz, interakzio horretan “idazten” du liburua.

Lierni Altuberen marrazkiekin gai zein estilo desberdineko ehun ipuindik gora biltzen ditu liburuak, ipuin edo mikro-ipuinak, batzuetan lerro gutxi batzuk aski direlako. Narrazio hauek irudimenari, ironiari nahiz hausnarketa edo pentsamendu kritikoari lotzen zaizkie. Hori dela eta, hainbat gai eta jarrera lantzeko ezin egokiagoa da eta ahalik eta etekin pedagogiko handiena lortzeko Hik Hasikoek proposamen didaktiko eta guzti kaleratu zuten. Baina lanaren arrakasta ikusirik, Dejabu panpin laborategiak eta Artedrama antzerki konpainiak liburuan oinarritutako antzerki lana ere sortu dute, haiek dioten moduan “ipuin kontaketa baten bidez, ipuinen lanketa sakonagoa egitea da xede nagusia”.

Dosi txikitan edo bata bestearen atzetik irakur daitekeen liburu hau irakurtzeko arrazoia Sarrionandiak berak eman digu “Espero dut irakurketa gozagarria izango zaizula. Hainbeste oinaze eta hainbeste umiliazio ikusten diren mundu honetan, batak besteari hainbeste min eragiten diola, atsegin apur bat eman ahal izatea ederra litzateke”.

Diseño y desarrollo Tantatic