Gutuna - Cartas

2022-05-31

Sarea indartuz, herri segurua eraiki

BerHeziz
Barañaingo Neska* Gazteak

Gogotsu espero genuen giroa bueltan da. Denbora luzez gure ohiko espazioetako aisialdia egokitzen ibili ondoren herria normaltasunez janzten da berriro. Herriko plazak beteta ikusten ditugu; tabernak, parkeak, kaleak… ilusioz beterik daude berriro. Gu ere bueltan gaude. Ilusio handiz ikusten dugu herria bizirik eta horregatik herria biziarazteko lanean jarraitzen dugu herriko kolektiboek. Neska* Gazteok ere pilak kargatu ditugu eta borroka etapa berri hau indarrez hartzeko prest gaude!

Normaltasunera itzulera hau poztasun handiz hartuko dugu, baina ez dezagun utzi ilusioak betiko mehatxuak izkutatu ditzala. Krisi garai honetan sistema indarberreiturik datorkigu, egunerokoan hamaika modu ezberdinez neska* gazteon bizitzak zeharkatzen. Datozen hilabeteetan mehatxu diren eraso berriak etorriko zaizkigu. Uda garaian areagotzen baitira gure gorputzak eta jarrerak kosifikatzen dituzten egoerak: gorputz eredu idealarekiko estereotipoak, arroparen inguruko epaiak, besta giroan bete beharreko papera...

Zer esanik ez, herriko jaien itzulerarekin. Bi urte daramatzagu jaiak bizitzen beste modu batean, ohiko eremu antolaturik gabe. Pandemia heldu arte, bolondres eta laneskuen bitartez jai herrikoiak antolatzen ziren, bertan erasoen prebentzioa zein erantzun kolektiboa bermatzen zelarik. Aurtengo apostua izanen dugu hori ere, bi urteren ostean kolektiboak saretuz, eredu horri heldu eta jai herrikoiak eraikiko ditugu.

Horregatik, lanean egon gara orain arte, besteak beste jaien prestakuntzan. Hemendik eta jaiak bitarte gure berri izango duzue Erasoen Aurkako Protokoloaren inguruan. Barañain seguru bat eraikitzeko denok dugu erantzukizuna, antolakuntza eta autodefentsa feminista oinarri, aurre egingo diogu edozein motatako eraso(tzaileari)!

Sarea indartuz, herri segurua eraiki. Neska* Gazteok autodefentsa feminista!

Diseño y desarrollo Tantatic