Mikel Lazkoz

Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.

2018-12-05

Behar baino lehenago amaitu ziren telesailak (I) : Carnivale

Telesailek urrezko aro bat bizi dutela guztiz nabaria da. Formatu honek duen ezaugarrietako bat da denboraldika ekoiztuak izaten direla, (kasu gehien-gehienetan) hau da, istorioak hamar, hamairu , hogei saiorako pentsatuak daude eta denboraldiak arrakasta badu , beste denboraldi bat izango du eta hala ez bada, hor bukatuko da. Honek gauza on eta txarrak ditu. Kasu batzuetan denboraldi baterako pentsatuak izan diren istorioak, arrakasta izatean, beste denboraldiak sortzera “behartuak” izaten dira eta honek kalitatearen jaitsiera nabari bat izatea dakar , istorioa modu behartuan luzarazteagatik gehienetan.

Baina beste kasu batzuetan, denboraldi bat baino gehiagorako ematen duten istorioak, arrakasta ez dutenean, modu bortitzean eten ohi dira. Kasu hauetako bat ekarriko dugu oraingoan gure txokora (lehenengoa izanen da baina ez azkena).

Carnivale telesaila Daniel Knauf estatubatuarrak sortu zuen, 2003an aireratu zen eta 6 denboraldirako pentsatuta bazegoen ere , ez zen bigarrenetik pasa ikusle kopuruaren jaitsiera eta ekoizpenak zuen aurrekontu altuagatik batez ere. Telesaila estreinatu zenean, HBO kate ezagunaren estreinaldi ikusiena izan zen eta bigarren denboraldia amaitzean bukaera eman zitzaionean, milaka zalek idatzi zioten kateari istoriarekin jarrai zezan.

Carnivalek, EEBB-ko 1929ko krisialdi handiaren hurrengo urteetan herriz-herri doan zirku baten istorioa kontatzen du, zehazki, zirku honetara batzen den eta dohai miragarriak dituen gazte batena eta bisio mistikoak dituen apaiz misteriotsu batena.

Telesailak oso estetika eta ekoizpen zainduak ditu, pertsonaia interesgarri pila eta misterioa eta ukitu “magikoak” maisuki nahasten ditu.

Telesailaren amaierarekin asaldatuta geratu ziren hoietako beste bat izan nahi baduzu eta Tyrion Lannister-en aurretik ipotx batentzako pertsonaia ikaragarri bat zegoela konprobatu nahi baduzu, (David Lynch-ek ezaguna egin zuen Michael J. Anderson handia) bila itzazu hortik Carnivale-ren bi denboraldiak, zeren nahiz eta gogoekin utziko zaituen ,esperientziak merezi izanen du.

Diseño y desarrollo Tantatic