Aitor Merino, berarekiko maitasun eta gorrotoaren artean astronauta bihurtu daitekeen aktorea

Madrilen elkarrizketatu du Iruñe Astizek Aitor Merino aktore eta zinemagilea.

(Argazkilaria: Iruñe Astiz)

Azken urtean Aitor Merino ezaguna egin da Euskal Herrian bere arrebarekin, Amaia Merino, batera egindako “Asier ETA Biok” filmarengatik. Askoren gustuko, jaialdi ezberdinetan aurkeztu dute haien lana, sari aunitz irabaziz. Gran Viatik gertu dagoen plaza batean hitzartu gara Aitorrekin. Callao plaza ezaguneko metro sarreran elkartu gara. Aktorea jende artean ateratzen da eta azkenean elkar desbirtualizatzeko aukera dugu [orain arteko harremana sare sozialen bidez izan baita].  Larunbata izan arren, ez dago jende askorik inguruan. Hala ere, inguruko kaleetan barneratzen gara elkarrizketa lasai egiteko toki baten bila. Hutsik dagoen taberna baten terrazan esertzen gara. Aitor bere zigarro elektronikoa xurgatzen du aldarte xelebreko zerbitzariari edariak eskatzen dizkiogun bitartean.

Elkarrizketa euskaraz izango den galdetzen du. Bideo kameraz grabatu dugu elkarrizketa, eta gazteleraz hitz egiten erraztasuna badu ere, euskaraz egiten du, oso ongi gainera. Igarri egiten da Madrilen urteak eman eta gero dokumentalaren aitzakiarekin euskara berriz hitz egiten hasi dela. Hori da, azken finean, etorkizunean hobetu nahi duena eta horretarako euskara ikasi nahi duela aitortu du.

[Zerbitzariak eskatutako edariak dakartza, baita patata 'boll' txiki bat ere. Ohikoa da edariarekin batera horrelako ‘tapa’k ateratzea] «Irailean hasi ginen obra bat egiten, hemen Madrilen. 'Smiley' izeneko komedia erromantiko bat da, bi gizonen arteko harremana kontatzen duena. Oso ezberdinak diren bi gizon kasualitatez ezagutzen dira eta maitemindu egiten dira: Aldi berean atrakzio eta gorroto ikaragarria sentitzen dute bestearekiko. Ez dute besteak defendatzen duen bizitza estiloa gustuko, baina azkenean maitemintzen bukatzen dira. Maitasuna eta ezberdintasunak; hori da gauza».

[Obra oso barregarria eta dibertigarria da. Gomendagarria zinez] «Oso polita eta barregarria da antzezlana: Ikusleek barre asko egiteaz gain, asko txalotzen dute. Dagoeneko hilabete eta erdi daramagu Lara antzokian, eta orain Independiente antzokira aldatuko gara. Pelikula ("Asier ETA biok") egin ondoren aktore bezala lan egitea beharrezkoa nuen».

[Donostian jaio zen eta gurasoen lan kontuen harira 7 urterekin Iruñerrira joan zen bizitzera. Barañainen bizi izan zen eta 16 urterekin Madrilera joatea erabaki zuen] «Donostian jaio nintzen eta oso txikia nintzen arren, gauza ezberdinez gogoratzen naiz noizbehinka. Zazpi urte nituelarik, nire aitak Donostian zuen lana bukatu eta Iruñera joan behar izan genuen lan bila. Gurasoek lana behar zuten eta Barañainera joan ginen. Bertan etapa berri bati hasiera eman genion. Nahiz eta Iruñean, ikastolan, ikasle txarra izan eta udak ikasten eman behar nituen arren, oso oroitzapen politak ditut. Ikasketetan oso txarra nintzen, ez zitzaidan ikastea gustatzen».

[16 urterekin gurasoen etxea utzi eta Madrilera joan zen maite zuena, antzerkia, ikastera. Ez zitzaion asko kostatu ordea, Madrilen bere lekua topatzea] «16 urte nituela, gurasoen babesarekin, Madrilera antzerkia ikastera etortzea lortu nuen. Hemen ondoan dagoen hostal batean bizi nintzen. Eskola batean ikasten nuen. Lehengo hilabeteetan, lehenengo urteetan, Madril oso handia egiten zitzaidan, beldurgarria. Baina, aldi berean, abentura gisa, hori nahi nuen: hiri handia, gauza berriak ezagutzea».

«Iruñea txikia gelditzen zitzaidala ez da egia. Baina egia da nik kalean ezezaguna izatean nahi nuela. Hiri handi batean inorekin ez aurkitzea errazagoa da. Egia esan, ez dakit zergatik egin nuen. Antzerkia ikasi nahi nuen eta hori zen garrantzitsuena. Madrilek beldurtzen ninduen, Iruñearekin konparatuta hiri handia zelako; baina era berean, hiri handi baten beharra nuen. Izan ere, aktorea izatea errazagoa da Madrilen».

[Lehengo urtea zaila izan zen arren, oso oroitzapen politak gordetzen ditu. Iruñea eta Madril oso desberdinak ziren] «Gogoratzen dut Gran Viara ateratzean eta norbaitek dirua eskatzen ikustean asko beldurtzen nintzela. Ez nengoen ohituta horrelakoak ikustera, Iruñean horrelakorik ikusten ez nuelako. Hori gertatzen zenean, ez dakit zenbat diru ematen nion segituan tipoari. Azkenean, ohitu egin nintzen: oraindik mantentzen ditudan lagun berriak egin nituen eta interpretazio klaseetara joaten hasi nintzen, niretzat biziki garrantzitsuak bihurtu zirelarik».

«Nahiz eta familia eta lagunekin harreman ona izan, ez nuen inoiz pentsatu hemen nuena utzi eta Iruñera bueltatzea. Oso gaztea nintzen arren, oso azkar moldatu nintzen. Momentu zail eta txar asko bizi izan ditut, asko; baina ez, 'ezin dut gehiago, utziko dut' pentsatzeraino».

[Madrilera joan baino urte batzuk lehenago ziur zegoen ez zuela Espainiako hiriburua zapalduko] «Gogoratzen naiz hori gertatu baino lehen esan nuela: “ni ez naiz Madrilera joango, ezta pentsatu ere”. Ezinezkoa zen pentsamendu hori, eta gero gertatu zen! Horrelakoa da bizitza…»

[Telesail gutxi batzuetan agertu ostean, 1995ean Historias del Kronen grabatu zuen Montxo Armendariz zinemagile nafarraren zuzendaritzapean. Gidoi egokitzapen onenaren Goya saria eskuratu zuen pelikulak Goya sarien X. edizioan. Horretaz gain, nazioartean oihartzun handia izan zuen, filmaren aktoreek nazioarteko zinemaldi ezberdinen alfonbra gorriak, normalean, zapaldu zituztelarik] «"Historias del Kronen" filmeko frogak atera zirenean, eskola bukatzear nengoen eta asko beldurtu nintzen. Gogoratzen naiz ez nuela frogetara aurkeztu nahi, hain beldurtuta nengoen... Amaiari, nire arrebari, eskatu nion bertara deitzea eta gaixorik nengoela esatea. Horrela egin zuen eta ez nintzen joan. Astebete beranduago berriz deitu ninduten eta joan behar izan nuen; oraingoan ezin nuen aitzakiarik jarri. Oso ondo atera zen. Gero berriro deitu ninduten beste froga bat egiteko eta oso ondo atera zen hau ere. Montxorekin eta beste kideekin oso ondo ulertu ginen».

«Pelikula filmatzen ginenean ez genuen pentsatu zenbateko arrakasta izango genuen. Bat-batean Canneseko festibalean ikusi genituen gure buruak, sekzio ofizialean. Pelikulak izugarrizko arrakasta izan zuen. Momentu horretatik aurrera lan asko atera zitzaidan.  "Historias del Kronen" oso garrantzitsua izan zen niretzat».

[Oihartzun handia izan duen lana izan da bere arrebarekin, Amaia Merino, batera zuzendu duen dokumentala. Aitor eta Asier Arangurenen arteko adiskidetasun harremanaren bidez, ETAren eta euskal gatazkaren zergatiak azaltzen saiatzen dira. Denetariko kritikak izan dituen arren, orohar kritika onak jaso ditu] «Madrilen bizitzea eta euskalduna izatea ez da erraza. Behar hori neukan, ez bakarrik Asierri buruz hitz egiteko; biok dugun harremanaz baizik. Alde batetik, Asier espetxeratu zutenetik, lagunekin edota bizitza normalean zer nolako bizipenak izan ditugun azaltzea zaila suertatzen zitzaidan. Politikari buruz hitz egitea orokorrean oso zaila da Madrilen. Baina era berean, barrenak amorruz beterik, hori azaltzeko behar hori pelikula bat izan behar zuela pentsatu genuen. Ez genuen pentsatu pelikularik egingo genuenik, oso kamera arrunt batekin joan nintzen Asier askatu zuten egunean. Horrela hasi ginen pelikularekin».

[Amaia Merinoren ideia izan zen dokumentalarena. Zerbait egin behar zutela adostu zuten] «Asier askatu zutenean ni han agertu nintzen, kamera batekin eta zuhaixka baten atzean ezkutatu nintzen. Berak ez zekien ezer. Aurrerago ideia kontatu nion eta oso ondo iruditu zitzaion. Egia da, pelikularekin aurrera egin ahala, guk pentsatzen ez genuen beste zirrikituetatik bidea egin zuen. Gauzak horrela gertatu ziren. Pelikulan ere bildu nahi izan genuen Asier eta bion artean dauden desberdintasunak eta horretan sartzea zailagoa suertatu zitzaigun. Baina beno, konfiantza handia dugu biok eta asko maitatzen dugu elkar. Horrek gauzak errazten ditu. Pelikula egin ahala, konturatu naiz ze zaila den norberak egin duen lanarekin ados egotea. Gaia arduraz landu behar izan genuen. Gutxika-gutxika bai Amaia, bai Ainhoa Andraka pelikularen produktorea, bai Asier eta baita ni neu ere, genuen materialarekin zintzoa izatea zer nolako ardura suposatzen zuen konturatu ginen. Oso lan gogorra izan da denontzat».

[Duela urtebete "Asier ETA Biok" estreinatu zuten, Donostiako Zinemaldiaren 63. edizioan. Proiektuak ikusmin handia zuen, izan ere, urtebete lehenago ‘crowfounfding’ kanpaina bat abiatu zuten ekoizpena finantzatu ahal izateko] «Aurkezpena Donostian izan zen, Zinemaldiaren 63. edizioan hain zuzen. Izugarria izan zen, oso urduri geunden. Harritu ginen sarrerak lehengo egunean bukatu zirela jakin genuenean. Ez genuen espero halako ikusminik».

«Estreinaldia oso polita izan zen, Asier gurekin zegoen, gero espero ez genuelarik saria lortu genuen.. Gainera, nahiz eta oso titular itsusiak izan La Razon, ABCn eta antzerako hedabideetan, gainerakoetan, oso harrera ona izan zuen. Legalki zer gertatu litekeen beldur ginen. Azkenean oso harrera ona izan zuen eta Donostiako estreinaldia oso polita izan zen».

«Gero, Madrilen estreinatu behar genuen data baina astebete lehenago Asier eta beste zazpi pertsona atxilotu zituzten, estreinaldiaren aurreko egunean espetxeratu zituztelarik». [Guardia Zibilak zortzi pertsona atxilotu zituen Auzitegi Nazionaleko seigarren atalak agindutako Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) bitartekaritzaren aurka egindako operazioan. Gaur egun, atxilotuak kartzelan darraite] «Panorama oso oso itsusia genuen aurrean: alde batetik, hedabideek, Asierren atxiloketa aipatu zuten, pelikularentzako promoziorako ona izan zena, pelikulaz hitz egin zelako; baina beste aldetik, ospatzeko behar zuten egun eta aste horiek oso triste eta frustragarriak bihurtu ziren. Asier gabe, dena nola gertatu zen…»

«Asierren atxiloketaren harira Madrilgo zinema eta erakusle batzuk atzera egin zuten. Estatu mailan ere ez genuen pelikula banatzea lortu, albisteetan ikustean gure protagonista espetxeratua zutenaren berri izan zutenean batzuk atzera bota ziren. Madrilen egin genuen aurkezpena polita izan zen, baina itsusia ere».

[Iruñeko aurkezpena gazi gozoa izan zen, Asier ezin izan baitzen bertan egon] «Oso oso berezia izan zen. Asierren atxiloketaz astebete igaro baino ez zen pasa. Asier maite duten hainbeste pertsonekin elkartzea, bere familiarekin, gure familiarekin, gure Iruñean… Oso oso hunkigarria izan zen».

[Hamaika herrialdeetan, eta hamaika jaialditan aurkeztu dute "Asier ETA Biok". Sari eta errekonozimendu ugari jaso dituzte bidean. Hala ere, oraindik Asier Iruñetik urrun gatibu darrai Eloy Velasco epailearen aginduz] «Asierren atxiloketaren inguruan hemen Madrilen hitz egitea oso zaila da. Oso zaila da jendearentzat… Beti bezala! Horregatik egin genuen pelikula. Hala ere, lana bukatu gabe dago. Hemen Madrilen, elkartasuna edo ulermena lortzea oso zaila da. Nire ustez, ez da jendearen errua, komunikabideen eta politika nola egiten denaren ondorio bat baino ez da egoera hau».

[Nola izan euskalduna Madrilen zaila bada, nola azaldu lagunei zure lagun minena ETAko kidea dela? Horrelako galdera eta egoera gogorrei aurre egin behar izan die Madrilera joatea erabaki zuenetik. Bai bere lagun eta inguruarekiko, eta baita bere buruarekiko ere] «Bere atxiloketa azaltzea oso zaila da eta gainera, azaltzea zergatik Asier dagoen espetxean eta haiek sinistea ez da batere erraza! Baina beno, horretan gaude. Pelikula estreinatu ondoren edo jaialdietan mugitzen garenean, beti, Asier espetxeratuta dagoela azaltzen dugu, baita atxilotuta egotearen arrazoiak ere. Gero, besteek nola hartzen duten hori, ez dago gure eskuetan. Baina behintzat ezagutu dezaten beste bertsio bat. Lasaitasunaz azaltzeko denbora duzunean, jendeak normalean gauzak ulertzen ditu, istorio honen bertsio bat baino ez zaiela kontatu konturatzen dira. Publikoarekin pelikula amaitzean ditugun solasaldien ostean, askotan esan izan didate 'emaiozu besarkada bat Asierri nire partez. Ez dut ezagutzen eta ez nago berarekin ados, baina emaiozu besarkada bat'. Hori oso polita da».

«Asierrentzat pelikula oso zaila izan da, bereziki pelikulan gauzak zailtzen hasi zirenetik. Presente izan behar dugu berak ez duela, ez pelikula zuzendu, ezta gidoia idatzi ere. Nik egoera konprometituetan jarri nuen grabaketa osoan zehar. Berarentzat ez zen erraza izan. Hala ere, momentu batean pentsatu zuen merezi zuela guzti hau pasatzea eta filmak kontatzen zuena Euskal Herritik kanpora kontatzeak merezi zuela. Horregatik agertu da pelikulan eta berarentzat eta bere familiarentzat mingarria izan arren, istorioa ezagutzeak merezi zuelako esan zuen “baietz, goazen aurrera”. Honek argi uzten du zer nolako adiskide ona den Asier. Hitzik gabe gaude, bai Amaiak eta bai nik. Asko maite dugu Asier, eta baita berak gu eta erakusten du».

[Kaleko pertsona arrunta da Aitor. Madrileko kaleetan zehar nabarmendu gabe dabilena. Bere egunerokoak zer egiten duen galdetzean barrezka hasi da] «Egun normala? Ez dakit hori zer den! Kar, kar, kar... Aurreko urtean, pelikula zela eta handik hona ibili nintzen. Aurten Madrilen kokatu naiz berriro. Orain antzerkia egiten nabil. Kirola egin beharko nuke, ingelesa ikasten nabil, hemen Madrilen euskarazko klaseak hartzeko aukeren bila nabil... Gauza ezberdin asko egiten ditut: batzuetan, oso bizitza eroa daukat. Ez dakit bizitza arrunta den, baina niretzako hala da eta kontent nago».

[16 urterekin aktorea izateko antzerki ikasketak hasteko erabakia ez zen erraza izanen. Txikitan astronauta izan nahi bazuen ere, aktore izatea gustukoago zuen. Izan ere, aktore izanda, astronauta izan daiteke. Gaztetxoa zelarik telebista, zinema edo antzerkiaren artean zein zuen gustukoen galdetu ziotenean telebista aktoreen ‘aura’ modukoa desgastatzen duela adierazi zuen. Orain hiruretan jardun ondoren, ez du gogokorik]

«Telebistan lan egiten duzunean diruarengatik edota jateko beharrezkoa duzulako egiten duzu. Normalean baldintzak gogorrak izaten dira. Aldi berean, "Goenkalen" egon nintzen iaz eta aurten esperientzia errepikatuko dut, oso gustura egon naiz bertan lanean. Telebista ezberdina da, baina gustukoa dut. Zinema oso gustukoa dut. Asko, asko gustatzen zait, baina zaila da pelikula on batean parte hartzea, ez baitira egunero pelikula onak egiten. Eta antzerkia... Antzerkia berezia da. Alde batetik aukerak handiagoak dira, adibidez, testu on batean lan egitea eta publikoarekin harremana, oso oso berezia da».

«Zuzentzea edo nire istorioa kontatzea asko gustatzen zait ere. Momentuz ez dut proiekturik, ez dakit aktore izatea baino gehiago gustatzen zaidan, baina oso garrantzitsua da niretzat. Aktore batentzat, pertsonaia publikoa izatea ez da oso ona. Politagoa da pertsonaz gehiegi ez jakitea».

[2000. urtean Nafarkarian egindako elkarrizketa batean, munduko gertakarien aurrean txotxongilo hutsa izan nahi ez zuela aitortu zuen. 13 urte beranduago ez du ikuspuntua aldatu] «Aktorea naiz, baina munduan tokatu zaigun lekua kontuan hartzeaz gain, inguruan gertatzen diren gauzak ikusten ditut, begiak ditut eta mundu guztiari bezala modu batera edo bestera eragiten naute. Zenbat jende dago kamerarik gabe hainbeste lan eta gauzak egiten, ba kamera aurrean agertzen garenok, nola ez?»

«Uste dut sistema berak pertsona axolagabeak sortzea du helburu. Sistemaren garaipen handienetakoa da. Hemen eta leku guztietan pasatzen da. Sistemari ez zaio interesatzen pertsonek kritikotasuna garatzea. Horregatik, txikiak garenetik hezkuntzaren bitartez hori sustatzen da. Ez dut sinisten zergatik hezkuntza sistemak ez gaituen tresna ezberdinez hornitzen. Argi dago sistemari ez zaiola komeni. Gozokiak ematen dizkigute tontotuta gera gaitezen, kapitalismoa maisua da horretan; baina ez kapitalismoa soilik, boterea orokorrean. Azken finean pelikula bat egitea ez da gauza handia. Benetan gauzak aldatu nahi baldin badira, guztion esfortzua beharrezkoa da, gutako bakoitzak zerbait eskaintzen duelarik. Horretarako, gutako bakoitza konturatu behar da, gure ekarpen hori baliotsua izan daitekeela. Hortxe dago zailtasuna: ez zaigu erakusten hau ekiditeko horretan buru-belarri egon behar dugula».

[Asko bizitakoa da dagoeneko Aitor Merino. Hamaika ekoizpen eta proiektutan aritua, hamaika leku ezberdinetan. Ordea, Aitor Merino berdina da] «Hau da Aitor Merino [bere burua seinalatuz], egunero ispiluan ikusten dudana. Berdina eta ezberdina, normala. Egun batzuetan asko maite dudan tipo bat, eta beste batzuetan hainbeste maite ez dudan tipo bat. Maite eta ezagutu nahi dudana da Aitor Merino».

Itzulpena > Traducción

Entrevista a Aitor Merino, actor y director berinianense

Nacido en Donostia, con siete años Aitor Merino y su familia se trasladan a Barañain en busca de trabajo. Con 16 años, sin embargo, Aitor vuelve a cambiar de residencia, esta vez a Madrid para estudiar teatro. En esta entrevista realizada por Iruñe Astiz en Madrid, Merino rememora su juventud, sus primeros años en una ciudad como Madrid, tan diferente a su lugar de origen, sus primeros trabajos en la televisión, el cine y el teatro y también los motivos que le llevaron a filmar el documental “Asier ETA Biok” junto con su hermana Amaia.

Actor y director, «no sé cual me gusta más», Merino situa la cámara en el mundo que le rodea y critica un sistema «que tiene por objetivo crear personas desinteresadas», un sistema que «aquí como en otros sitios, no le interesa el desarrallo de la conciencia crítica». «Hacer una película no es nada grande, si realmente queremos cambiar las cosas es necesario el esfuerzo de todos y todas, que cada persona aporte algo; tenemos que darnos cuenta de que nuestra aportación puede ser igualmente válida», opina.

Después de este documental que le ha puesto en el candelero, Merino se confiesa un poco abrumado. El documental nació de forma natural y fortuita, sin mucha premeditación, simplemente, por querer contar su historia personal y la relación que mantienen con Asier Aranguren, encarcelado por pertenecencia a ETA. Fue un reto personal para los tres protagonistas de la historia, Aitor, Amaia y el propio Asier.

En el momento presente, la vida de Aitor continúa en el escenario, al otro lado de las cámaras. Protagoniza, junto con Ramón Puyol, la comedia "Smiley, una historia de amor", una historia que tendremos la oportunidad de ver en el Teatro Gayarre el próximo 17 de mayo.

Diseño y desarrollo Tantatic