Jon Matxain

Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.

2020-11-18

COVID19-ren aurkako txertoak: Pazientzia

Gaur egun bizi dugun pandemiarekin bukatzeko esperantza nagusienetakoa txertoa da. Honen harira, aurreko astean jakin genuen Pfizer farmazeutika estatubatuarraren iragarpena, prensa ohar baten bidez. BioNTech konpainia alemandarrarekin batera, garatzen ari diren txertoaren efikazia %90 ingurukoa omen da. Prentsa oharra argitaratu zenean, euforia nagusitu zen. Bazirudien pandemiaren bukaera gertu zegoela. Tamalez, argi eduki behar dugu gauza bat: Ez, oraindik pandemia ez dugu gainditu, eta hilabeteak oraindik beharrezkoak izanen dira horretarako. Hortaz, bada momentua egoera zein den lasai analizatzeko. Txertoen garapenerako estrategiak eta protokoloak azalduko ditugu, eta Pfizer-BioNTecheko iragarpena kontestuan jarriko dugu.

Lehenik eta behin, txertoak nola garatzen dira? Txertoa gure anbulategietara iristeko hainbat pausu gainditu behar ditu: i) Entsaio preklinikoak: in-silico (ordenadore simulazioak), in-vitro (zelula kultiboetan) eta in-vivo (animaliengan) egiten diren entsaioak dira. Pausoka egiten dira, eta in-vivo entsaioak gainditzen dituztenak hurrengo fasera pasatzen dira; ii) Entsaio klinikoak: Pertsonengan egiten dira, eta hiru fasetan burutzen dira. 1. fasean hamarnaka pertsonetako taldean probatzen da txertoa. Bigarren fasean kopurua handitu eta ehundaka pertsonen taldean probatzen da. Bukatzeko, azken fasean milaka pertsonen taldean probatzen da txertoa. Fase bakoitzean, gainera, itsu bikoitzaren prozedura erabiltzen da. Bolondres talde bati probatzen ari den txertoa jartzen zaie, eta beste taldeari plazeboa (eragina ez duen substantzia bat). Ez medikuek ez bolondresek, ez dakite zer jarri zaion talde bakoitzari. Informazio hori prozeduraren bukaeran ezagutzen da. Modu honetan aurreiritzien eragina saiesten da.

Zergatik horren prozesu luzea eta korapilotsua? Txertoek 3 gauza garrantzitsu demostratu behar dutelako: seguruak izan behar dira, sistema inmunearen erantzuna ziurtatu behar dute, eta gaixotasunaren aurka eraginkorrak izan behar dira. Erakunde independiente batek erabakitzen du 3 gauza hauek bermatzen direla, entsaioetan lortutako emaitzen analisi zientifikoa burutu ostean. Europan, Europako Medikamenduen Agentzia.

Aurreko astean ezagututako txertoa oraindik 3. Fasean dago, beste hamar bat txerto hautagai bezala. Jakinarazi zen informazioa 100 bolondresen emaitzak analizatuta lortutako ondorio preliminarra izan zen. Parte hartutako bolondres guztiekin lortutako emaitzak eta ondorioak urtarrilean ezagutuko dira, argitalpen zientifiko baten bidez. Txerto honek aurretik aipatutako hiru baldintzak betetzen dituen hortik aurrera ezagutuko dugu. Hori gertatzen bada, Europako Medikamenduen Agentziak onartu egingo du, eta orduan jendeari txertoa jartzeari ekingo zaio. Dena den, hau ez da erreza izanen. Distribuzioa eta kontserbazioa zailtzen duen ezaugarri bat du txerto honek: -80 gradu Celsius artean kontserbatu behar da.

Hortaz, zergatik egin da publiko berria oraindik pausu zientifiko guztiak eman ez badira? Arrazoia ekonomikoa da. Arrazoi hauek ihes egiten didate, baina antza denez konpainiak informazio hau kaleratu behar zuen merkatu ekonomikoei begira, batez ere burtsari begira. Ez dugu ahaztu behar konpainia farmazeutiko asko burtsan kotizatzen dutela. Osasun interesak aparte, hortaz, interes ekonomikoak eta politikoak ere badaude. Jakin izan dugun berria azken bi interes hauekin lotu genezake, gehienbat. Interes ekonomiko eta politiko hauek txertoa arriskutsua bihur dezakete? Nire ustez argi eta garbi esan behar dut ezetz. Izan ere, txertoaren onarpena Erakunde Independienteen esku dago. Honetaz gain, txertoa lortzen duen konpainia asko aberastuko den arren, txerto horrek kalteak eraginez gero, irabazitakoa baino askoz ere gehiago galduko luke.

Osasunaren ikuspegitik, berria oso positiboa izan da, baina ez behin betikoa. Zorionez, txerto hautagai hau bezala, beste hamar bat hirugarren fasean daude, eta beste hainbat entsaio klinikoetan. Honek guztiak optimista izateko oinarria ematen digu, baina nire ustez, pazientzia izan behar dugu oraindik. Egunotan jakin duguna oso esperantzagarria da, baina zientifikoki azken pausuak ematea falta da. Izan ere, txertoa ez da edabe magikoa, pandemiarekin egun batetik bestera bukatuko duen mirari bat balitz bezala. Txertoa lortzea ez da izango pandemiaren bukaera, pandemiaren bukaeraren hasiera baizik. Hori heldu bitartean, bidea oraindik gogorra eta luzea izan daiteke, baina zer egin behar den badakigu: distantzia soziala, jende gutxiko multzotan biltzea, musukoa, barrualdeko zonaldeen bentilazioa, esku-higienea eta horrelako neurriekin jarraitu behar dugu. Zorionez, orain, tunel honen bukaeran argi pixka bat ikusten hasi gara, baina oraindik túnel barruan gaude. Pazientzia izan behar dugu, atzerapausurik gabe tunelaren amaieraraino ongi heltzeko. Azkarregi korritu nahi badugu, gehiago atzeratuko zaigu tuneleko irteera hori. Eta okerrena, hildako gehiago eragingo ditu.

Bukaerako Nota: Iritzi artikulua idatzi bezain azkar, jakin izan dut Moderna farmazeutikaren txertoaren efizientzia %95koa dela esan dute. Pfizer-BioNTechen kasua bezala, hirugarren faseko emaitza preliminarrak dira, 90 bolondresen emaitzen analisiaren ondorioz lortutakoa. Berri hau oso positiboa da, eta artikuluan esandakoak berresten ditu. Oraindik falta zaigu emaitza hauen konfirmazioa jakitea hirugarren faseko emaitza guztiak kontutan izanda. Bitartean, pazientzia. Baina gaur, atzo baino baikorrago izateko arrazoi gehiago ditugu.

 

Diseño y desarrollo Tantatic