Lorea Luzea

Elikadura: tresna eragilea eta osasun iturri

2016-12-19

Elikadura: tresna eragilea eta osasun iturri

Honakoa da Plazaberrin nire ekarpen txikia egiteko hautatu dudan izenburua. Lehenengo idatzi honetan hitz hauen aukeraketa arrazoitzeari ekingo diot, ea horrela, kolaborazioetan plazaratuko dudan edukia zein izango den ulertarazten dizuedan.

Elikadura, nutritzeko helburuz edo bestelako ohitura edo behar batzuei jarraituz, gure ahotik sartu eta irensten dugun oro bezala ulertuta landu nahiko nuke noski, baina ez soilik. Bestalako kontsumo ohitura batzuen bitartez, gure gorputzak, etxeak, denbora elikatzeari erreferentzia egin nahiko nioke noizik behin ere.

Tresna eragilea da elikadura, etengabean eta hil bitartean praktikatzen duguna. Ezin albora daitekeen ekintza izanda hau, egunero sortzen, mantentzen, desegiten dugu gure ingurua bera bitartez. Momentu zehatz bakoitzean ezdeus eman dezakeen hautua, eragin esanguratsu baten zati bat gehiago da. Baliabide eta kudeaketa mota baten edo bestearen alde apostu egiten dugu hautu bakoitzean. Eta eguneroko gure kontsumo hautuak ((bider)) bizi osoa = gizartean eragiteko dugun indar handienetariko bat (handiena ez bada) bihurtzen da, nire ustetan behintzat.

Osasun iturri baten moduan uler daiteke elikadura, birsortzailea, nahi dugunean botoia sakatu eta hala mantentzeko gure borondatea besterik eskatzen ez duena. Osasunak bide berean, bestelako balore eta jarrera batzuei zabaltzen dizkie ateak; poztasuna, sormena, ziurtasuna, adimenaren garapena… gizartean oihartzuna izango dutenak ere.

Norberaren gorputza naturarekin lehenengo harremana dugu, lehenengo kontaktua. Nekez sentituko du bere bazterrengatik ardura, bere urdailean zer erein planteatzen ez duenak. Hortaz, inguruarekin harremantzeko lehenengo maila dugu elikadura.

Kapitalismoak, jende gaixoa ezinbestekoa du; bere erritmoa bereganetzeko eskrupulurik ez duena, pentsatzen gelditzeko denborik eskaintzen ez duena, geldiunea jasaten ez dakiena, zer, non eta zergatik erosi hau eta ez bestea erabakitzeko astirik gabeko gizakiak, produkzio materiala edo aktibitate neurtuari men egin gabe galduta sentitzen direnak. Beren ezagutzak, osasunak eta gaixotasunak, azaleko geruzetan partxeak ipintzean datzan sisteman delegatzera kondenatuak daudenak alegia.

Elikadura eta kontsumo ohiturek gizartea egiten eta desegiten dutelako ere, jar diezaiegun arreta.

Izenburu zabala aukeratu nahi izan dut, zehaztasunetik orokortasunera bidean, saltoka ibiltzeko aukera zabalik uzteko; hainbat nutrizio aspektu landu nahiko nituzke, baita kontsumo ohiturak, edota medikuntza eredu ezberdinen teoria ezberdinak eztabaidara ekarri. Eskertuko nituzke, galderak, erantzunak, iritziak, eztabaidak, proposamenak.

 

Diseño y desarrollo Tantatic