«Ezinbestekoa ikusten dugu emakumeok gureak diren espazioak edukitzea»

Hagin Talde Feministako kide batzuk afariaren antolakuntza lanetan. (Argazkia: Plazaberri).

ELKARRIZKETA · HAGIN | Lapiko artean topatu ditugu Hagin talde feministako kideak, Barañaingo emakumeak elkartzeko antolatu duten afaria prestatzen. Urte luzez lanean aritu den taldea izan arren, aurten taldea eraberrituta dago eta adin ezberdinetako emakumeak biltzen hasi dira. Feminismotik egiten duten irakurketarekin batera, herrian garatu nahi dituzten ekimenen inguruan kezkak eta erronkak plazaratu dituzte.

Noiz sortu zen Barañainen Hagin talde feminista eta nolakoa izan da orainarteko ibilbidea? 

2003an udal hauteskundetarako herri programa osatzeko asmoz, ezker abertzaleko Barañaingo hainbat emakume elkartu ziren. Behin herri programarako proposamenak landuta, modu autonomo batean lanean jarraitzeko nahia izan zuten. Nahi honetatik sortu zen HAGIN emakume taldea 2004an. Lehenengo urtea barne hausnarketarako eta eztabaidarako baliatu zen eta beranduago aurkeztu zen publikoki herriaren aurrean. Herri jai parekideen kanpaina, indarkeria sexistaren aurkako kanpaina edota martxoak 8en antolaketa egin ditugu besteak beste. Horretarako Nafarroako Indarkeria sexistaren aurkako plataforman eta Iruñeako Martxoak 8ko batzordean parte hartu izan du. Hamar urte baino gehiago pasa dira eta gorabeheratsuak izan badira ere, gaur egun emakume gazteen bultzada berriaz hornitzen da Hagin. 

 Aurten taldea indartzeko beharra ikusi duzue beraz...

Bai, taldea indartzeko behar erreal bat ikusi genuen, izan ere emakume gutxi ginen garai bat pasa genuen, elkartzeko zailtasuna izan zen arrazoietako bat. Honek ere izan du zerikusia bakoitzak, gazte emakume prekario gisa izan ditugun lanekin. Aldi berean argi genuen Hagin taldeak indar gehiagorekin berpizteko beharra zuela eta ez genuela desagertzen utziko... beraz, herriko lagun ezberdinen artean herriko emakumeentzako asanblada ireki bat antolatzea erabaki genuen, Barañaingo emakumeon beharrak konpartitu eta eztabaidatzeko. Asanblada oso partehartzailea izan zen eta emaitza onak jaso genituela uste dugu, bi kideko taldea izatetik 10 kide izatera pasa garelako... eta dudarik gabe hazten jarraituko dugu. Gainera gozamena da adin ezberdinetako emakume anitzen artean ideia eta eztabaida berriak konpartitzea. 

 Zein ekarpen pertsonal ematen dizue emakumeen artean kolektiboki antolatzeak?

Ez dugu ahaztu behar emakumeak, sistema patriarkalak alde batean utzi eta isilarazi nahi duen kolektiboa garela eta gure espazio propioak mantentzea, gure arteko laguntza, antolaketa eta elkarlana mantentzea ere garrantzitsua dela. Gu gara gure sexuagatik gutxietsiak eta erailak garenak. Gu gara patriarkatuaren ondorioak lehendabiziko pertsonan pairatzen ditugun pertsonak. Arrazoi hauengatik eta hamaika gehiagorengatik ezinbestekoa ikusten dugu emakumeok gureak diren espazioak edukitzea, gure hitzak, beldurrak, kezkak eta borrokak lau haizeetara zabaldu ahal izateko espazioa alegia.  

 Berdintasunean bizi garela entzuten da askotan, nola ikusten duzue egoera? 

Azken hamarkadetan aurrerapauso nabariak egin direla ukaezina da. Hala ere, berdintasun faltsu batean bizi garela iruditzen zaigu guri, eta horren adibideak ia esparru guztietan aurki daitezke. Lan munduari erreparatuz gero, estatistika datuek nabari erakusten dute ze zaila den emakumeak erabaki postuetara iristea, edo nola lotzen diren lan konkretu batzuk emakumeen paperari dagokienak, nola gainera horiek errekonozimendu gutxiko lanak diren, edota zuzenean nola lanpostu berdinetan emakumeok gutxiago kobratzen jarraitzen dugun. Horrez gain, gure ingurura begiratu besterik ez dago familia esparruetan zaintza nagusiki emakumeok egiten jarraitzen dugula ikusteko, bai etxearena zein dependentziadunena. Lan hauek partekatzen diren kasuetan ere, askotan emakumea da horiek antolatzeko ardura bere gain hartzen duena. Zorionez badaude ere berdintasun handiagoan antolatzen diren familiak edo lantokiak, baina urrienak dira zalantzarik gabe. 

Bortizkeriari dagokionez  ezin da ukatu emakumeok garela kolektibo kaltetuena, bai gatazka eremuetan zein gure gizarte honetan.  Genero indarkeria emakumeok pairatzen dugu gizonen aldetik, eta jipoiak edo bortxaketak horren adibide deigarrienak izan daitezkeen arren, ikusten zailago diren beste mila modutan sufritzen dugu indarkeria hau. Horrek ez du esan nahi gizonak gaizki tratatzen duen emakumerik ez dagoenik, baina indarkeria estrukturala norantza bakarrekoa da, eta beste adibideak berdintasun eredutzat erabiltzea manipulazioa da. Harreman afektiboetatik kanpo ere, ohikoagoa da emakumeok mespretxuzko esaldiak, irainak edo mehatxuak jasotzea, gizonekin kontu handiagoa erabiltzen delarik. Hau ez  zaigu emakumeoi bakarrik gertatzen eta sistemak begi onez ikusten ez dituen kolektibo batzuekiko ere jarrera antzekoak ematen dira, hala nola beste kulturetako jendearekiko edota baliabide urriko gizarte taldeekiko. Kapitalismoa eta patriarkatuaren logikan kolektibo ezberdinak hierarkian kokatzen diren momentutik sortzen dira ezberdintasunak. 

Gorputzekiko dugun presioa ere aipagarria da. Ez bakarrik beti desiragarri egon behar dugunaren mezu zaparrada jasangaitza, hor kokatuko genituzke ere txikitatik amatasunera bultzatzen gaituzten mezuak, abortuaren kriminalizazioa, edota bikote baten beharra barruraino txertatzen digun maitasun erromantikoaren gorazarre nazkagarria. Maitasuna emakumeon bizitzaren ardatz jartzen duen gizarte batean hazi gara, eta hain dugu txertatua non askotan "bakarrik" egotearen beldurragatik gure buruaren aurka doazen egoerak onartzen ditugun, indarkeria egoerak luzatzearen oinarrietariko bat delarik. Tamalez gizonek ere pairatzen dituzte beren jarrera sistemaren beharretara moldatzea helburu duten mezuak, baina gordinagoa da emakumeon kasuan, besteak beste sistemak egokitzen digun rola ingurukoen zerbitzura egotea delako, geure beharrak beti bigarren plano batera uztera bultzatuaz. Beraz ez, ez dugu berdintasun batean bizi garenik uste, eta zaila izango da egoerara horretara iristea ez baditugu sistemaren oinarriak errotik aldatzen. Horregatik iruditzen zaigu garrantzitsua ezberdintasun horiek ikustaraztea eta horiei aurre egitea.  

 Zein dira epe motzean herrian landu nahi dituzuen asmoak? 

Hilabetero gai baten inguruan egitarau txiki bat antolatzen ari gara. Otsaila maitasun erromantikoari eskeini genion Ruth Iturbideren hitzaldiarekin eta martxoan berriz, emakumearen nazioarteko eguna eta ahalduntzearen inguruan jardun genuen Itziar Zigarekin batera egindako pantojismo tailerrarekin. Bestalde, eztabaida misto eta aberasgarria sortu asmoz, lantzen ari garen gaiaren inguruko kafe-solasaldia antolatzen ari gara hilabete bakoitzeko igande batean egiteko. Esate baterako apirilerako solasaldian, soilik emakumeotzat diren topalekuen edo espazioen garrantziaz arituko gara eta eztabaida sortu nahi dugu modu irekian, mundu guztiarekin, zabalduko dugun testu baten gainean. Bestetik, Barañaingo jaietarako egitarauari begira Ruth Iturbide etorriko da berriz eta emakumeontzat ahalduntze tailerrak egonen dira, baita gizonentzako tailerrak, ligoteo sanoaren inguruko tailer mixtoak eta emakumeontzako autodefentsa ikastaro bat ere. Ahaztu gabe esatea, emakumeon beste afari bat antolatu nahi dugula, karaokea eta zozketarekin.

Eta ateak irekita dituzue?

Noski. Pila bat gustatuko litzaiguke jende gehiago taldean parte hartzera animatzea. Ateak zabalik daude adin guztietako Barañaingo emakume guztiei. Gainera harreman sare bat dugu posta elektroniko bidez, haginbtf@hotmail.com helbidera idatzita nahi duenak gure hilabeteroko ekintzen berri jaso dezake eta honetaz gain, sare sozialen bidez ere, egiten duguna hedatzen dugu Hagin Barañaingo Talde Feminista facebook orriaren bitartez. Parte hartzera gonbidatzen zaituztegu!

 

 

Itzulpena > Traducción

«Vemos imprenscindible que las mujeres tengamos nuestros propios espacios»

El colectivo feminista Hagin de Barañáin está en plena fuerza. Mujeres de distintas edades participan en un espacio donde se desarrollan propuestas para fomentar la reflexión y el debate entorno a la desigualdad de género desde un punto de vista feminista.

En la entrevista concedida a Plazaberri han explicado la trayectoria de más de diez años del colectivo y las actividades que están desarrollando actualmente. Entre las distintas iniciativas que se han llevado a cabo hasta ahora, se han tratado temas como el amor romántico, el empoderamiento y la necesidad de crear espacios propios para las mujeres.

Además han expuesto su visión sobre la situación de desigualdad que vivimos en la sociedad, afirman que aunque se hayan dado pasos importantes vivimos en una falsa igualdad, donde la violencia contra las mujeres, la situación laboral precaria, el trabajo no reconocido de los cuidados, la criminalización del aborto, la imposición de los cánones de belleza... son resultado de la opresión del capitalismo y el patriarcado, y ven con urgencia cambiar desde la raíz el sistema para poder alcanzar la igualdad.

Desde Hagin están organizando un “café-cotorreo” abierto que se celebra un domingo al mes para debatir y tratar los temas que están trabajando. Y también han programado una oferta de talleres para fiestas de Barañáin. Las puertas del colectivo Hagin están totalmente abiertas a mujeres de todas las edades y ofrecen la posibilidad de recibir información de sus actividades mediante su página en facebook Hagin Barañaingo Talde Feminista o escribiendo al correo: haginbtf@hotmail.com

Diseño y desarrollo Tantatic