«Gazteontzako erreferentzia izango den elkargune bat beharrezkoa da»

Gaztetxe asanbladako lan taldeetako baten irudia (Argazkia: Plazaberri)

ELKARRIZKETA · GAZTETXE ASANBLADA | Barañaingo Gaztetxe asanblada espazio baten proiektuan buru-belarri dabil. Herriko gazteek dituzten hutsuneak eta beharrak konpartitu ostean, gazteentzako erreferentzia izango den elkargune bat beharrezkoa dela ikusi dute. Aukera handiak ikusten dituzte jarritako helburuak aurrera eramateko eta larunbatean ospatuko den Gaztetxe Egunean aurkeztuko dute orainarteko lana.

Gazte Mugimenduak ibilbide luzea du, nolakoa izan da orain arteko bidea?

Herriko historiari eta Gazte Mugimenduaren historiari begiratuta, erronka bikoitza dugula ikus dezakegu: huts egin gabe gauza berriak egitea, eta iraganeko akatsak ez errepikatu gabe. Akats berriak behar ditugu. Gazte Mugimenduak beti antolakuntza eta autogestioa helburu nagusi gisa izan ditu. Inoiz amaitzeko asmorik ez duen garai "posmo" honetan guk ideia horietan sinisten jarraitzen dugu. Gazte Mugimendua eta Gaztetxeak historikoki, bere gora-beherekin, herrian bizia egotearen errudunak izan dira eta «eraldaketa» hitza lau perroflauten martzianada bat izan ez zedin konspiratu egin dute. Gogoratu gaurko instituzioei aurreratu zitzaizkiela Barañain «libre de ETTs» deklaratuz. Lau urtekako aldaketetan sinisten ez duen tradizio horren oinordekoak gara eta, aldi berean, gure momentu historikoaren islada gara. Ardura handiz bizi dugu hau guztia.

Beraz, Barañaingo gazte errealitateari begiratuta, nola ikusten duzue egoera? Zeintzuk dira herriko gazteriaren beharrak?

Lanaren prekarizazio orokorra, bizi baldintzen okertzea, sare informalen hondatze progresiboa, kontsumoari lotutako kultura eta aisia, herri sentimenduaren galera... arazo guzti hauek aski ezagunak dira. Kezkaz ikusten duguna da azkeneko urte hauetan errealitate horren aurrean egon den erantzun falta, gazteriarengan sortu den gogo falta, apatia. Eta hala ere, poz handiz ikusi dugu hausnarketa hau konpartitua dela gazteriarengan, beharra dagoela elkartzeko, ideiak elkarbanatzeko, batera lan egiteko... finean, dagoenari astindutxo bat emateko. Gaztetxearen ideia bota zenean erantzuna oso ona izan zen. Hor erakutsi zen gauzak egiteko indarrak egon badaudela, horiek askatzeko aukerak eskaini behar dira, besterik ez. Horretarako gaude.

Orduan Nafarroan eta Barañainen eman diren aldaketa politikoek gazteriari begirako aukera berriak sor ditzaketela uste duzue?

Bai. Gurera jaitsiz, gure proiektuaren eta gobernu berriaren ildo politikoaren artean ekimenerako bateragarriak diren lerroak badaude: emakumeen ahalduntzean, herriko ehun asoziatiboa indartzean, gazteei begirako bestelako eskaintza kulturalean, gazteen arazoentzako alternatibetan... elkarlanerako puntuak daude. Argi dagoena da udalak ere ezinbestekoa duela gurea bezalako proiektu bat, gazteriari begira jarritako helburuak betetzeko asmoa baldin badu behintzat. Interlokutore baten beharra dauka, alegia. Gure proiektua martxan jartzen dugunean herriari dinamizaziorako tresna bat eskainiko diogu eta herriak berak asko nabarituko du.

Eta momentu honetan zeintzuk dira asanbladan lantzen ari dituzuen kezkak eta erronkak?

Gure lanaren ehuneko handi bat Gaztetxearen proiektuari bideratuta dago. Tamaina horretako proiektu batek denbora asko eskatzen du. Hasieratik lantaldeetan banatu ginenetik bi gauza argi izan ditugu: gazteontzako erreferentzia izango den elkargune bat beharrezkoa dela eta herriaren erdigunean egon behar duela, zentzu geografikoan nahiz sozialean. Hau da, Gaztexeak herri mugimendutik sortzen ari diren bestelako eraldaketarako espazioen proiektuen ondoan egon behar duela, elkar elikatzeko. Herriko beste eragileekin hausnarketa bateratua egin ondoren leku aproposena eta bakarra Udal Enparantza zela ondorioztatu genuen. Gero espazioa beraren diseinua egin genuen, garrantzizko lana, kontuan hartuta hurrengo urteetan gure etxea izango dela. Orain proiektua sozializatzeko momentua heldu zaigu eta, ahal den heinean, mobilizazio eta atxikimendu kanpainarekin lortzen dugun indar metaketa hori herrian diren dinamiketara ere bideratzen saiatuko gara. Epe laburrari begira, gure hurrengo erronka larunbatean burutuko dugun Gaztetxe Egunean jarrita dugu. Proiektua aurkezteko eta herrian daukan babesa erakusteko baliatuko dugu, beraz, hobeto ezagutu nahi duen oro Alaitz ikastetxetik pasa dadin animatzen dugu.

Bukatzeko, aurrera begira zer gustatuko litzaizueke eraldaketa bidean lantzea?

Gure helburuak askotarikoak dira eta zaila litzateke guztiak zerrendatzea, baina esan daiteke nagusiena gazteria aktibatzea eta antolatzea dela, elkarlana eta auto-irakaskuntza sustatuz. Ahalduntze kolektibo bat nahi dugu, eta baita «aldentze» kolektibo bat ere -kontsumoan oinarritutako harremanetatik-. Bide horretan ideiak soberan ditugu eta irekita gaude berriak jasotzeko: hitzaldiak, esposizioak, eztabaidak, proiekzioak, zinea, irakurleen taldeak, antzerkia... Etorkizuneko erronkei begira formakuntza ere esparru interesgarria izango da boteretze prozesu horretan: musika, kirolak, politika, ekonomia, ingurumena, elikadura, informatika... Eta kalea, beti kalera begira egongo gara.

Itzulpena > Traducción

«Es necesario un espacio de referencia para la juventud»

La asamblea del Gaztetxe de Barañain está sumergida en el proyecto para conseguir un espacio para la juventud.  Después de analizar y compartir la situación juvenil, han visto la necesidad de construir un espacio que sea de referencia para la juvendud de Barañain. Ven posibilidades para realizar los objetivos que se han marcado en común y el sábado presentarán el trabajo realizado hasta ahora en la celebración de Gaztetxe Eguna.

En la entrevista concedida a Plazaberri han explicado la situación que vive la juventud del pueblo así como la importancia de los valores de autogestión y auto organización que se han ido construyendo desde el movimiento juvenil. Asumen la responsabilidad del momento histórico que la juventud está viviendo y por ello apuestan con ilusión por trabajar nuevas herramientas para activar a la juventud. Por ello, invitan a toda aquella persona interesada a acercarse al Gaztetxe Eguna del sábado, donde presentarán el proyecto y el apoyo al mismo.

Diseño y desarrollo Tantatic