2013-10-01 Kultura · Cultura

Bazkidetza kanpaina berria abiatu du Haizea Kultur Elkarteak

Era berean bost ikastaro eta egun bateko hiru jarduera antolatu dituzte urritik abendura arte.

Plazaberri

Haizea Kultur Elkarteak bazkide kanpaina berri bati ekin dio, gaur egun diren lagun kopurua handitzeko asmoz. Kuota eta ordainketa modu ezberdinak eskaini dituzte eta horretaz gainera, ikastaroak eta egun bateko jarduerak antolatu dituzte.

Haizea Elkarteko kide egiteko euskalduna izatea da eskatzen den baldintza bakarra. Bazkide egitera animatzeko erraztasunak ere ematen dituzte: 30 urte beherakoek ez dute sarrerarik ordaindu behar eta urte horiek gainditu dituztenek ere lehenengo urtean ez dute 600 euroko sarrera hori ordaindu beharrik. Hileko kuota 23 eurokoa da bazkide guztientzat eta sarrera bi urtetan, bost urtetan edo hamar urtetan ordaindu daiteke.

Diru horren truke bazkideek sukalde industriala izanen dute eskura, 80 pertsonentzako jantokia, umeentzako jolastokia, erabilera anitzeko gela, musika ekipoa, wifi eremua, ordenagailua eta telebista. Era berean, bazkidetzak “zure gustoko dituzun ekimenak antolatzeko aukera” ematen dizula adierazi dute Elkateko kideek.

Bazkide egiteko izen abizenak, jaiotze data, telefonoa eta helbidea idatzi eta elkarteko buzoian utzi daiteke eta elkarte kideek jarriko dira harremanetan interesatuekin.

Ikastaroak

Elkartean antolatzen diren ekimenetako batzuk ere aurkeztu dituzte Haizea Elkarteko lagunek. Bost ikastaro eskaini dituzte urritik abendura arte. Apuntatzen diren lagunen arabera zehaztuko dituzte datak, ordua eta prezioa.

Ikastaroen artean Nafarroako historiari buruzkoa emanen du Nafarroa Bizirik ekimeneko Bixente Serranok. 12 saio izanen dira, ordu eta erdikoak eta 50 euroko kostua izanen du ikastaro honek. Hori bai, gutxienez 15 lagunek eman behar dute izena. Halaber, umeentzat tailerra eginen da larunbat goizetan. Bertan, sexualitate tailerra burutuko da, erraldoiak eraikitzeko tailerra eta korala.

Sukaldaritza ikastaroa eginen da ere urrian zehar, lau arratsaldez. Eta elikadurarekin lotuta makrobiotika ikastaroa ere izanen da. Bukatzeko, mikolgia ikastaroa burutzeko asmoa dute, Euskal Herriko honddoak ezagutu eta irteerak egiteko.

Eguneko jarduerak

Ikastaroetaz gainera, egun bateko ekintzak antolatu dituzte. Teleskopioaz lagunduta eguzkia begiztatzeko asmoa dute. Jarduera bi orduko iraupena izanen du eta hamaiketakoa eginen da ere. Bestalde, txoriak eta narrastiak ezagutzeko txangoa egin nahi dute eta baita bertso-kata bat, ardo ekologikoa lagunduta eta bertso afariarekin bukatuko dena.

Ekimen hauen inguruan informazioa jasotzeko edo izena emateko haizeakulture@gmail.com helbidera idatziz egin daiteke.

Itzulpena > Traducción

Campaña para asociarse a Haizea y cursos hasta diciembre

La sociedad cultural Haizea de Barañain ha abierto un nuevo plazo de inscripción para ampliar el número de socias y socios. La única condición es ser euskaldun y se ofrecen facilidades de pago para las personas interesadas. Asimismo, han organizado un curso sobre la historia de Navarra, talleres infantiles y cursos de cocina, macrobiótica y micología. Finalmente, también han planteado actividades de día, como una sesión de observación del sol, una salida para conocer más sobre pájaros y reptiles, y una bertso-cata. Todas las actividades están dirigidas a personas euskaldunes.

Diseño y desarrollo Tantatic