Iñaki Martínez

Iñaki Martínez

XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.

2019-04-18

Bozkaren ukazio diseinatua

Egun gutxi falta dira hauteskunde orokorretarako. Kanpaina joan den astean hasi zen eta mitinek albistegietako tartea bereganatu dute. Bi aukera: eskuinaren gobernua edo aldaketa. Erraza aukera, sinplea bozka. Horrela ba, diskurtso binario honetan murgildurik, betikoek instituzioetan duten indarra mantentzeko oinarria eraiki dute pentsamendu kolektiboan.

Bipartidismoak bozka erabakigarria edo efikaza bilatzen du; probintzia txikietan emaitza onak izatea ezinbestekoa da Kongresuan gehiengoak sortzeko. Hauetan izaten da bereziki garrantzitsua boto efikaz hori erakartzea. Nafarroan, bost diputaturekin, zaila da bozkaren pluraltasun osoa errepresentazio justu batean islatzea. Horrela ba, asko izango dira beraiek bozkatuko ez luketen partidu bat bultzatuko dutenak, gutxienez partidu horrek aukerak izango baitditu diputatu bat lortzeko, eta hirugarren bat baino hobea delako.

Espainiar demokrazia ereduan hauteskundeak dira herritarren ahotsa instituzionalizatzeko instrumentu garrantzitsuenak. Hiru dira instituzio hauen maila nagusiak: Estatukoak, Kongresuan; lurraldeetakoak, Parlamentu autonomikoetan; eta herri eta hirietakoak, udal biltzarretan. Legegintzarako hiru maila hauetatik datoz, aldi berean, Estatuko Administrazioko hiru dimentsioak. Bakoitzak bere betebeharrak ditu, garatu beharreko eginkizunak; nagusienak, halaber, sistemaren funtzionamenduaren oinarria direnak, Kongresutik datorren mandatuak bereganatzen ditu. Hauteskunde orokorretan, beraz, Estatuko funtzionamendu basikoena gidatzeko pertsonak aukeratzen dira.

Gaur egungo hauteskunde-sistemaren ezaugarri nagusia banaketa probintziala da. Kongresuko eserlekuen ehundik gora eserleku bost diputatu edo gutxiagoko probintzietan aukeratzen dira. Zirkunskripzio probintziala Konstituzioan dago idatzia, 68. artikuluan. Noski, artikulu hau ez da neutroa; erabaki politiko baten ondorioa da, eta beraz, testua egin zen garaiko interes taldeen lehentasunak islatzen ditu.

Diputatuen banaketak partidu handienek gehiengoak eratzeko erraztasunak izatea eragiten du, probintzia txikietan lehenengoak diren horiengan batez ere. Hemen dago gakoa. 1978an, UCD zen probintzia txikietan hegemonia zuena; hirietatik eta periferietatik zetozen eraldaketa indarren aurrean, hauteskunde-sistema zen frankismoarekiko haustura nahi zutenen aurrean erreformaren iritziak hauspotzeko pieza. El País-en publikatutako garaiko albiste batek azaltzen duenez, eskuin frankista erreformistak defenditzen zuen probintzien zatiketa; ezkerrak onartu egin zuen, UCDk berdin-berdin aurrera atera zezakeelako artikulua beraiek gabe, Aliaza Popular-arekin batuz.

Geroztik pasa diren 40 urte hauetan, bipartidismoa bihurtu da Estatuko sistema ekonomiko-sozialaren giltza. Egia da partidu gehiago sartu direla jokoan, baina hauekiko bozkaren banaketak 1978an zegoen botoen banaketa territoriala erreproduzitzen du; probintzia txikienak bipartidistak dira. Espainian erreforma sakonak egiten hasteko Kongresuko 2/3 behar dira gutxienez. Bipartidismoak probintzia txikietako indarra edukita, gizartearen benetako bi heren erreformaren aldekoa izango litekeen egoera hipotetiko batean ere, ezinezkoa izango litzateke aldaketak aurrera eramatea. Hauteskunde-sistemak Estatuaren eraldaketa sakonaren kontrako indarrak hauspotzen ditu, Espainian eman daitezkeen erreformen zailtasunak gogortuz eta finkatuz.

Hurrengo hauteskundeetan bozkatuko duzuenoi: hitza instituzioen transmititzea erabaki egokia eta razionala da, epe motzean nolabaiteko aldaketak bultzatzeko eraginkorra baita, foru eta udal ganbaretan batez ere. Baina bozka hau sistema baten barruan kontabilizatzen da, eta sistema ez da neutroa. Demokrazia-sistema konkretu bat ez da berez idealizatu behar; ahultasunak identifikatu eta kritikatzean datza aurrerapausoa. Gaur egungo Estatuaren sistema nork eta zergatik diseinatu zuen ezagutu beharra dago, diseinu honetan baitago erregimenaren legitimazioaren iturburua.

Diseño y desarrollo Tantatic