Jon Matxain

Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.

2014-11-01

Zientzialariak, eroak?

Zientziaren eremuetatik kanpo lan egiten ala kokatzen den jendeari zientzialariak nolakoak diren galdetuko bagenio, batazbesteko erantzuna topikoz beterikoa izanen litzateke: a) Zientzialaria gizona da. b) Laborategi batean dago, bata txuria eta orraztu-gabeko ileak dituelarik. c) Bakarrik egiten du lan, eta pixka bat ala oso asoziala da. d) Oso azkarra da, eta bere lana bakarrik berak ulertzen du. Hitz batean laburbilduta: “bitxorraroa”, eroa. Baina topiko hau, zein punturaino da egia? Gaurkoan galdera honi erantzuten saiatuko naiz.

XX. mendera arte oso pertsona gutxik burutzen zituzten ikasketak. Garestiak ziren, eta goi mailako hezkuntza unibertsala ez zen esistitzen. Gizartearen beste aktibitate gehienak bezala, gizonen esparrua zen zientzia. Bestalde, aspaldiko garai haietan distantzia luzeko komunikazioak eta bidaiak ez ziren gaur egun bezalakoak. Hori dela eta, zientzialariek gutxi bidaiatzen zuten, eta normalean bakarka ala talde txikietan egiten zuten lan, askotan bertze pertsonekin elkarrekintza handirik izan gabe. Ikusten dugunez, topikoak badu, bere sorreran, errealitatearekin lotura. Baina gaur egun, topikoa oraindik betetzen da? Goazen banaka analizatzera goian aipaturiko topikoak. Gehiago egon badaude, baina horiek bertze egun baterako utziko ditugu.

a) Topikoa: Zientzialaria gizona da. Gaur egun, gero eta emakume gehiago daude zientzia munduan. Goi mailako ikasketetan, Gradu, Lizentziatura zein Master eta Doktoradutzan, emakumeak gehiengoa dira, esparruen arabera. Zoritxarrez, honek oraindik ez du isladarik goi postuetan, aginte postuetan. Bidea oraindik egiteko dago zentzu horretan. Hau garrantzitsua izan arren, kontutan hartu behar dugu dagoeneko zientzia munduan emakume kopurua handitu egin dela nabarmen. Hortaz, topikoa ez da egia.

b) Topikoa: Zientzialaria laborategian dago. Topiko honek zientzialaria zuzenki zientzia experimentalekin lotzen du, halaber, kimika, fisika, biologia, eta abar. Historikoki esparru hauek ebidentzian oinarritutako metodologiak garatzen eta erabiltzen lehenengoak izan ziren, “metodo zientifikoa” kontzeptuaren barruan sartzen ditugun metodologiak, alegia. Gaur egun, ordea, ebidentzian oinarritutako metodologiak jakintza arlo gehienetan zabalduta daude, Giza eta Gizarte Zientzietan, eta Letretan, ere. Hortaz, topikoa ere ez da egia. Zientzialari gehienak ez daude laborategian.

c) Topikoa: Zientzialariak bakarrik egiten du lan. Duela urte asko hau askotan bete arren, gaur egun talde-lanak inoiz baino garrantzi handiagoa du. Ez bakarrik disziplina berdinekoen artean, disziplina-artekoetan ere bai. Erronka berriei, galdera berriei, erantzun ahalik eta egokiena emateko, disziplina desberdinen ikuspuntuak elkartu egin behar dira. Honek kolaborazio maila altua eskatzen du. Ez bakarrik ingurukoekin, zientzia mundu mailan egiten den aktibitatea izanik, kolaboratzaileak edonongoak izan daitezke. Hori dela eta, zientzialariak asko bidaiatu behar du, eta asko erlazionatu. Hortaz, topiko hau ere ez da egia. Zientzialaria, gehienbat, ez da bakartia eta asoziala.

d) Topikoa: Zientzialaria oso azkarra da. Zientzialari baten doaien artean, azkarra izatea ez da garrantzitsuena. Argi dago laguntzen duela, baina ene ustez bertze doai batzuk garrantzitsuagoak dira: kemena, pazientzia, konstantzia eta ilusioa. Hortaz, zientzialari ona izateko ez da derrigorrezkoa aurretik nota bikainak ateratzea, ala gelako azkarrena izatea. Hori bai, gaitasun horrek lagundu egiten du, baina bertze doaiak izatea, batez ere ilusioa eta kemena, garrantzitsuagoak iruditzen zaizkit. Hortaz, topiko hau ere ez da zertan egia izan behar.

Laburbilduz, egungo zientzialariei buruz orohar dagoen irudia erabat zaharkitua eta karikaturizatua dago. Zientzialari eroaren irudia ez dator bat errealitatearekin. Ikertzaileok dugu irudi errealagoa transmititzeko ardura eta aukera. Gure esku dago.

Diseño y desarrollo Tantatic