Barañaingo ikasle mugimendua; ikasturtez-ikasturte borrokan

Sarai Roblesek idatzitako erreportai honetan gure herriko ikasle mugimenduaren iragana eta oraina errepasatzen da, oraingo honetan Alaitz ikastetxean zentratua.

Ikasleak iragan urtean egindako greba egunean (Argazkia:A.Peña)

Ikasle mugimendua oso zabala izan daiteke: ikastetxe bakoitzean sortutako talde feministek, euskara taldeek, Ikasle Abertzaleak-eko taldeek… eta orokorki aldarrikapen baten baitan lanean dabilen ikasle orok osatzen dute. Baina ez dago ukatzerik, egungo testuingurua dela eta, LOMCE legearen eta EU2015 erreformaren aplikazioen haritik borrokan dabiltzan ikasleek daukatela nagusitasuna.

Zorionez edo zorigaitzez, gure herriko hezkuntza abiadura handian aldatzen ari den honetan ikasle mugimendua inoiz baino nabarmenagoa eta agerikoagoa bihurtzen ari da, eta hori Barañaingo heziguneetan ere nabaritu daiteke. Ikasle mugimenduaren beharraren inguruan hausnartu ahal izateko, haren nondik norakoak sakonago ezagutu beharra dago, eta horretarako bertan lanean dabiltzan ikasleekin hitz egiteko aukera izan dugu.

Iraganaren eskutik dator oraina.

Egungo egoera ulertzeko, ordea, ezinbestekoa da iragan urteetan egondako mugimenduaren berri izatea. Borroka honetan modu jarrai eta iraunkor batean aritu den eta gaur egun bizirik dirauen antolakunde bakarra, edo bakarrenetarikoa, Alaitzeko Ikasle Abertzaleen taldea da; haien eskutik abiatuko gara Ikasle Mugimenduaren zirrikituetan barrena.

«Duela 6-7-8 urte zegoen egoeraz hitz eginen dut gutxi-gora-behera; Barañaingo ikasle mugimendua Alaitzeko IA-ko (Ikasle Abertzaleak-eko) taldera, eta maila baxuago batean Barañaingo eta Alaitzeko gazte erakundeetara mugatzen zen», gogoratzen dute orduko ikasleek. «Hala ba, Alaitzen IA-ko talde egonkortua zegoen, IAk antolakunde moduan daukan estrategia eta estrukturaren barruan kokaturik. Alaitzeko IAk Iruñerria mailako asanbladan aktiboki parte hartzen zuen, baita nazio mailakoan ere».

Gainontzeko ikastetxeetan Alaitzeko IA-rekin elkarlanean aritzen ziren ikasle taldeak ere bazeuden, estrukturalki antolakundearen barnean ez kokatu arren.

«Taldea egonkorra zen arren, militantzia maila kuantitatiboa oso aldakorra zen; hau da, kurtso batzuetan, militante zenbakia aurreko urtekoaren oso ezberdina izan zitekeen. Esan genezake 4-7 militante finkok osatzen zutela taldea, egunerokotasunean lanean zebiltzanak, oinarri sozial zabala izan arren. Antolatutako ekimenetan lagun gehiagok hartzen zuten parte; honen haritik nabarmentzekoa da IAko taldeak ikasleriarengan zeukan erreferentzialtasuna eta mobilizatzeko gaitasuna handiak zirela».

Egindako ekimenen artean mobilizazioak, formakuntza arloko dinamikak, eta taldeak egonkortzeko eta ekonomikoki sustatzeko ekintzak (afariak, ikasle egunak...) nabarmendu nahi izan dituzte.

Ikasle mugimendu orok irakaslegoarengan eta heziguneen zuzendaritzarengan eragin zuzena dauka, haien arteko harremana aldakorra izan badaiteke ere. Honela gogoratzen dute orduko harreman hura; «Institutuko zuzendaritza taldearekin erlazioak ez ziren guztiz onak. Mehatxuak, inposaketak, eta abar... jasan behar zituen ikasle mugimenduak. Institututik ez zen ikasle mugimenduaren iritzia kontuan hartzen. Irakasleen artean denetarik zegoen; batzuk zenbait ekimenetarako zuzenean laguntza emateko prest zeuden, baita parte hartzeko ere. Beste batzuk ordea kideen atzetik zebiltzan».

Ikasleriak jasotako erasoek, ordea, ikasle mugimenduaren gorakada ekarri zutela aipatu nahi izan dute: «instituzioetatik ezarritako neurri politiko arrotzek hezkuntza arloan ikasle mugimenduaren mobilizazio mailaren gorakada ekarri zuten, batez ere Nafarroan. Zenbait ikasturte oso aktiboak izan ziren mobilizazio eta lan aldetik. Horren harira ere ikasleriarenganako jazarpena eta errepresioa areagotu ziren, batez ere IAko militanteengan».

Arrazoiak arrazoi, ikasle mugimenduak beherakada jasan zuen hurrengo urteetan. Baina duela hiru urte bultzada berri bat jaso zuen.

Ikasle mugimenduaren berpiztea.

2011-2012 ikasturtean zehar ikasle mugimenduak bultzada berri bat jaso zuen. Alaitzeko Talde Feministaren sorrera eman zen, eta Ikasle Abertzaleak-ek ere aurrera pausuak eman zituen.

«Talde Feminista “moskeo-kanpaina” batekin hasi zen sozializatzen; institutua kuleroz, galtzontzilloz, galtzetinez… bete genuen, eta geuk ere koloretako galtzerdiekin gindoazen klasera. Egun batzuk pasatakoan, Talde Feministaren aurkezpena egin genuen. Jendetza biltzea lortu genuen, baina tamalez taldeak ez zuen jarraikortasunik izatea lortu» kontatu digute bertan ibilitakoek.

Ikasle Abertzaleak-en taldeari dagokionez, Iñaki Martinez-ekin ikasle mugimenduaren inguruan hitz egiteko aukera izan dugu, baita beste zenbait militanteekin ere:

Urte batzuk gainbeheran eman ostean, noiz eta nola eman zen Alaitzeko IA-ko taldearen berpizkundea?

Iñaki Martinez: «Duela pare bat urte Mendillorritik etorritako bi ikaslek IA-ren aurkezpena egin zuten, eta honen harira sorturiko taldea da gaur egungoa. Denboraldi batzuetan zehar indar handiagoa izan du besteetan baino, baina aurten jende gehiago sartu da taldera eta pixkanaka taldea osatuz joan gara. Aipatzekoa da jende berri asko garela aurten, eta beste urtebetez gutxienez (eta gehiago espero dugu) lanean arituko garen ziurtasuna ematen digu horrek».

Gainontzeko militanteek: «Alaitzeko ikasleek, orokorki, interes gutxi izan dute ikasle mugimenduaren inguruan, eta ikasleria konpromisoak hartzeko interes gutxirekin ikusi dugu. Ikasturte honetan IAko militante kopuru txikiak aurkezpen moduko bat eman zuen ikasleriarentzako, eta hainbat lagun animatu ziren. Aurtengo talde honetan kide dexente batzen gara, 16-17 inguru».

Zein dira Alaitzen topatzen dituzuen arazo handienak?

I. Martinez: «Alaitzen ikusten dugun arazo handienetako bat ikasleen jarrera izango litzateke. Askotan zentratuegiak gaude inposatzen diguten hezkuntza honen legeak jarraitzen, gerora zer gerta dakigukeen pentsatzen, eta ez dugu desobedientziarako aurrerapauso argirik ematen. Hau argi ikusten da, batez ere, greba egunetan (klasera joaten ez garenon zati txiki bat bakarrik joaten garelako kalean gure nahiak aldarrikatzera). Bestalde, taldekideen artean ere batzuetan mugimendu falta sumatzen da. Agian, guregandik pixka bat gehiago emango bagenu hobe ibiliko ginateke. Beno, azkeneko gauza gainontzeko irakasleekin dugun erlazio eskasa ere azpimarratuko nuke, nire ustez. Hauekin gauza gehiago antolatu beharko lirateke agian. Azken puntu honetan lan handia dugula uste dut, hurrengo urteetara begira Alaitzeko IA-k jarrai dezan».

Gainontzeko militanteek: «Egia esan, ikasle mugimendu txikia dago Alaitzen, eta hori arazo larrienetarikoa dela uste dugu, orokorki jende gutxi mugitzen baita. Greben kasuan, gure ikaskideak esan bezala, ikasle asko etxera edo bajeretara joaten dira, euren eskubideak aldarrikatzen egon beharko zirenean. Zuzendaritzari dagokionez, ikasleekin gehiago harremandu beharko zela uste dugu».

Zer da Alaitzen aldarrikatzen duzuena?

I.Martinez: «Alaitzen azken finean IA-k aldarrikatzen duena ere eramaten dugu gure mahai gainera. Euskal Herrian guk erabaki behar dugu ze hezkuntza eredu nahi eta BEHAR dugun, zeinean berdintasun guztiak errespetatu beharko baitiren eta kritikotasuna lantzea beharrezkoa izanen den. Gazteok gure kabuz pentsatu behar dugu, beste garai bateko hezkuntza frankista jaso duen pertsona batek eskua sartu gabe. Gaur egun, LOMCE erreformaren kontra goaz, batzuen identitatea inposatu nahi baitigute, honek ekarriko duen desberdintasunen handitzeaz gain. Hau da gure borroka».

Gainontzeko militanteek: «Gure hezkuntza propioa aldarrikatzen dugu, LOMCE lege espainiarra eta segregatzailea gaitzesten dugun bitartean. Alaitzeko ikasleria kontzientziatzea aldarrikatzen dugu, LOMCE legeak dituen arriskuak ikustaraztea, kontzientziazioan sakontzea, eta hezkuntza eredu propioaren beharra dugula transmititu nahi diegu ikasleei. Grina pizu behar zaie».

Alaitzeko ikasleen egoera aldatuz doala uste duzu?

I.Martinez: «Ikasleen egoera aldatzen ari dela uste dut, baina aurretik esan bezala, lan handia dago egiteke, batez ere orain DBH-n dauden ikasleen artean (IA-ko taldean batxilergoko ikasleak besterik ez gaudelako). Erronka honekin, nik zerbait egin nahiko nukeela esan beharra dut, hauen tutoretza klaseetako batean agian, gure lanaz informatzeko eta honen garrantziaz kontzientziatzeko. Hala ere, datozen aste eta hilabeteetan hainbat greba eta paro antolatu dira, beraz, bertan nabarituko da IA-ko taldean ez dauden ikasleetatik zenbatek duten lan egiteko eta aldarrikatzeko gogoa. Honekin ikusiko da Alaitzeko ikasleen egoera. Hortik aurrera, ikusteko dago».

Egindako ekintza txikien bidez institutuan IA-ren presentzia handituz doala azaldu nahi izan digute, eta haien bidez ikasle askori interesa piztea lortu dela. Adibidetzat Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako egin ziren ekintzak aipatu dituzte, maila sinbolikora mugatu baziren ere, IAk antolatutako dinamiken adibide baitira.

Beste ikasle mugimendurik ba al dago herrian?

I.Martinez: «Uste dut ez dagoela ikasle mugimendu handirik Alaitzetik kanpo, baina badakit "Sindicato de Estudiantes"-ek greba deitzen duenean gaztelerako zentroan greba egiten dutela, beraz badago mugimenduren bat (agian kanpotik datorrena). Hala ere -hemen nire iritzian sartzen naiz-, interesgarria izango litzateke bertan euskal ikasle mugimendu bat zabaltzea, haiek ere, beraien neurrian, badituztelako aldarrikatzeko gauzak (adibidez, batxilergoan zientzietatik joatekotan jada euskara ikasgaia ezin dute hautazkotzat hartu)».

Zertan zabiltzate orain lanean?

Ikasle Abertzaleek ikasleria kontzientziatzeko hainbat ekintza egin dituzte: LOMCEri EZ! leloarekin argazkiak atera dituzte zeinetan kurtso ezberdinetako ikasleak azaltzen baitziren, kartelak eta pegatinak erabili dituzte desobedientziari dei egiteko, ikasleen arteko berdintasunaren aldarrikapenak burutu dituzte, irakasleekin argazkiak atera dituzte…

«Guztion artean borrokan gabiltza, desobedientziari begira ahal dugun guztia egiten», azaldu dute ikasleek.

I.Martinez: «Orain ikasleriari begiak irekitzeko fasean gaude. Mobilizazioak hasi baino lehen, Alaitz institutuko pasabide, komun eta klaseetan hainbat ekintza sinboliko egiten ari gara (hezkuntza sistemak dituen gabeziak ateraraziz). Hauek deigarriak izaten dira gainerako ikasleek ikus, irakurri eta hauei buruz pentsa eta erreflexiona dezaten. Hemendik aurrera, mobilizazioak datoz. Hurrengo astean dator lehena: Otsailak 26ko ikasle greba. Ea indar erakustaldi handia egiten den… eta hortik aurrera lan egin eta eraikitzera!».

Maila pertsonalean, zertan da aberasgarria ikasle mugimenduaren parte izatea?

I.Martinez: «Maila pertsonalean aldaketa izugarria izan da niretzat. Herrialde honetako politikarekiko lehenengo hurbilketa izan da eta hau egiteko aukera izatea (beste jende batzuekin batera) oso aberasgarria da ni bezalako pertsona batentzat. Hala ere, aldaketa handiena errealitatea interpretatzeko ikuspegi kritikoa irekitzea izan da. Ez naiz kurtso hasierako pertsona berdina eta pixkanaka-pixkanaka nire ideiak finkatzeko asko lagunduko didala uste dut. Bestalde, taldean lan egitea beti da aberasgarria eta egunero ikasten da zerbait. Gauza gehiago egitea ez dago inoiz gaizki eta berriak badira hobe».

Ikasle mugimenduak aurrera jarraituko duelakoan, lanean segituko dute gure herriko ikasleek, euren aldarrikapenak Barañaingo hezigune zein kaleetara eramanez.

Itzulpena > Traducción

Reportaje sobre el movimiento estudiantil

En este reportaje escrito por Sarai Robles se realiza un repaso al movimiento estudiantil de nuestra localidad en los últimos años, centrándose en esta ocasión en el instituto Alaitz y en Ikasle Abertzaleak. Tras algunos años con un gran número de personas apoyando las reivindicaciones, con posterioridad se dio una bajada de la militancia en la organización estudiantil, principalmente por la represión que sufrió la juventud, especialmente la militancia de Ikasle Abertzaleak, según señalan personas que vivieron aquella época.

Sin embargo, hace tres años se da un nuevo impulso. Nace el grupo feminista del instituto y con él Ikasle Abertzaleak vuelve a dar los primeros pasos. El grupo feminista tuvo unos inicios exitosos pero no logro mantener su continuidad. Por el contrario, Ikasle Abertzaleak continua creciendo, llegando a la quincena de participantes activos, a pesar de que, como señalan sus propias fuentes, «el alumnado en general tiene poco interés en el movimiento estudiantil». «El mayor problema es la propia actitud de los y las alumnas que en muchas ocasiones se encuentran demasiado centradas en seguir las normas que nos imponen, pensando en lo que nos puede ocurrir después y no se dan pasos claros para la desobediencia», señala uno de los miembros del grupo.

Abogan por fortalecer el movimiento estudiantil con el objetivo de que el modelo educativo se decida aquí, respetando los derechos de todos y todas y desarrollando una conciencia crítica. «A nivel personal participar en el movimiento estudiantil me ha supuesto un cambio impresionante. Poder acercarse a la política y hacerlo con más gente ha sido muy enriquecedor. Sin embargo, el mayor cambio ha sido abrirme a un enfoque crítico para interpretar la realidad; no soy la misma persona que al inicio del curso y creo que poco a poco me ayudará a fijar mis ideas», relata uno de los participantes.

El grupo se encuentra ahora preparando la próxima huelga estudiantil del 26 de febrero. No es está su única actividad, continúan con campañas en el instituto para concienciar al alumnado de las carencias del sistema educativo.

Diseño y desarrollo Tantatic