«Gure lana gizarteratu behar dugu; horrela zientzia politika ez da horrenbeste politikoen esku egonen»

Gure herrian bizi eta hazi den laguna dugu Jon Mattin Matxain (Arg.: Utzitakoa)

Barañainen ikasi ondoren Donostian ikasi, bizi eta lan egiten duen zientzilaria dugu Jon Mattin Matxain. Non eta UPV/EHUko Kimika Teoriko puntako taldean. Baita zientziaren dibulgatzailea da eta gainera euskaraz egiten du lan hori. Izan ere, zientzia eta hizkuntza elkartzeko asmoz Kultura Zientifikoaren I. Jaialdiaren sustatzaileetako bat dugu ere. Ezagutu dezagun sakonago Jon Mattin `Txoni´ Matxain.

Nor esango zenuke dela Jon Mattin Matxain? Aurkezpen txiki bat egingo zenuke?

Laburki, kuriositate handiko pertsona naizela esango nuke. Hori dela eta, ikasten asko disfrutatzen dut. Kuriositate eta ikasteko gogo hauek, Kimikako karrera egitera eraman ninduten. Barañaindik Donostiara mugitu nintzen, euskaraz ikasten jarraitu ahal izateko. Karrerako azken bi urteak, ordea, Holandan eman nituen, Erasmus ikasle moduan. Bertan, kimika kuantikoan sakondu eta ikerketa zientifikoa egiten ikasi nuen, ingeleraz, ingelera bait da ikerkuntzaren hizkuntza. Doktorego tesia egitera bueltatu nintzen, eta berriz bi urte kanpoan eman ondoren, Suedian, Euskal Herrira itzuli nintzen. Gaur egun, Donostiako kimika fakultatean berriz ere, ikerketa egiten eta klaseak ematen aritzen naiz. Hortaz, laburbilduz, kimika kuantikoaren esparruan ikerketa egiten eta irakasten dabilen pertsona naiz. Lanbide berezia duen pertsona normala, bertze edozeinek izan ditzakeen afizioekin.

Txikitatik interesatu zaizu kimika?

Txikitan, kimika zer zen ideiarik ez nuen, baina ia edozer gauza ikastea gustoko nuen. Zientziak zein Gizarte Zientziak gustoko izan ditut beti. Batxilergoan nintzela hartu nuen erabakia, kimika oso gustoko nuelako. Baina bertze esparru asko ere bai. Kimika aukeratzea kasualitatetzat har genezake. Baina kimika ezagutu nuenetik, bai, oso gustokoa izan dut.

“Nola ikasi kimika kuantikoa izutu gabe” izenburua du zure blogak. Izutzen al dira ingurukoek kimika kuantikoa entzuterakoan? Umorearekin hartu behar?

Jende asko izutu egiten da bai. Batez ere, bapatean esaterakoan, inolako prestaketarik gabe. Baina, galdegiten dutenean zer den, ongi azalduz gero, izu hori kuriositate bihurtzen da. Hau ez da kimika kuantikoarekin gertatzen bakarrik, esparru askotan gertatzen da. Gure lanaren zati bat hau edozeinek ulertzeko moduan azaltzea izan behar da. Hori dela eta, umorez hartzen dugu hasierako “izu” hau. Umoreak ere jendea erakartzen du, eta ikasteko predisposizioa hobetzen du.

Nori zuzenduta dago bloga? Noiz sortu zenuen?

Bloga 2012ko azaroan sortu nuen, klasean lantzen ditugun kontzeptuak beste modu batean azaltzeko. Zentzu horretan, hasiera batean ikasleei zuzenduta zen bloga. Berehala konturatu nintzen, ordea, jende anitz interesatuta egoten ahal zela, ez bakarrik gure ikasleak. Horrela, blogean landutako gaiak bigarren hezkuntzako ikasle eta irakasleentzat interesgarriak izan daitezke, eta orohar, interesa duen edonorentzat. Bertan, blogean, kontzeptuak ezezik, gure ikerketa eta ikerketa zientifikoarekin zerikusia duten beste gaiak jorratzen direlako, kaleko hizkuntza erabilita.

Blogean esaten duzu gehiago dela ikasi duzuna, irakatsi duzuna baino. Nola da hori?

Irakaskuntza prozesu interaktiboa da. Gauza, kontzeptu berdinak azaltzeko modu desberdinak daude, eta ikaslearen arabera adibide desberdinak topatu behar ditugu. Beste modu batera esanda, azaldu nahi duguna ikuspuntu desberdinetatik ulertzeko eta azaltzeko gai izan behar gara. Blogean ere antzeko zerbait da. Hori lortzeko, asko irakurri behar da, eta zure ustez jendeak azaldu nahi duzuna ongi ulertzeko adibide egokiak bilatu behar dira. Nahiz eta azaldutakoa ulertu, bertze ikuspuntu horiek aberastu egiten dute ulermen hori, osatu egiten dute. Hori dela eta, ikasitakoa irakatsitakoa baino gehiago dela iruditzen zait.

Fisika kuantikoa ezagunagoa da, baina kimika kuantikoan zer ikertzen da? Ze ekarpen egiten dio gizarteari? Non aplikatuta ikusi dezakegu?

Galderak erantzun aurretik, gauza pare bat argi izan behar ditugu. Alde batetik, kimikan molekulak, hauen propietateak, molekulen arteko elkarrekintzak eta molekulak eta erradiazioaren arteko elkarrekintzak aztertzen dira. Fenomeno hauek ulertzeko, teoriak erabiltzen ditugu. Molekulen osagaiek, nukleo eta elektroiek, eta erradiazioak natura kuantikoa dute. Hortaz, fenomeno kimikoak ulertzeko (gure gorputzean gertatzen direnak ere) beharrezkoa dugun teoria, kuantikoa da. Testuinguru horretan, kimika kuantikoa sortu zen. Garbi izan behar dugun beste gauza zera da, aspalditik esparru desberdineko zientzien arteko mugak difuminatuta daude, hau da, egiten diren ekarpenak alor desberdinen artekoak izaten dira.

Kimika kuantikoaren lehenengo ekarpena Kimika ulertzeko marko bat eskaintzea izan zen. Zentzu honetan, gizarteari egindako ekarpen nagusia ezagutza hutsa da, eta honek bere-biziko garrantzia du. Horretaz aparte, teoria sendoa izanik, kuantikak eman daitezkeen fenomeno berrien aurresatea ahalbidetzen du Gaur egungo ordenadore potenteei esker, kimikako laborategi batean egin daitekeen edozer gauza simulatu dezakegu, eta predikzio ahalmen honi esker, kimika kuantikoak aplikazio handiak ditu gaur egun. Adibidez, farmako berrien diseinuan, material berrien diseinuan, nanoteknologian, eta abar. Beti ere, bertze zientziekin elkarlanean.

Ikertzaile lan talde batean zaude, zer ikertzen ari zarete gaur egun? Zergatik da edo izan daiteke garrantzitsua ikertzen ari zaretena?

Aurreko galderaren erantzunaren harira, hiru esparru nagusitan bana dezakegu gure ikerketa. Alde batetik, oraindik ongi ezagutzen ez diren fenomeno kuantikoak aztertzen ditugu, molekula batzuen propietateak eta erreaktibitatea ulertzeko. Horretarako, metodo berriak garatu behar dira eta horretan dihardugu. Bestalde, orain arte garatutako metodoak erabiltzen ditugu bi esparru nagusitan. Biologian, gure gorputzean gertatzen diren fenomeno batzuk ulertzeko, eta material berrien esparruan, nanomaterial berrien diseinuan.

Ikerketa hauen garrantzia batez ere oinarrizko ezagutzan datza. Ezagutza lortzen dugunean, aplikazioak egiteko aukera esponentzialki handitzen da. Horrela, hainbat entzimen funtzionamendua ezagututa, ala molekula batzuk eragiten duten kaltea nola gertatzen den ezagututa, behar izanez gero medikamendu berriak diseinatzeko orduan ezinbestekoa den informazioa lortzen dugu. Nanomaterialen munduan, antzera. Propietate konkretuak dituzten nanomaterialak aurresaten ditugu, eta laborategian sintetizatzeko ezinbestekoa den informazioa lortzen dugu. Hauen aplikazioak ezberdinak izan litezke, eguzki-zeluletan, gaixotasunen diagnostikoan, eta abar.

Zeintzuk dira Kimika kuantikoaren arloan eman diren azken berrikuntzak?

Nire ustez, bi esparrutan koka daitezke egondako aurrerapen nagusiak, beti ere ahalmen konputazionalari esker. Ordenadoreen garapenaren aurretik, egin beharreko kalkulu guztiak ekuazioak paperean ebatziz egin behar ziren. Hauen konplexutasuna zela medio, ekuazioak sinplifikatu behar ziren, eta aztertutako molekulen tamaina oso txikia zen. Ordenadoreen garapenarekin, eta hauen ahalmenaren hazkundearekin, egin beharreko ekuazioen sinplifikazioak ez dira horrenbeste, eta dagoeneko milaka atomoko molekulak aztertzen ditugu, kalkulu guztiak ordenadoreak egiten dizkigulako. Honek kimika kuantikoa bertze zientzietara hurbiltzen du. Adibidez, arazo biologiko eta biokimikoetan egindako simulazioak oso garrantzitsuak dira gaur egun, eta simulazio hauek ahalbidetzen dituzten metodoen garapenean egindako lanari esker irabazi zuten zientzialari batzuk Kimikako Nobel saria 2013an.

Euskal zientzilarien ekarpena zein da jakintza arlo honetan?

Lehenik eta behin, ulertu behar dugu zientzia, orokorrean, mundu mailan egiten den aktibitate bat dela. Hau da, mundu osoko taldeen arteko kolaborazioa egoten dela. Zentzu horretan, gure taldean ere mundu osoko beste 30 talde askorekin elkarlana burutzen dugu. Honek zer esan nahi du? Egiten diren aurrerapenak, ekarpenak, ekarpen kolektiboak dira, ezin dira leku batean kokatu zehaztasun osoz. Kontzeptu hau garbi izan behar dugu. Hau esanda, jakintza arlo honetan egiten dugun ekarpena aurretik aipatutako esparrutan da: Metodo berrien garapenean, biokimikan eta nanoteknologian. Metodo berrien garapenean, metodo familia baten garapena gure taldean burutzen ari da, mundu mailan beste talde gutxi daudelarik hau egiteko ahalmenarekin. Material berrien garapenean ere, gure aportazioa izan dugu ikuspuntu aldaketak gauzatzeko orduan. Adibidez, solido egitura mota berri batzuk aurresaten lehenengoetakoak izan gara.

Zeintzuk dira gaur egun ikerkuntza zientifikoak aurki ditzakeen oztopo nagusiak?

Nire ustez, bi dira. Alde batetik, finantziazio galerak, eta bestetik, gizartearen babes falta. Euskal Herrian, bi arazo hauek gutxiago pairatu dugu bertze leku askorekin alderatuta, baina hausnarketa egin behar dugu. Ikertzaileok finantziazioa eskatu egiten diegu gobernu desberdinei, baina zientziaren emaitzak epe ertain-luzekoak dira. Politikari askok epe azkarreko emaitzak nahi dituzte, eta beraien politikak ez dira egokiak ikerketa zientifikoa modu egokienean egiteko. Hala ere, gu ere arazoaren parte gara. Gure lana ez dugu behar beste gizarteratzen. Askotan, gizarteak ez du ulertzen zientziaren funtzionamendua. Zentzu horretan, gizartearen aldetik babesa lortzeko, gure lana eta lan modua gizarteratu behar dugu. Modu honetan, gizartea ikerketa zientifikoaren garrantzia gehiago baloratuko du, eta zientzia politika ez da horrenbeste politikoen esku egonen. Gizartearen ezagutza maila handitzen lagun dezakegu, eta horrela gizarte mailan hartu behar diren erabaki kolektiboetan jendea prestatuago egonen da. Zertaz ari den sakonago ezagutuko du, eta erabakiak modu egokiagoan har ditzake. Politikarien finantziazio babes sostengatua izateko, gizartearen babesa izan behar dugu, eta horretarako gure lana gizarteratu behar dugu.

Euskaraz zientziaz hitz egitea zailagoa al da?

Argi eta garbi, EZ.

Kultura Zientifikoa I. Jaialdia antolatzen ari zarete. Nola sortu da eta zein da bere helburua? Nortzuk parte hartzen dute?

Twitterren hainbat erakunde, talde eta kidek Irailaren 25ean egin genuen ekimen baten ondorioa da Jaialdi hau. Jaialdi birtuala da, sarean burutzen duguna. Talde ala kide bakoitza bere blogetik, eta blogik ez duena, blog anfitrioi batek lekua ematen du parte hartzeko. Helburu nagusia, zientziaren gizarteratzea da, eta interneten gabiltzan euskaldunon artean zientziaren inguruko sarea sortzea. Hori bakarrik ez, “zientzien” eta “letren” arteko muga artifiziala gainditzen joateko asmoz, jakintza arlo desberdinetako jendea bilduta gaude. Zientziaren lan-metodoak ez dira soilik “zientziak” bezala ulertzen ditugun arlotan aplikatzen, gizarte-zientziatan eta besteetan ere bai. Bestalde, ez ditugu bakarrik esparru bateko partehartzaileak, Hezkuntzako hainbat mailetako ikasle eta irakasle (Unibertsitate, institutu, euskaltegi eta abar) ikertzaile, dibulgatzaile, komunikatzaile, museo, liburutegi... ekimen honen parte hartzaileak dira. Edonork du atea irekita, nahi izanez gero bere ekarpenak egiteko.

Ikertzailea, irakaslea, blogaria, iritzi artikulista... bestelako gauzetarako denbora librea ba al duzu?

Beno, ez lehen bezain beste. Hala ere, goiko esparru guztiak elkar lotuta daude, eta zentzu horretan, batean egiten dudan lana besteekin lotzen saiatzen naiz. Horrela, egindako lanari ahalik eta etekin handien ateratzen saiatzen naiz denbora optimizatuz. Denbora asko pasatzen dut honetan, bai, baina jendeak uste duena baino gutxiago. Beste gauzetarako tartea ere izaten dut. Saiatu egiten naiz asko aportatzen ez zidaten aktibitateen ordez berriak egiten, adibidez, telebista ez dut ikusten. Zentzu horretan, denbora librean gustuko ditudan gauzak mantendu ditut, gutxiago ematen zidatenak kenduz.

Itzulpena > Traducción

Entrevista a Jon Mattin Matxain

Tras estudiar en Barañain, Jon Mattin Matxain continuó estudiando Química en Donostia, lugar donde vive y trabaja actualmente. Lo hace en el grupo puntero de investigación de Química Teórica de la UPV/EHU junto a investigadores de otras latitudes. El grupo es autor de numerosas investigaciones en el campo del desarrollo de nuevos métodos, la nanotecnología y la bioquímica, investigaciones que permiten el desarrollo de nuevos fármacos, materiales o tecnologías.

Pero además de su labor en este grupo y de las clases que da en la universidad, Jon Mattin Matxain es el autor de un blog en euskera donde divulga sus conocimientos y los avances científicos en el campo de la química en euskera, un blog que se titula -traducido al castellano- "Cómo aprender Química Cuántica sin miedo". Fruto de este interés en hacerlo expresamente en euskera, la lengua en que estudia y trabaja junto con el inglés, es también uno de los creadores del I. Festival de Cultura Científica en euskera en la red. Se trata de una iniciativa que busca socializar los avances y los métodos científicos, aunando campos diversos como el educativo, el científico, el lingüístico, etc. Además de todas estas actividades colabora como articulista en otras páginas web o blogs.

En la entrevista explica su recorrido vital, sus investigaciones, los avances científicos en el campo de la Química Teórica, la importancia de la divulgación y de la socialización de la ciencia; la necesidad del trabajo en equipo y de la comunicación para el avance científico y las relaciones entre los diferentes campos de la ciencia, la sociedad y la política. Para realizar todo aquello que le interesa apunta que solo es necesario optimizar el tiempo. «Invierto mucho tiempo en estas actividades pero menos del que la gente piensa. Suelo tener tiempo para realizar otras cosas. He intentado eliminar aquellas que no me aportaban gran cosa, por ejemplo, veo poco la televisión; y así en mi tiempo libre puedo hacer aquello que me gusta».

Diseño y desarrollo Tantatic