Naroa Sarriguren
Proposamen bat. Liburu guztien artean bat aukeratzeko gonbitea. Hartu, hasi eta ikusi. Ikusi aurrera jo ala bertan behera uztekoa gogoa duzun. Zer duzu galtzeko?
Bulkada
Zenbat poema iltzatu zaizkigun gure memorian oharkabean, poesiaz ari ginela ohartu gabe, sarritan kantu bihurtuta edo kale kantoiko iruzkin. Eta hala ere, poesia liburuak dira gutxien irakurtzen direnak, “zailak” edo “neketsuak” iruditzen zaizkigunak. Aukera bat emateko prest? Hona hemen proposamen bat.
Paperean irakurriz ez bada, musikaren bitartez ezagutuko zuten baten batzuek Jon Benito (Zarautz, 1981). Izan ere, Gari abeslariak Esperantzara kondenaturik, 16 lore eta Ez da amaiera lanetan hartu ditu zarauztarraren hitzak kantu bihurtzeko, azken diskoan, adibidez, Zure bila, Gure hitzak eta Begirada bat dira horren lekuko.
Aipatutako azken hiru poemok 2010ean Susa argitaletxearekin kaleratutako Bulkada poesia liburukoak dira. Harribitxi bat. Poema on asko dituen poesia liburu harrigarri bat.
Olerkietako batean Benitok berak zehazten duen moduan “Harremanez, lagunez, ideologiaren galeraz, diruaz, mugikorreko elkarrizketez, etorkizunerako dudan beldurraz, auzoaz eta nire herriaz, maiteminaz eta sexuaz, gertatzea nahi nuenaz eta gertatu ez zenaz, ikusten dudanaz, sentitzen dudanaz…” hitz egiten duten poemak dira bereak, gai unibertsalei buruz ari direnak, eta ondorioz, gure bizitzaren ispilu direnak.
Estiloari dagokionez, idazleak hautu bat egin du eta poemek geziek bezain zuzen jotzen gaituzte. Halaxe zioen idazleak Berria egunkarian Bulkada bere bigarren liburuaz “nik baneukan konpromisoa baliabide erretorikoak ahalik eta gutxien erabiltzekoa, gai korapilatsuez ahalik eta modu sinpleenean hitz egitekoa. […] Gustatzen zait beste idazle batzuengan ikustea nola idazten duten gauza oso konplexuez bitarteko oso sinpleekin, eta ñabardurarik galdu gabe. Horretan saiatu naiz”. Saiatu eta lortu.
Esandakoa liburua hartu eta irakurtzeko gogorik sortu ez badizu, entzun ezazu Gariren ahotsean liburuko poemetako bat: Hil ez denak.