2020-12-29 Kultura · Cultura

5 Barañaindar Izeta Bertso Sariketan

Iruritan jokatu zen Mariano Izeta idazle eta euskaltzain baztandarraren omenez antolatutako bertsolari gazteen sariketa. Igande goizean, abenduak 27, bi sailkapen saio egin ziren, eta bazkalostean, arratsaldez, finala. Orotara 16 bertsolarik parte hartu zuten bertan, haien artean 5, ia herena, Barañaindarrak izanik. Publikoaren zati handi bat ere Barañaindarrek hartu zuten, Barañaingo bertso eskolako hainbat kide egon baitzen han hasieratik bukaerara animoak ematen.

Barañaingo bost bertsolari gazteek emanaldi bikaina eskaini zuten, bertsolaritzari eskainitako egunari kolorea emanez. Beñat Astiz, Amaia Lasheras, Ainara Ieregi, Mikel Lasarte eta Sarai Robles igo ziren oholtzara hitzekin jolas egitera. Zortziko txikian eta koplatan ofizioka kantatu ostean, hitzari bertso bana abestu zioten, Beñaten bakarkakoa azpimarragarria izanik, hitz gisa "garagardoa" egokitu baizitzaion, eta hitza erraza ez bazen ere, entzule guztiak liluratu zituen. Amaiak, bere ohiko goxotasun eta ideia zorrotzekin jardun zuen, bere sailkapen saioak hain beharrezkoa zuen argia eta arnasa eskainiz. Ainara arin-arin ibili zen, teknikoki baino, ideien aldetik bere burua defendatuz. Bestalde, Mikelek betiko doinu, errima eta neurriekiko erreztasuna eta hitz jarioa erakutsi zituen, aintzat hartu behar da ordea, Izeta sariketa baino zertxobait lehenago Covid-19az eri egona zela, eta osatu berria egonda, oso ongi eta seguru kantatu zuela. Sarai izan zen, 16 parte hartzaileetatik, disdiratsuen ibili zena, bertsoak sentiberatsasunez eta senez josiz, doinu berezi eta ederrak erabiliz, eta hutsik egin gabe. Txapela irabaztetik oso puntu gutxira geratu zen, sariketako irabazle Xabat Ilarregi Leitzarra izan zen eta. Finalean, saio hura osatu zuten 6 bertsolarien artean 2 izan ziren gure herrikoak, berriz ere, herena. 

Orotara, egun bikaina igaro zuten bertsozaleek Iruritan, eta Barañainek bere bertso munduan duen pisu eta garrantzia erakutsi zituen beste behin ere. 

Itzulpena > Traducción

.

Diseño y desarrollo Tantatic