Euskara eta kaqchikel hizkuntzak sorkuntza kolektiboaren aterkipean

Pasa den ostiralean, hilak 18, Alaitz institutuko berrogei bat ikaslek sorkuntza kolektiboaren inguruko hitzaldi bat jaso zuten, eta adi-adi, interes handia agertuz, Guatemalako kaqchikel hizkuntza eta kulturan murgildu ahal izan ziren. Hitzladi hau Barañaingo Udaleko Euskara zerbitzuak antolatu zuen, Garabide erakundearen eskutik. Azken hau, hizkuntza lankidetzarako gobernuz kanpoko erakundea da, munduko hainbat txokotan lan egin izanaz gainera, Guatemalako kaqchikel eta kiche komunitateei bisita egin eta haien hizkuntzaren aldeko ekarpenak egiten ibili dena.

Ostiraleko hitzaldiak hiru zati izan zituen. Lehena, "Hatzamarka" kolektiboaren azalpena izan zen. Alaitzeko gazteek sorkuntza kolektiboa oinarri duen gazte talde honen berri eduki ahal izan zuten, xedea, Iruñerriko artista euskaldunak saretzen hastea. Euskalduntasunaren elementuari eman izan diote garrantzia hasiera hasieratik, eta hau da proiektu osoa egituratzen duena. Bestalde, kolektiboan sortzearen ardatza dute, euskal kultura adierazpide duten talde askok erabiltzen dutena, musikariek, bertsolariek... Ez ordea idazle edo marrazkilariek, sarri bakarka egiten diren jardunak baitira, eta horixe bera ekarri nahi izan du kolektibo honek mahai gainera. Elkarlanean liburu bat sortu izanak zer ikasi ugari ekarri die Hatzamarkako taldekideei, eta halaxe azaldu zieten Erabilera anitzeko aretoan bildu zirenei.

Bigarren zatian, Cecilia Tuyuc ezagutu ahal izan zuten ikasleek, Guatemalako aktibista digitala, Wikipedia kaqchikel hizkuntzan sortzen ari dena, euren hizkuntzari adiera eta lehentasuna ematearen aldeko aldarrikapen gisa. Cecilia lehen hezkuntzako irakaslea da, Kaqchikel eskolak ematen ditu, eta gainera Unibertsitate Maian egiten du lan. Azken hau, irakasleak Kaqchikelean formatzeko herri ekimena da. Herri txiki  Kaqchikeldar batean jaio zen Cecilia, eta sei urte zituela hirira bizitzera joan zenean, diskriminazioa pairatu zuen, bere ama hizkuntzan baino hitz egiten ez zekielako, eta hirian gaztelania mintzatzen zen. Wikipedia itzultzearen helburua, kaqchikel-ak bizirik iraun dezan da, bere hiztunak erabiltzeko libre senti daitezen. Bere hitzetan, "orain ez da jada harrietan idazten, baina eremu digitalean idatz dezakegu". Bere erronka nagusia egunerokoari sarean toki bat egitea da, gainontzeko jendeak jakin dezan zeinen garrantzitsua den kaqchikela haientzat, arrazista eta diskriminatzailetzat deskribatzen duen herrialde batean.

Guatemalan hezkuntza publikoan ez dago murgiltze eredurik hizkuntza indigenetan, eta aukera bakarra Hezkuntza Elebiduna deritzona daukate, oso azaletik eta interesik gabe lantzen dituena bertako kultura eta hizkuntzak. Kasurik onenean, sare publikoan, bi ordu baino ez dizkiote eskaintzen hizkuntza indigenari, eta sarri, ikasgaia ematen duen irakasleak ez du hizkuntza bera ezagutzen. Salatu zutenez, etxean hizkuntza indigena bat ibiltzen duen haurrak, askotan, sistema honek erdalduntzen ditu. Beraz, hezkuntza publikoaren egituretatik kanpo, kaqchikel komunitateak Ruk'u'x Qatinamit eskola sarea sortu du, haur eta lehen hezkuntzan kaqchikelezko murgiltze eredua helburu duen eskola sare bakarra.

Hitzaldiaren hirugarren zatian, azkenik, bertaratu ziren ikasleek laburmetrai berezi bat ikusi ahal izan zuten, Mondragon unibertsitateko hiru ikaslek eta Guatemalako sei lagunek egina. "Rabinal Achi" izenpean, kaqchikel hizkuntzan egina da, euskarazko azpitituluekin, bi hizkuntzen arteko zubi bat irudikatu nahi izan zuten horrela. Animazio film laburra zen, Guatemalako kondaira bat azaltzen zuena, gerlari legendario baten abenturak.

Ikasleak liluratuta geratu ziren 5.000 urte dituen Maiar jatorrizko hizkuntza hau ezagututa, eta galdera ugari egin zituzten hau hobeki ezagutzeko. 

 

Itzulpena > Traducción

Los idiomas euskara y kaqchikel bajo el paraguas de la creación colectiva

Diseño y desarrollo Tantatic