2014-03-20 Kultura · Cultura

Arkada taldea gogoberriturik eskenatokietara igoko da bi abesti berriekin

Arkadako partaideak entsegu lokalean. Argazkia: Agustin Peña

Arkada taldea, Barañaingo laukote gazte bat osatzen dute. Mikel (kitarra), Juanillo (baxua), Aitor (bateria) eta Mikel (ahotsa). 2002. urtean proiektua besterik ez zenean zendutako gaztea zen Aritz Lazkoz ere bateria gisa aritu zen. Maketa osatu zuten 2006-2007 urteen artean eta 2008. urterarte ibili ziren kontzertuak ematen. Bi taldekideen atxiloketa zela eta taldearen ibilbidea eten zen. Eta gaur berriz ere itzuli dira zer esateko gogoekin.
 
Noiz eta nola sortu zen Arkada?

Barañaingo Gaztetxean elkar ezagutu genuen. Musikaz ez genekien apenas eta pixkanaka hasi ginen garatzen egun Arkada bezala ezagutzen dena.

Zein asmoekin eta zertarako bildu zineten? Nondik datorkio izen hori?

Asmo eta helbururik gabe hasi ginen. Jakinda non ginen baina jakin gabe nora gindoazen. Oso argi genuen zeintzuk ziren gure bizipenak ordea. Modu batean bizi genuena aldarrikatzeko edo kontatzeko.

Nondik datorkio izen hori?

Barruan daukagun gorroto, nazka, deserosotasun eta grina askatzetik datorkio izena.

Zergatik utzi zenioten jotzeari?

2008an taldekide bat atxilotu eta espetxeratu zuten eta aurrerago beste taldekide bat atxilotu zutelako utzi genion jotzeari.

Kontzerturik bereziena?

Lehenengoa izan zen bereziena. Zartako eta Vortex taldeekin jo genuen Gazte Asanbladaren laguntzarekin. Baimenik gabe eta autogestionatuta Zizur eta Barañain artean dagoen Ibai Parkean izan zen. Jotzen hasi ginenean `pikoletoak´ azaldu ziren arte.

Barañaingo Gaztetxea hustu zuten garaietan herria txakurrez beteta eta jendea kalean ere aurpegia ematen zegoen. Gaztetxearen ordezko bezala saldu nahi ziguten Barañaingo gazte lokal pribatu horretara Gazte Asanbladarekin batera joan eta baimenik gabe Vortex taldekoekin beste kontzertua eman genuen lasaitasuna apurtu asmoz.

Azkeneko kontzertua ere oso grabatuta daukagu gure memorian. Ardanazen izan zen eta atxiloketak egon aurretik eman genuen azkenekoa izan zen.

Zein zen zuen abestiekin zabaldu nahi zenuten mezua?

Intentzio eta helbururik ez genuen zehazki. Gure bizipenak, gure aldarrikapenak, gure miseriak, gure alaitasuna, gure kezkak, gure pozak eta gure gorrotoak askatzen genituen. Azken finean bizi genuen errealitate gordina islatzen genuen.

Gogora ekarri nahiko zenukete bizipen bat.

Proiektuarekin hasi ginenean, Aritz Lazkoz Arkadako bateria zen eta minbiziak harrapatuta bidean geratu zitzaigun. Horrek taldea markatu zuen bereziki eta bere omenez abesti bat egin genuen.

Jendartea asko aldatu da. Ez al dute zuen letrek eta mezuek zentzu gutxiago egun?

Gaur egun RIP edo 80. hamarkadako talde askok dauzkaten hitzek bere garaian baino gaurkotasun gehiago daukate. Guk 2002an hasi ginenetik egoera oso gutxi aldatu da, eta behintzat batzuondako gogortu direla uste dugu. Testuinguru berdinean gaude, errealitate krudel berdinean bizi gara.

Berriz ere kontzertuetan ikusi zaituztegu. Zergatik bildu zarete berriz?

Laurok berriro elkartu ginenean gogoekin genbilen jotzeko. Saskarraken lokalean, Txantrean, hasi ginen berriz ere. Oso gustora egon ginen eta gogoekin genbiltzala ikusirik jotzen hasi gara berriro.

Jendartean grina bat piztu nahian edo nostalgiagatik?

Gure behar bati erantzuten dion gauza da eta ez hainbeste jendarteari igorri behar diogun mezu bati. Guk bizi dugun hori askatzeko modu hau daukagu eta hor dago “itzulera” honen gakoa.

Zein proiektu berri dauzkazue?

Bi abesti berri egin ditugu eta horiek zabaltzeko kontzertuak ematen ibiliko gara ekaina bitarte. Uda eta gero ikusiko dugu grabaketa berriak egin edo ez.

Zein mezu zabaldu nahi duzue bi abesti hauekin?

Letrak agian pertsonalagoak dira baino gure betiko jarrerak erakusten dute: gure bizipenak... Hala eta guztiz ere bakoitzak interpretatu ditzala bere erara.

Barañaingo gazteriari zein mezu helaraziko zeniokete?

Sinisten duten horren alde egitea zabor guzti honen gainetik. Azken finean, aske izatea, aske bizitzea eta rokanrollaz disfrutatzea.

Gaur da Arrosadian lehengo kontzertua eta birarekin hasiko zarete.

Egia esan, kontzertu nahikotxo ditugu ekainerarte. Martxoak 22 Elizondon; apirilak 11 Txantrean; apirilak 12 Etxarriko Kateak astintzen fest; maiatzak 17an Ibarran; ekainak 13 Oreretan eta ekaineko amaieran Donibanen eta Barañainen.
 

Itzulpena > Traducción

Nueva andadura del grupo musical Arkada, con nuevas canciones y directos

El grupo musical Arkada está formado por los jóvenes de la localidad Mikel (guitarra), Juanillo (bajo), Aitor (batería) eta Mikel (cantante). Cuando aun era solamente proyecto allá por el 2002 el joven también de la localidad y ya fallecido Aritz Lazkoz era el batería. Sacaron a la luz su primera maqueta entre los años 2006 y 2007 hasta que su andadura se vio frenada por las detenciones de dos de sus miembros en 2008 y 2009.
Hoy es el día que han retomado esta andadura y los podremos ver en conciertos y además disfrutar de dos canciones nuevas.

Multimedia

ARKADA Cada dia

Arkada Marcados a fuego

Diseño y desarrollo Tantatic