«Gure eskubideak aldarrikatzeko ezinbestekoa da emakumeok sarean lan egitea»

Maider Lopezek Aitziber Ganuza barañaingo bolondresa elkarrizkatzen du, Mexikon izan dena emakume talde batean.

Ganuza erakusketako argazkiak erakusten (Argazkia:M.Lopez)

Aitziber Ganuza, 29 urteko barañaindarrak Donostian burutu zituen Psikologiako ikasketak, ostean Iruñean eman zituen 3 urte eta egun berriro dugu herrian, hemen bizi delarik. Psikologiako eta Terapia Familiarreko ikasketak bukatu eta Orientatzaile moduan egiten du lan zentru publikoetan. Izan ere baditu bestelako motibazioak; besteak beste, herrialde desberdinetako mugimendu edo kolektiboekin elkarlanean aritzeko programak burutzea: hezkuntza eta osasun programa Saharako kanpamenduetan, Mexikon “Yach’il Antzetik” izeneko Emakumeen Etxean aritu, eta abar.

Nola bururatu zitzaizun zure etxetik mila kilometrora dauden emakumeekin elkarlanean aritzea? Zergatik Mexikon?

Lagun batek EZLN taldeak Chiapasen egindako altxamenduaz geroztik elkartasun proiektuak aurrera eramaten urte asko pasatu zituen eta esperientzia ahaztezinak ekartzen zizkigun bueltan. Horrexegatik nik unibertsitatea hasi nuenetik horrelako elkartasun talde batean parte hartzeko asmoa neukan. Ikasketak amaitu bezain laster, Chiapaseko herrialdeetara joan nintzen emakumeen inguruko proeiktua aurrera eramaten laguntzera baita bertako egoera gertutik ezagutzera ere. Jasaten duten errepresioa, herri mailan, langile mailan zein emakume mailan gurearekin harreman estua izanda asko nuen ikasteko. Horrexegatik zuzenean Chiapas aukeratu nuen helmuga moduan. Hasiera batean herrialde txikietan egon nintzen, ondoren hirian egon nintzen San Cristobal de las Casas-en hain zuzen ere. Bertan “Yach’il Antzetik” izeneko Emakumeen Etxean aritu nintzen laguntza ematen. 3 hilabete eman nituen bertan eta orduz geroztik Nafarroatik bideratzen dugu laguntza.

Nolakoa da Chiapaseko emakumeen bizimodua? Zein da haien egoera sozio-kulturala?

Mexikon, giza eskubideak etengabe urratzen dira (ezin ahaztu aurreko udazkenean Igualako gazteen desagerpena) eta zalantzarik gabe emakumeen egoera ez dago berdintasunean oinarrituta. Egia da Zapatismoak aurrerapauso esanguratsuak eman dituela alderdi honetan, baina EZLNak barne hartzen ez dituen eremuetan emakumearen aurkako tratu txarrak ohikoak dira. Hedabideek emakumearen irudia edonola erabiltzen dute eta eskola arruntetan gai honekiko sentsibilizazio eta prebentzio lan handiagoa egin beharko lukete. Estatu mailan ez dira beharrezkoak diren neurriak hartzen eta guk hemen pairatzen ditugun ondorio asko amankomunean ditugu. Gu ere gazte eta emakumeak garen aldetik ez baitugu oraindik erabateko berdintasunik lortu.

Emakume ugari herrialde edo komunitate txikietatik hirietara doaz lan eske. Gazteenek lana zerbitzari gisa lortzen dute, baina askotan tratu txarrekin etxeko nagusiaren partez. Orokorrean neskek ez dute inora joateko aukera, tratu txarrak jasotzea gauza arrunta delakoan daude, etxean ere horixe ikusi baitute. Askok ez dituzte beraien eskubideak ezagutzen, eta ezagutzekotan, ez dute aldarrikatzeko aukerarik. Kontuan hartu beharra dago emakume hauek herritar indigenak izanda, ez dutela gaztelera hitz egiten, ez dutela babes familiar edota ekonomikorik eta beraien buruarekiko irudi ahula eraiki dute. Bakardadea sentitzen dute, horregatik ezinbestekoa bihurtzen da egoera hauen aurrean laguntza eskaintzea. Gure eskubideak indarrez aldarrikatzen jarraitzeko ezinbestekoa da emakumeok sarean lan egitea eta beraiek ere sare horretan sartzean hobekuntza eta aurrerakuntza nabaria burutzen dute, fisikoki zein psikologikoki.

Nolakoa da aipatu duzun Emakumeen Etxea? Zein da helburua?

“Hogar Comunitario Yach’il Antzetik” izena du, maiar hizkuntzan emakume berriak esan nahi du eta horixe da helburu orokorra: emakumeei laguntza eskaintzea ezagutza, boterea eta indarra lor dezaten. Etxean haurdun dauden emakumeei 8 astez jarraipena egiten diete, erditzea prestatzen dute eta bertan modu naturalean erditzen dute. Horrekin batera, gainontzeko emakumeekin batera formakuntza saioak jasotzen dituzte: idazten eta irakurtzen ikasten dute, eskubideak ezagutu eta aldarrikatzen ikasteko prozesua aurrera eramaten da, eskulan tailerrak egiten dituzte, umeak hezitzeko ikastaroetan parte hartzen dute…

Bestalde, lehen aipatutako emakume sareak sortzen dira: elkarri laguntzen eta babesten diote eta antzeko esperientziak konpartitzean beraien egoera salbuespena ez dela ohartu eta aurrera jarraitzeko indarra berreskuratzen dute.

Orokorrean, zein da emakume horien profila?

Guztiak indigenak dira (Tzeltal, Tzotzil, Tojolabal eta antzeko maiar indigenak). Zerbitzari moduan lanean egon, jabeen edota beraien semeen eskutik bortxatuak izan ondoren etxeetatik kanporatuak dira asko eta babes bila doaz Yach’il Antzetik egoitzara. Badira zuzenean komunitateetatik datozenak ere, zeinen egoera batzuetan larriagoa den: familiakide batek bortxatu (osabak askotan), eta haurdun gelditzean herrietatik alde egitera behartuta daude, familiaren ohorea zapuzten dutelakoan. Orduan hirira abiatzen dira, laguntza eske. Deigarriena nesken adina da oso gaztetxoak baitira denak. Nik 22 urte nituen han egon nintzenean eta zahar ikusten ninduten, pentsa!

Eta zuk? Zein zen zure zeregina?

Nik beraien ekintzetan parte hartzen nuen eta alfabetizazio programan aritu nintzen bereziki. Halere, egunerokotasuna konpartitzea izan zen zeregin handia. Askok ez dute inoiz lasai hitz egiteko edo emozioak identifikatzen ikasi eta adierazteko aukerarik izan beraz eremu hori eskaintze hutsarekin laguntza ematen zaie. Emakume batekin epaitegira joan behar izan nuen tratu txarren inguruko salaketa jarri nahi zuelako, beste bati adopziorako prozesuan lagundu nion… Denetarik pixkat, baina esan bezala denbora elkarrekin pasatzea, beraien adierazpenak entzun eta nik ere nire esperientziak trasmititzea nuen zeregin nagusi. Gazteak eta emakumeak izanda, beraiek ere gure bizimoduaren berri izan nahi zuten.

Esperientzia honen ostean, hango ete hemengo emakumeen artean berdintasunik somatzen duzu? Eta desberdintasunik?

Emakumeak garen aldetik amankomuneko gauza asko ditugu, bai han baita hemen ere lan handia egin beharra dago eta horretan berdin gabiltza. Oso antolatuta daude, etengabe eskubidea aldarrikatzeko beharra sentitzen dute eta lan munduari begira, oraindik gizonezkoen baldintzak hobeagoak dira. Gainera, emakumearen aurkako erasoak behin eta berriz errepikatzen dira, zoritxarrez horretan ere gure antzera dabiltza. Egia da Chiapasen bortxatutako emakume kopurua hemengoa baino altuagoa dela, are gehiago haurdun geratzen direnen kopurua, baina esan bezala bi lurraldeetako gobernuek erantzukizun handiagoa izan beharko lukete.

Zein da Emakumeen Etxean bizitutako oroitzapenik positiboena? Eta gogorrena edo latzena?

Chiapasen pasatu nituen hilabete guztiak politak izan ziren, beraz oroitzapen positiboa bidaia bera da. Halere, azpimarratuko nuke erditzear zegoen emakume batekin pasatu nuen eguna. Aitak jipoia eman ondoren aldaka apurtuta zuen eta min ikaragarria sentitzen ari zen. Ez genion hitzez elkar ulertzen, orduan ohartu nintzen komunikatzeko beste moduak sekulako garrantzia duela. Latza baina berezia izan zen. Umea primeran jaio zen eta emakumeak poztasun handia sentitu zuen. Beti gogoratuko ditu erditu aurreko negar malkoak, aldaka apurtu zionarekin amorruz gogoratuko zen. Nik behintzat amorru hura sentitu nuen.

Eta orain Nafarroan zaudetela, emakumeen inguruan, bereziki martxoaren 8aren inguruan, aktibitaterik egiten al duzue?

Bai, Ekologistak Martxan taldekideak gara eta Nafarroan Chiapaseko emakumeekiko sentsibilizazio lana egiten dugu. Hitzaldiak, argazki eta informazio erakusketak, bideo emanaldiak, artisau salmenta, kontzertuak… egiten ditugu. Martxoan, esaterako Leitzaldean izanen ditugu argazkiak, bereziki hilaren 8ak duen balioagatik. Iruñerrian ekintza dexente egiten ditugu eta udalek ematen diguten diru laguntza Chiapasera bidaltzen dugu proiektuarekin aurrera jarrai dezaten.

Emakumearen egunak herrialde askotan geroz eta garrantzia handiagoa hartu du eta horrela izaten jarraitu behar du. Emakumeon eskubideak urratzen diren bitartean ezin geldi gaitezkeelako. Oraindik lana dago egiteko, beraz jarrai dezagun lanean.

Itzulpena > Traducción

Entrevista a Aitziber Ganuza, voluntaria de Barañain en una asociación de mujeres en México

La joven berinianensa Aitziber Ganuza colabora desde hace años con el Hogar Comunitario Yach’il Antzetik (Mujeres Nuevas) de San Cristóbal de las Casas, Chiapas. En él, se acoge a mujeres solas y sin recursos socio-económicos con embarazos no planificados, víctimas de abusos y violaciones. Se llevan a cabo diferentes actividades formativas como artesanía, alfabetización, talleres de derechos humanos… así como seguimiento y preparación al parto. Además, las mujeres tienen la posibilidad de dar a luz en dicho hogar de manera natural. Gracias a las subvenciones de ayuntamientos navarros, desde Ekologistak Martxan apoyan este proyecto llevando a su vez, actividades de sensibilización como charlas, proyecciones, exposiciones fotográficas, conciertos…. «Que las mujeres trabajemos en red es la mejor manera de continuar luchando por nuestros derechos», señala Aitziber. Más información en los blog:

http://mujeresmayasmujeresnuevas.blogspot.com

http://emakumemaiakemakumeberriak.blogspot.com

Diseño y desarrollo Tantatic