2013-10-23 Kultura · Cultura

«Barrura eginiko bidaia da: ozeanoaren zonalderik sakonenetara, ur abisaletara»

Taldekideak, Cía, Ezkai, Matilla eta Valverde (Argazkia: Utzitakoa)

Arima Sutan taldean izandako Iker Cia eta Arkaitz Ezkai barañaindarrek sortu berri dute, Kerobiako Ruben Matillarekin eta Potentor taldeko Xabier Valverdekin, The Icer Company taldea. Taldeak diskoa kaleratu du uda honetan, "Ur abisalen espedizioa" tituluarekin eta hamaika kontzertu ematen ari dira Euskal Herrian barna. Abuztuan Akelamendin akustikoa eskeini zuten eta proiektu honetaz gehiago jakiteko abeslaria den Iker Cia gaztearekin hitz egin dugu.

Nola sortzen da proiektu hau?

Oso pixkanaka sortu da, izatez bazen proiektu pertsonal bat. Nik urte asko eman nituen Arkaitzekin Arima Sutan taldean, baina taldea banandu zen eta bi urtez inolako asmorik gabe joan nintzen etxean kantu akustikoak konposatzen eta grabatzen. Abestiak Arkaitzi erakutsi nizkion eta bera zerbait interesgarria ikusi zuen kantuetan eta pasatu zizkion abesti batzuk Ruben Matilla gitarristari eta honek bere etxean hasi zen kantuak gainetik musikatzen, nik jakin gabe, baina ondorioak erakutsi zizkidaten eta nahiko ondo zegoela ikusi genuen. Orduan baxua behar genuela eta, Rubenek Xabier Valverderekin harremanetan jarri zen eta honek bere etxean grabatu zituen baxu guztiak.

Orduan diskoa bakoitzaren etxean egin duzue?

Gure denbora librean grabatu dugu, baina prozesua luzea izan da, urte bat baino gehiago eman dugu horretan. Beste tresnak grabatuak genituela falta zitzaigun bateria grabatzea, etxean ezin delako egin, baina ez genuen estudio batetik pasa nahi. Soñadores Natoseko lagunen laguntzaz grabatu genuen bateria, eta oso naturala eta ondo atera da dena. Beraz, prozesua guztiz kontrakoa izan da, normalean estudioan sartu eta lehenengo bateria, gero gitarrak eta azkenean ahotsa grabatzen dira, eta hau aurkakoa izan da. Nahasketa guk ere egin dugu, internet bitartez eta lagunen laguntzarekin. Oso harro gaude egin dugun prozesuaz, kantuen esentzia bera hartu dugulako eta modu naturalean egokitu dugulako musika hasierako oinarri horri. Estudioetan batzutan galtzen da naturaltasun hori.

Euskaraz abesten duzue, baina taldearen izena ingeleses dago. Nondik dator izen hau?

Abestiak oso pertsonalak dira baina ez nuen nahi diska nire izenean ateratzea, gehiegi biluzteko beldurragatik edo. Orduan hitz jokoa asmatu genuen, nire izenaren inguran, Ikerretik Icer eta Ciatik Company, talde bat garelako. Gero baita diskoa hotza eta iluna denez, izena horren harira sortu genuen ere.

“Ur abisalen espedizioa” tituluaren atzean zer irudikatu nahi izan duzue?

Kantuak konposatu nituen bizi momentu latz batean; sorkuntza gabezi batetik ateratzen zait niri. Oso momentu konkretuei buruz hitz egiten dut baina distantziatik ikusita konturatu nintzen bidai pertsonal bat deskribatzen zutela. Bidaiaren inguruan metafora bat asmatu nuen. Barrura eginiko bidaia da: ozeanoaren zonalderik sakonenak ur abisalak dira, zonalde iluna da, hotza, oso ezezaguna, gure zonalde pertsonalak izan daitezkeen bezala. Eta espedizio eta erreskate baten inguruan hitz egiten da, kantuak baitira pertsonaren barrenerako espedizioa.

Mina, tristezia eta amorrua somatu daiteke zure hitzetan, "Ur abisalen espedizioa" abestira iritsi arte, non argia eta itxaropena aipatzen diren. Ez al da disko ilunegia?

Bai, azkenekoak badute argitasun puntu bat. Gustoko dut metafora hori, hondoa ukitu eta berriz gora joaterana, horregatik esaten da erreskatearena. Bada disko iluna, jendeak ere esan dit, nahiko dramatikoa naizela batzutan, baina argi puntuak ere badaude eta musika aldetik musikariek bestelako koloreak jarri dizkiete abestiei, argitasuna eman diete kantueei.

Gor disketxearekin kaleratzen duzue diskoa eta aldi berean libre deskargatu daiteke?

Ekainean gure kabuz ale batzuk atera genituen eta ez dakigu nola Gor disketxearen belarritara iritsi zen. Proiektua interesatzen zitzaiela esan ziguten, freskoa zela eta diska atera nahi zutela, nahiz eta guk jadanik aterata genuen. Orduan, beraiekin birrargitalpena egin dugu. Deskargatzearena gure erabakia da, gurea delako diskoa eta gure politika musika banatzea eta ahal den gehien zabaltzea da.

Bideoklip bat ere grabatu duzue. Zuena izan da ideia?

Dena lagunartean egin dugu. Gure lagun kazetari batek diskoaren historia ezagutu zuen eta bideoa egitea proposatu zuen, zerbait sinbolikoa egitea: ihesaldi bat, hotzetik berora doana, eremu arrotzetik eremu ezagunera, elurretik berdera, bakartasunetik lagunartera. Ideia sinplea da baina estetikoki oso ondo islatua dago zer den proiektu hau.

Talde bezala jarraitzeko asmoa duzue edo momentuko elkartze baten ondorioa izan da?

Ez dugu banandu nahi, oso ondo moldatzen gara. Laurok ezer egin gabe ginen eta bildu gara momentu perfektuan gure kabuz dena egiteko, poliki. Gainera kontzertuak emateko gogoa dugu. Hurrengo lanerako ideiak ateratzen ari dira, alaiagoa izango da, elektrikoagoa ere, orain denon artean eginiko zerbait izanen delako. Disko hau grabatu arte ez genuen elkarrekin entsegu bat ere egin eta orain elkarlanean jarraitzeko asmoa dugu.

Itzulpena > Traducción

Un viaje musical a las profundidades

Un viaje a lo más profundo de nuestros océanos interiores, a las gélidas y oscuras aguas abisales, es lo que ha hecho The Icer Company en su disco debut. Este nuevo grupo de música que lo forman los berinianenses Iker Cía y Arkaitz Ezkai, antiguos compañeros en Arima Sutan, junto con Ruben Matilla de Kerobia y Xabier Valverde de Potentor, ha publicado este verano "Ur abisalen espedizioa" (Discos Gor), un proyecto personal del cantante Iker Cía. El músico nos presenta esta nueva propuesta musical que puede descargarse libremente desde la página web del grupo.

Multimedia

THE ICER COMPANY - EZEZAGUNEN BILERA (Videoclip oficial, Bideoklip ofiziala, Official video)

Diseño y desarrollo Tantatic