Larunbatean iritsiko da Korrika Barañainera, KLIKA lelopean.

Landabenetik iritsiko da larunbatean, apirilak 6, arratsaldeko 16:11etan

Argazkia: Sarea

Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Euskararen aldeko jarrera sustatzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. Horretaz gain, AEK-k antolatzen duen herri lasterketak Txillardegi omenduko du. Garesen hasiko da 21. Korrika, apirilaren 4an, eta Gazteizen amaituko da apirilaren 14an.

Barañaingo Korrika Batzordea buru belarri ibili da azken hilabeteotan prestaketa lanetan. Bertso poteoa, dokumentala, Korrika zunba, eta  kontzertuak antolatu dituzte azkeneko aste hauetan. Asteburu honetan ailegatuko da Barañainera euskararen aldeko festa erraldoia eta horren harira hainbat ekimen izanen dira herrian.

Gaur bertan, Barañaingo gazte eta haurrak izanen dira protagonista nagusiak, izan ere, arratsaldeko 15:00etan Korrika Txikia erdarazko haur eskolatik abiatuko da. Ekimen honek, Barañaingo ikastetxe eta institutuko 1.000 bat haur eta gazte bilduko ditu. Honen ondotik, arratsaldeko 18:30etan, talo jate eta tailerra izanen dira Haizea Elkartean. Bestalde, aste hauetan lekukoa eramanen duen pertsona aukeratzeko zozketa egin da, eta asteburu honetan jakinen da Korrika Batzordearen kilometroa eramanen duenaren izena.

Ibilbidea

Datorren larunbatean, apirilak 6, Korrika Barañainera iritsiko da, KLIKA lelopean. Hitz horrekin lortu dute euskararekin konpromezua hartzea. Barañainen 1.400 metro eginen ditu guztira.

Landabenetik etorriko da, arratsaldeko 16:11etan, Udalak, Alaitz Eskola eta Institutuak eta Korrika Batzordeak eramanen dituzte herriko kilometroak. Barañaingo Ingurubidetik sartuko da, ondoren, Ipar Plazako Etorbidea gurutzatuko du. Handik Iruñea aldera abiatuko da.

Itzulpena > Traducción

Este sábado llega la Korrika a las 16:11 a Barañain

Diseño y desarrollo Tantatic