Aszen Argandoña

Aszen Argandoña

2015-02-01

Ez alferrik!

Horixe pentsatu nuen Barañaingo IKAko lankide batek urtarrilaren 28an Nafarroako Foru Parlamentuko Hezkuntza Batzordera joan behar zuela aipatu zidanean. Egun horretako lan-saioa Bildu-Nafarroak, Aralar-NABAIk eta Izquierda-Ezkerrak eskatua zen, AEK eta IKAren ordezkariek helduen euskalduntze alfabetatzeak Nafarroan duen egoeraren berri eman zezaten. Ez alferrik!
Izan ere, ederki asko dakite parlamentuan ordezkaturik dauden talde guztietako parlamentariak gure egoera zein den, gure euskaltegiek 2012ko urritik xentimorik ere ez dutela jaso Nafarroako Gobernutik, nahiz eta gobernuaren 2013, 2014 eta 2015eko aurrekontuetan horretarako kontu-sailean 245.000€ egon. Ederki asko dakite erabaki politiko horrek zenbaterainoko kaltea egin dien Nafarroa osoan azken 40 urte hauetan zerbitzu publikoa ematen ari diren bi euskaltegi sareei, Nafarroako AEKri eta IKAri, alegia.
Hamaika aldiz elkartu dira gure ordezkariak haiekin. Hamaika aldiz aztertu dute gaia urtarrilaren 28koa bezalako lan-saioetan, parlamentuaren osoko bilkuretan, parlamentuko talde guztiekin banan-banan egindako aurrez aurreko bileretan. Hamaika aldiz salatu dugu gobernuaren jokabidea egin ditugun mobilizazioetan: diputazio atariko hilean behingo elkarretaratzeetan, manifestazioetan, eta abarretan. Jakinaren gainean egon beharko lukete, itsu eta gor ez badaude behintzat. Eta gaur, 2015eko urtarrilak 30 dituen honetan, 831 egun dira egoera horretan gaudela. 831 egun dira gure euskaltegiak itxiarazteko Nafarroako Gobernuaren azken ahalegin ustel horrek. Ez alferrik! Ez baitute haien helburua lortu, ezta lortuko ere.
Hala ere, Internet bidez ikusi nuen beste behin ere zorioneko lan-saioa. Gustura entzun nituen gure ordezkarien azalpen argiak: helduak euskalduntzearen garrantzia, administrazioari zer egitea dagokion, herritarrek gure hizkuntza ikasi eta erabiltzea nahi izango lukeen gobernuak zer neurri hartu beharko lituzkeen, eta abarrak. Sutu egin nintzen, ordea, UPN, PP eta PSNren ordezkarien hitzak entzutean. UPNkoaren lotsagabekeriak, zinismoak, nazka eman zidan, gogorra baita AEK eta IKAren lana goraipatzen entzutea gu itotzen saiatzeko erabaki politikoa hartu duten berberak. PSNkoa, berriz, hor hasi zitzaigun bera ez dela “nazionalista” esaten, bera “munduko hiritarra” dela, eta antzeko beste kaikukeria batzuk, gaztelania garbian. Nafarrak nor garen eta nafarron hizkuntza zein den jakiteak mundu zabaletik aterako bagintu bezala. PPkoaz, azkenik, zer esan. Enpresa pribatu batzuen buruak zirela bota baitzien gure ordezkariei, lasai ederrean. Bai, Zarranz andrea, oso adimen zorrotzekoa zarenez, konturatu zara aberasteko asmoz ari garela euskara irakasten. Has gaitezen, beraz, lehenbailehen irabaziak banatzen!
Hori aski ez eta auzo-lotsaren gailurra UPNeko Carmen Gonzalesi esker erdietsi nuen. Carmenek Nafarroako Gobernuak AEK eta IKAri hemendik gutxira deituko diela iragarri baitzuen, irribarre ezin zuriagoa ezpainetan zuela. Ez alferrik! Aspaldi ikasiak baikara horrelako jendailari ezertxo ere ez sinesten.

Diseño y desarrollo Tantatic