Iñaki Martínez

Iñaki Martínez

XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.

2022-02-08

Grabatu nerabeen muxuak, badaezpada

Barañaingo Udalak bideokamerak jarriko ditu, besteak beste, Lakuko parkean. Plazaberrik publikatu zuenez, udalak hala justifikatzen du erabakia: kamerek delitu batzuk saihestea eta desagerraraztea dute helburu, eta baita udaltzainentzat baliagarria izan daitekeen informazioa biltzea ere. 

Segurtasuna eta askatasunaren arteko eztabaida leku askotan eman da mundu mailan, ez soilik kameren inguruan, baizik eta baita bestelako teknologia berriekin ere. Baliagarritasuna izaten da askotan teknologien aldeko aldarri nagusia. Baina hori ez da nahikoa. 

Kamerek badute eragina pertsonon jokabidean. Ez da berdin parke batean lagunekin bakarrik egotea, edo kamera bat aurrean duzula jakitea. Ez da berdin. Pertsonon jokaera aldatu egin daiteke kameren presentziarengatik soilik, eta ez da legez kanpo dagoen ezer egiten ari garelako, baizik eta norbait gu grabatzen ari garela jakiteak soilik eragina duelako gure ekintzetan. 

Lakuko parkea aisialdi esparrua da, eta gazte askok etxeko testuingurutik kanpo hor dute beraien bizitzako hainbat aspektu garatzeko lekua. Nork egingo du bertan asanbladarik kamerak daudela jakinda? Nork egingo ditu Barañaingo festetako betiko hainbat jarduera? Hamabost urteko nor joango da Lakura ezagutu berri duen eta baliteke bere lehen bikotea izango den horrekin arratsaldea pasatzera? Ezereza dirudi horrek, baina ez da hala.

2020ko konfinamendua amaitu zenetik, Lakuko parkean askotan egin izan dira festak, jende oso gaztea medio. Barañaindik kanpo etorri izan dira gazte batzuk, festa egitek bidea zegoelako. Istiluren bat ere gertatu da. Eta udaltzainak gainezka egon dira egun batzuetan, irudi ia barregarriak utziz, deus egin ezinean.

Egoera horiek problematizatu eta horien kontra jo du Udalak. Betiko Laku lasaia aldatzen ari zela ikusita, muturbeltz. Inor ez dagoen parke batean bat-batean gazteak daudela ikusita, arazoak. Eta horren erantzuna bertatik pasatzen den edonor grabatzea da. 

Baliteke 24 ordutan Lakuan gertatzen den edozer grabatzeak parkeari bere normaltasuna itzularaztea, hau da, parke isil eta hotza ezartzea berriz. Erabaki erraza da kamerak jartzea. Alferra. Eta azkenean, eragina zera izango da: hamabost urteko pare bat nerabe despistaturen lehen muxuak udaltzaingoen pantailetan zuzenean ematea, badaezpada. Txalo bero bat.

 

Diseño y desarrollo Tantatic