Iñigo Gonzalez

2024-01-19

“Null” aldagaia

Programazioan badaude aldagaiak ezerezari erreferentzia egiten diotenak, aldagaia deklaratua dago, izan zenbaki bat edo testu bat, baina bere balioa hutsa da bere terminorik zorrotzenean, ezjakina da. Momentuz ez du baliorik. Kasurik hoberenean bere balioa zehazteke dagoela esan dezakegu. “Null” da bere balioa.

Planoa herriratu nahiko nuke, Barañaineratu. Gure herrian badago espazio bat momentu honetan bere balioa “Null” bezala ulertzen dudala. Bajera hor dago, obretan, biluzik, deklaratua dago, zerbait izateko grina dauka baina duela 10 hilabetetik bere balioa ez dugu ezagutzen. Ezereza da. Hutsa. Ez dakigu zein izango den bere potentziala, ez ditugulako ezta aldagaiaren parametroak ezagutzen.

Egoera honek larritik asko dauka, dirua xahutu da, obretako enpresak bere lanabesak jaso eta ospa egin du, epe mugek gainezka egin dute. Eta hor jarraitzen du, zeri egingo dion erreferentzia ezin jakin. Ez du baliorik. “Null”.

Duela apenas urte eta erdi espazioak balioa zeukan, sekulako balioa, herriak falta botatzearen tamainakoa. Herrigunea. Bertan kolektibo ezberdinak batu eta herriarentzako alternatibak sortzen zituzten, balioa ematen zioten aldagaiari, balioa herriari, balioa pertsonei eta kolektiboei. Espazioak bazuen zeri eman erreferentzia. Sinatua dago Herrigune berri bat eraikitzea, duela 8 hilabete aurrekontua onartua dago baina oraindik ez da ezta aldagaia deklaratu, ez da ezer egin.

UPNko Udalak bere gestionatzeko gaitasuna erakutsi du, honen balioa bai ezagutzen dugula, zero, ez da gai izan bere proiekturik inportanteena aurrera eramateko. Lizitazioan hainbat alditan huts egiteak, aurrekontu irrealak eta hasierako proiektuarekiko ezberdintasunek dena gelditzea lortu dute azkenean. Ezin da okerrago egin.

Herriak balioa eman nahi dio aldagaiari. Eguneko Zentroari. Balio publikoa. Zaintza balioa. Balio komunitarioa. Horretan ari da Pentsiodunen Mugimendua, hori eskatu zen Azaroak 30eko Greba Feminista Orokorrean. Espazioa publikoa izan behar du, kudeaketa publikoa, parametro horietan mugitu behar da, kontrakoa bere balioa “Null” izatetik zero izatera pasatzea litzateke. Ezin dugu honartu.

Badaude aukerak egoera iraultzeko, mobilizazioak jarraitu behar du, bestea, badakizue, Iruñeako Udalean gertatu da duela gutxi. Entzun dezatela eskuinari arnasa ematen diotenek.

 

Diseño y desarrollo Tantatic