2020-04-07 Kultura · Cultura

Konfinamendua euskaraz bizitzeko hiru aukera

Konfinamenduaren hirugarren astean sartu gara bete betean eta azkeneko informazioei begiratuz ziurrenik egoera hau Apirilaren amaierara luzatuko da gutxienez. Gaurkoan etxean euskaraz irakurtzeko, entzuteko eta jolasteko aukera ezberdinak plazaratuko dizkizuegu, guztiak doako aukerak.

OpenTTD; Barañaingo gazte batek euskaratutako bideojokoa

Doako bideojoko hau 90. hamarkadako Transport Tycoon Deluxe-n oinarritzen da, 2004ean askatu zuten kodea eta ordutik komunitate txiki batek gestionatzen du, berrikuntza etengabeak sartuz. Barañaingo gazte batek Euskal Herriko itzultzaile taldean parte hartu zuen duela zazpi urte, bideojokoaren string ezberdinei itzulpena emanez. 2012tik OpenTTD-k euskaraz jolasteko aukera ematen du, bere testuen %95a baino gehiago euskaraz topatuko ditugularik. Bideojokoan garraio enpresa baten buruak izango gara eta herri zein hornitzaile/kontsumitzaile ezberdinak konektatu beharko ditugu kamioi, autobus, tren, barku edo hegazkinen bidez. Interneten tutorial ezberdinak topa ditzakegu jokoan murgiltzera lagunduko gaituztenak, nola hasi jolasten, nola sortu geltoki bat, nola egin bi norabideko trenbideak... Orduak eta orduak jolasteko joko askea.

 

Booktegi.eus; euskal idazleen liburu, audio-liburu eta elkarrizketak 

Eusko Jaurlaritzako webgune honetan euskarazko liburuak topatu ditzakegu bai pdf-an zein ebook-etarako formatu ezberdinetan, eduki guztia doakoa izanik. Atal ezberdinak ditu web-orriak, ondo sailkatuak eta modu oso erraz batean aurkituko ditugu intereseko gauzak, euskal idazleei egindako elkarrizketak, audio-liburuak, poesiak...

 

Barañaingo Bertso eskolako bertso tutoriala

Barañaingo Bertso Eskolak tutorial bat prestatu du bertsotan hasi nahi duten guztiontzat. Ainara Ieregi irakasleak, eta Plazaberriko laguntzailea, oinarrizko argibideak ematen ditu modu errazean hurrengo bideo tutorialean. Lehen bertsoak egitera animatzen diren guztien lanak argitara eman nahi ditu Barañaingo Bertso Eskolak eta horretarako bi bide prestatu ditu bertsolanak haiei bidaltzeko: baranaingobertsoeskola@gmail.com helbidea eta 600-341925 WhatsApp zenbakia

Itzulpena > Traducción

-

Diseño y desarrollo Tantatic