2018-01-29
Cultura - Kultura

Harizti Dantza Taldeak 30 urte bete ditu dantzaren bihotzetik

Duela hiru hamarkada eman zituen lehen pausoak Harizti Dantza Taldeak, 1987. urtean sortu zen euskal kultura sustatzeko asmoz. Hogeita hamargarren urteurren hau ospatzeko helburuarekin belaunaldi desberdinak batu egin dira, taldean garai ezberdinetan partaide izan direnak izanen dira protagonista nagusi. Ikuskizun berezia antolatu dute Otsailaren 3rako, larunbatarekin, ekitaldia, arratsaldeko 19:00etan izanen da Auditorioan.

Barañaingo Eguna. Argazkia: Harizti Dantza Taldea.

30 taupada dantzaren bihotzetik lelopean taularatuko dute hurrengo larunbateko dantza ikuskizuna. Harizti Dantza Taldeak  euskal dantzarekiko maitasuna belaunaldiz-belaunaldiz erakutsi du Barañainen. Plazaberrik taldeko bi kiderekin egoteko aukera izan du, Diana Iragui eta Irune Urdangarain.

Nondik dator Harizti izena?

Barañaingo plaza askok zuhaitz izena dute, baina, haritzaren kasuan hutsune bat  dago, ez dago izen hori daraman enparantzarik. Hori  entzun dugu taldean noizbait eta agian hortik etor daiteke taldearen izena.

Noiz sortu zen Harizti Dantza Taldea?

Harizti baino lehenago Lagunak dantza taldea sortu  egin zen, duela berrogei urte dagoeneko. Lagunak taldea desagertu egin zen, eta horren ondorioz, Harizti sortzea erabaki zuten 1987an.

Nor egon zen sorrera horretan?

Barañaingo jendea egon zen orokorrean. Lehenago esan dugun moduan, Lagunak taldearen desegitearekin batera etorri zen Hariztiren sorrera. Hurrengo larunbateko ekitaldian sorrerako belaunaldi horiek parte hartuko dute, nola ez. Denak elkartuko gara, eta iraganeko jende asko batzeko balioko du otsailaren 3ak.

Zein izan da 30 urte hauetako Hariztiren ibilbidea?

Duela urte batzuk askoz  ere parte hartze handiagoa zuen taldeak, askoz ere gehiago ateratzen ginen, kale giroan ibiltzen ginen noiznahi. Mutiko eta neska asko  egoten ginen lehenago, gaur egun ia ez dago mutilik taldean.

Taldean ia neskak bakarrik egotearen egoera hau Iruñerriko talde askok jasaten dute, gure kasuan bezala. Hutsune hori egia esan, antzeman egiten da. Lehenago herrialde desberdinetara ateratzen ginen, kanpora joateko joera handiagoa geneukan, gaur egun, Iruñerrian eta Barañainen soilik dantzatzen dugu.

Atzerrira joateko aukerarik izan duzue ezta, nora?

Alemanian izan ginen, Turkian. Oso esperientzia polita izan zen. Alemaniara joan nintzenean oso txikia nintzen, ez dut asko gogoratzen, baina, oso aberasgarria da horrelako zerbait bizitzea. Lagunekin egoteko denbora asko izaten genuen, oso giro onean oroitzen ditut une horiek.

Taldean  mutil gutxi daudela aipatu duzue, moldaketarik egin duzue?

Pasaden urteurrenean, neskek mutilen dantzak egin behar genituen lehenago esandako gabeziarengatik. Iazko Sanferminetan ere mutilen dantzak neskek dantzatu zituzten. Horrela moldatu gara orain arte. Hemendik mutilak animatu nahi ditugu parte hartzera.

Harrobi osasuntsua al dago Barañainen?

Lau urteko txikien irakaslea naiz eta hemeretzi haur ditugu. Oso animatuta daude eta alde horretatik oso pozik gaude. Gabonetan bere lehen ekitaldia egin zuten, eta oso polita izan zen beraientzat.

Zenbat talde dituzue Hariztin?

Osotara bost talde daude. 4-8 urte artean 3 talde daude, 15-16 urte bitartean beste talde bat, eta nagusien talde bat. Gazteek dute taldean oraintxe bertan indar gehien.

Data berezirik baduzue?

Bai, egia esan bai. Barañaingo eguna, festak, Gabonak, Nafarroako dantzari egunean ere parte hartzen dugu, Sanferminetan etab. Iruñerrian noizbait ere ateratzen da ekitaldiren bat. Horiexek dira orokorrean gure datarik garrantzitsuenak.

Berrikuntzarik ba al duzue zuen dantzetan?

Orokorrean euskal dantza guztiak lantzen ditugu. Denetarik dantzatzen dugu,  zazpi lurraldeetako dantzak egiten ditugu, Aurreskua, Axuri Beltza, Jota eta porrusalda, Makil Dantza, Zinta Dantza, jauziak. Txikiak Txulalai ikasten hasten dira. Ohiko dantzak egiten ditugu. Txupinazoan beti dantza berriak estreinatzen ditugu, beraz, urtero zerbait berria ikasten dugu. Beste dantza talde batzuetako kideak etortzen dira guri irakastera.

Hitzordurik garrantzitsuena larunbata honetan duzue ezta?

Bai oso ikuskizun polita izanen da otsailaren 3koa. Euskal Herriko lurralde guztietako dantzak ikusteko aukera egonen da, antzerkia, bertsoak, musika zuzenean. Mimo handiz prestatu dugu. Belaunaldi asko batera egonen gara eszenatoki gainean, sorreran egon ziren pertsonetatik hasita gaur egun arte.

Zaila izan da denak elkartzearena, izan ere, jende asko ez da Barañainen bizi eta hau dena antolatzea ez da erraza izan. 60 dantzari heldu, 40 txiki, musikariak 17 izanen dira, beraz, atera kontuak, jende asko egonen gara.

Noiz izanen da?

Otsailaren 3an, larunbatean, arratsaldeko 19:00etan Auditorioan. Bilerak, entsegu asko egin ditugu, eta taldeka antolatu gara hau dena egin ahal izateko. Ikuskizuna eta gero Akelamendi Tabernan luzatuko da festa.

 

 

 

 

 

Diseño y desarrollo Tantatic