«Kolaborazioak egin ditut herrian baina gehiago parte hartzea gustatuko litzaidake»

Margotzeko zaletasuna oso gaztetatik duela dio Andoni Asenjo barañaindarrak. 29 urteko gazteak Arte Ederrak ikasi ditu eta arlo artistiko ugaritan murgildu da.

Wei Arts facebokeko profila sortu zuen Asenjok orain dela bi urte, eta bertan partekatzen ditu lan guztiak. Argazkia: Andoni Asenjo

Margotzeko zaletasuna oso gaztetatik duela dio Andoni Asenjo barañaindarrak. 29 urteko gazteak Arte Ederrak ikasi ditu eta arlo artistiko ugaritan murgildu da: ilustrazioa (digitala eta tradizionala), margoketa, muralak eta egun, tatuajeen munduan pixkana sartzen ari da. «Proiektu bakoitzak bere zailtasunak ditu, horregatik guztiak ongi amaitzea izaten dut helburu; hori da gustora sentitzea egiten nauena arlo batean ala bestean salbuespenik gabe».

Zer da WEI Arts?

2012an jarri nuen martxan Wei Arts facebookeko profila, eta bertan nire marrazkiak igotzen ditut. Garai horretan unibertsitateko lanak jartzen nituen eta gaur egun, egiten ditudan proiektu artistiko guztiak partekatzeko erabiltzen dut. Lagunek aspalditik Wei deitzen naute, eta margoketak horrela sinatzen hasi nituen. Dena den, noizbehinka nire izenarekin ere sinatzen dut.

Noiztik margotzen duzu?

Txikitatik margotzen dut. Nire gurasoek libretak eta boligrafoak erosten zizkidaten eta edonora eramaten nindutela, beti margotzen pasatzen nuen denbora osoa. Horrek zoritxarrez eskolan, eta ondorioz etxean, zigor bat baino gehiago kostatu zitzaidan, baina hori beste kontu bat da.

Arlo artistiko askotan mugitzen zara. Baten batean sentitzen zara gusturago?

Bai, egian esan arlo artistiko askotan mugitzen naiz: ilustrazioa (digitala eta tradizionala), margoketa, muralak eta tatuajeen munduan ere pixkanaka sartzen ari naiz. Proiektu bakoitzak bere zailtasunak ditu, horregatik guztiak ongi amaitzea izaten dut helburu eta hori da gustora sentitzea egiten nauena arlo batean ala bestean salbuespenik gabe.

Nondik datorkizu inspirazioa marraztean?

Inspirazioa leku guztietatik xurgatzen dut: musika entzuterakoan, kontzertuetan, pelikulak ikusterakoan (zinemaren fanatikoa naiz), komikiak irakurtzean, erakusketetara joaten naizenean, eta interneten jakina. Edonon aurkitu dezaket inspirazio apurtxo bat.

Egia esan ez dut artista gogokoenik, bakoitzatik zerbait interesgarria ateratzen dut, baina batzuk aipatzekotan hauek lirateke: Caravaggio, Rembrandt, Norman Rockwell, Alex Ross, Edward Hopper, Katsuhiro Otomo, Simon Bisley eta Lee Bermejo.

Zerekin disfrutatzen duzu gehiago margotzean?

Margotzean beti disfrutatzen dut, ez da galdera erraza, baina esango nuke nik nahi dudana margotzen dudanean gehiago disfrutatzen dudala. Hala ere, enkargu batzuk oso interesgarriak izaten dira; izan ere, beste modu batez inoiz ez pentsatuko nituzkeen gauzak egitera behartzen naute.

Barañaingoa zara, zer nolako lanak egin dituzu herrian?

Herrian Baragazterekin kolaboratu dut behin baino gehiagotan, graffiti erakustaldietan adibidez. Horretaz gain, Sahats euskaltegiak antolatu zuen Euskararen Astean kolaboratu nuen. Dena den, gustatuko litzaidake herriko gauza gehiagotan parte hartzea.

Zorionez azken urteotan zenbait musika talde nirekin harremanetan jarri dira haien disken portadak, logotipoak, kamisetak, kartelak etab. egiteko: Nekez, Raperos de Emaus, Tipitako, Insomnio Kroniko, Sakeo, Perranova eta Bourbon Kings, besteak beste. Badakit herrian artista ugari daudela eta gutxienez Iruñerrian, orokorrean, poliki-poliki mugimendu kolektibo artistiko gehiago sortzen ari dira

Erakusketak egin dituzu. Zer nolako harrera izan dute zure erakusketek?

Bi erakusketa egin ditut, bata Berriozarren eta bestea Iruñeko San Nikolas kaleko taberna batean. Berriozarren zinemaren inguruko koadro saila bat erakutsi nuen, film labur jaialdi batean. Oro har, jendearen gustokoak izan ziren erakusketak, eta adibidez, San Nikolasen egin nuen erakusketan bost koadro saldu nituen.

Erakusketa egon zen bitartean, behin tabernara joan nintzen eta konturatu nintzen bi koadro desagertu zirela. Larrituta, zerbitzariari galdetu nion eta honek esan zidan gizon batek paretatik kendu zituela, zerbitzariari ordaindu eta bi koadroekin tabernatik joan egin zela.

Baita enkarguz saltzen ditut koadroak ere. Dena den, eskatzen didaten enkarguak marrazkiak izaten dira, batez ere erretratuak.

Heldu den urterako proiekturen bat daukazu esku artean?

Denbora izanez gero, gustatuko litzaidake hainbat koadro margotzea erakusketa berri bat egiteko eta horretaz gain, web orrialde profesional bat egitea ere daukat buruan.

Itzulpena > Traducción

«Me gustaría colaborar más en proyectos de Barañain»

Desde pequeño ha tenido afición por la pintura el berinianense Andoni Asenjo. El joven de 29 años siempre tuvo claro que el arte era lo suyo y después de estudiar Bellas Artes a día de hoy trabaja en varios campos artísticos: ilustración (digital y tradicional), pintura, murales y tatuajes. «Cada proyecto tiene sus dificultades y por eso intento acabar todos bien; eso es lo que me hace sentir a gusto», reconoce.

En Barañain, ha colaborado con Baragazte en las exhibiciones de graffitis y recientemente con un mural en la Semana del Euskera. De todas formas, comenta que le gustaría participar en más proyectos locales. Además, en los últimos años ha creado portadas de CD, logos, camisetas, para diferentes grupos de música locales como Nekez o Raperos de Emaús.

 

Diseño y desarrollo Tantatic