Iñigo Gonzalez

2023-12-20

Barañaingo iraultza ikusezinak

Batzutan gertatzen da, bizitza halakoa da zentzu batean, dena berdin jarraitzen duela dirudi, aspergarria da dena. Plazatik ikusita Udaletxeko erlojuak ohi bezala ordua markatzen du, minutu bat minutu baten atzetik eta kotxeak beti bezala Barañaingo kaleetatik bueltaka dabiltza, non lo egingo duten jakin nahian. Dena da den bezala, ez da ezer aldatu.

 

Baina gertutik begiratuta gauzak ez dira berdinak, luparekin begiratuz ostiralean Karrapen edo Iratxon hartzen duzun potea beste zapore bat dauka. Kotxeek ez dute betiko tokian lo egin nahi, Udaletxeko ordularia aldatu da ere, ez du denbora lehen bezala markatzen. Iraultza txiki bat gertatu da Barañainen. Zerbait aldatu da.

 

Txino mesedez, posible da iraultza batetaz ez jabetzea? Depende non zauden eta zer egiten duzun zure egunerokotasunean, iraultza batzuk ez dira hain agerikoak baina horrek ez du esan nahi gertatu ez direnik, ez du esan nahi ere azalekoak direnik, sakonean eragiten dute, begiak iristen ez diren lekuetara, sustraietara. Nik somatu dut, nere goizeko te gorria ez du kolore berdina eta ez du te kopurua eta tenperaturarekin zerikusirik. Haize fresko batek hartu ditu Barañaingo kaleak eta usaina ez da berdina, dena da ezberdina.

 

Nere estreineko kolumna hau iraultza txiki eta ikusezin hau posible egin dutenei eskeiniko diet, beraiek denbora erlatibizatu dute, haustura faltsuak desegin, kotxeak ohera gidatu dituzte eta nere te gorriaren kolorea aldatu dute. Txino, baina nortaz ari zara? Zer esango dizut, neretzat agerikoa da, eta uste dut beste askorentzat ere.

 

Barañaingo Eguna beste giro bat du ezta? Ez da berdina, zerbait aldatu da, igual ez zara jabetu baina ez da lehen bezala. Ekainean, harropa txuria prestatzen, kontzertuak ikusten edota kuadrillarekin bazkaria zenuen bitartean Alaitz Ikastetxeko karpa eta txoznaren azpian gauzak ez ziren ohi bezala, tiradoreak ezberdinak ote ziren? Azaro hasieran 500 gazte (eta ez hain gazte) bildu ziren Kuadrilen Egunean. Nola? Zergatik? Iraultza txikiaren parte da, esan dizut, ez zara jabetu baina gertatu da.

 

Iraultzaileak atzo Greba Feminista Orokor bat gidatu zuten herrian, ez da erronka makala. Arnasa hartu eta inkluso ongi etorriak ez diren espazio batzuetan ahotsa altxatu dute, harrotasunez, arnasa bota, inflexio puntu bat. Hortan datza agian iraultza honen indarra, gauzak ez dira ikusten baina gertatu dira, beraien erritmoan, beraien humorearekin, beraien nahi eta beharrei erantzunez.

 

Nik argi daukat, gazte hauei beraien iraultza ikusezinean lagunduko diet, egunen batean dena ikusgarria izango baita.

Diseño y desarrollo Tantatic