Lorea Luzea

Elikadura: tresna eragilea eta osasun iturri

2017-03-24

Haragi eta esneki horiek guztiak kontsumitzen direlako

Soriako 20.000 behien ustiapena zer esana ematen ari da. Abeltzaintza ereduak ekartzen ari dira eztabaidara, arloan dauden eta falta diren erregulazio eta araudiak, baserri munduko ekoizle txikien lanpostuen arira alarma, esnea ona ala txarra den mila interes dantzan... bakoitzak bere aldeari gogor eutsiz.

Gizakia izan ala ez, izan da bizidunen interesek merezi duten errespetua finkatzen duen balore gorena. Eta honi jarraiki, aurpegi askorekin, onarpenez busti dira animaliekin egiten ditugun erabilpenak; elikadura orekatu baten diseinuan animaliak ezinbesteakoak omen direla, hainbat animalik gure zaintza gabe bizitzeko gai ote diren, ekosistema osasuntsu mantentzeko kate trofikoan egokitu zaigun papera bete behar dugula... Baina atzera ez alboetara begiratu gabeko ibiltze honetan, jatorrizko zentzuetatik/elkarbizitzatik aldendu gara era bat. Ez delako berdina familia bakoitzak urte osorako txerri bat hiltzea edo edozein astegunetan oilasko hegaltxoak jatea.

Eta ingurugiroa eta gure arteko oreka desegokiak gure kalterako izaten dira ere...

Ikerketa lan ezberdinek datu kezkagarriak jarri dizkigute begi aurrean; 2006rako abeltzaintza sektoreak suposatzen zuen gas isuriak, garraioena gainditzen zuen, lur eta uren degradazioaren iturri nagusiena bilakatu dela orduztik.

Haragiaren produkzio trinkoak, urak kutsatzen ditu, hondakin kimikoak sortzen ditu, estierkoletik (oxido nitrosoa) eta animalien digestio sistematik eratorritako (metanoa) gas arriskutsuak isuritzen ditu, baita euri azidoa sustatzen duen amoniakoa ere.

Esaterako, txekor kilo fresko bat produzitzeak, barazki kilo bat sortzea baino hamabost aldiz ur gehiago suposatzen du eta CO2 12 kg gehiago kutsatzen ditu, kotxez 200 kilometro egitearekin baliokidea dena.

Ez lukete horrelako ustiapen bat sortuko, hainbeste haragi edo esneki kontsumituko ez bagenu. Ekoizpen  eredu “jasangarri” edo orekatuagoekin, animalietatik eratorritako produktuak ezingo liratezke gaur diren bezain beste izan. Defentsa teorikoa entzuna da, praktikoa egiteko ordea, non erosi erabakitzeaz gain, nire ustez “zenbat” galderari so egitea garrantzitsua da ere.

Diseño y desarrollo Tantatic