2016-05-18
Sociedad - Gizartea

Kontsumo arduratsua bermatzeko, substantzien analisi zerbitzua

Substantzien analisirako zerbitzua bi testuingurutan lantzen du Hegoak Elkarteak, alde batetik Barañaingo Egoitzan eta bestalde, herri edo auzo desberdinetako jaietan bertan. Kontsumo arduratsurako gakoak eskaini dituzte.

Substantzien analisiaren irudia (Argazkia: Hegoak Elkartea)

Drogak gure jendartean duen jatorria, eragina eta kontsumo ereduaren inguruan hausnartzera gonbidatzen du Hegoak elkarteak. Arriskuak murrizteko estrategiak garatzeko, sustantzia ezberdinak kontsumitzeko momentuan hartzen diren erabakiak eta hauek baldintzatzen dituzten faktoreak kontutan hartzeko gogoeta egin dute.

Drogak izan dira, badira eta izango dira…

Kultura desberdinetan eta betidanik izan dira drogak, historian zehar funtzio desberdinak bete dituzte eta hauen erabilera askotan, pertsonek bilatu izan dituzten helburuekin lotuta egon izan dira.

Jakina da pertsona anitzak garela, bakoitzak geure izaera dugu, geure ezaugarri propioak, atsegite edo helburuak, eta helburu horiek lortzeko estrategia desberdinak. Honenbestez, norberak erabaki dezake drogak erabiltzea edo ez, eta zein helbururekin.

Hortaz, drogak gure gizarteak betidanik erabili izan dituen substantziak dira eta ondorioz, pertsona bakoitzak erabakitzen du kontsumitzea edo ez, eta horrela bada zein droga kontsumitu nahi duen, zein momentutan, zein aldiro, zertarako, etab.

Nola hartzen ditugu erabakiak?

Drogak kontsumitzea erabaki aurretik, hainbat gauza kontutan izatea gomendagarria da; hala nola substantzien inguruan informazioa bilatzea, honek lagunduko gaitu erabakia hartzen, izan ere drogen eragin positibo eta zein arriskuak baloratuko ditugu.

Erabaki bat hartu aurretik, norberaren ezaugarrien inguruan hausnarketa egitea ere da gomendagarria, adibidez, geure egoera pertsonala aztertzea, geure ohiturak, espektatibak etab. Bestalde, aurkitzen garen testuinguruari dagokionean, hala nola norekin gauden, nola sentitzen garen gauden horiekin, giroak izango duen eragina, hurrengo eguneko betebeharrak, etab. eta baita substantziari dagokion hainbat faktoreen inguruan; erabiltzea erabakitzen badugu honen kantitateak izango dituen eraginak, efektuak eta ezaugarriak, adulteratzaileak, etab.

Honen ondoren, prest egongo gara kontsumitzea aukeratu edo ezeztatzeko. Horrela izanik, kontsumitzea erabakitzen badugu, kontsumoarekin erlazionatutako arriskuak identifikatzea da gomendagarria, hartara, jarraibideak proposatu ditzakegu eta ongi prestatu hauek murrizteko. Bestalde, ez kontsumitzea erabakitzen badugu, arrazoi hori mantentzen lagunduko gaituen zenbait arrazoi bilatzea ere oso positiboa izan daiteke.

Substantzien Analisia Barañainen eta Jaietako esku-hartzean

Urteak dira Hegoak Elkarteak Substantzien analisirako zerbitzua abian jarri zuenetik, honela izanik, Nafarroa garaiko zerbitzu espezializatu bakarra esku-hartze hau burutzen eta honen funtsa, drogen kontsumo arduratsua egiteko erabakiak hartzeko hausnarketa prozesua izanik.

Substantzien analisirako zerbitzua bi testuingurutan lantzen du Hegoak Elkarteak, alde batetik Barañaingo Egoitzan eta bestalde, herri edo auzo desberdinetako jaietan bertan.

Jakina denez, substantzia ilegalen erabilera egitea erabakitzen badugu, kontutan izatekoa da zaila dela jakitea hauek zerez osatuta dauden, eta ondorioz, oso zaila izaten da erabaki arduratsuak hartzea, izan ere, ezin dugu jakin zein izango den egingo digun efektu zehatza, edo nola murriztu hauen erabilerarekin erlazionatutako arriskuak.

Zein behar asetzen du Hegoak-en Analisi Zerbitzuak?

Substantzien analisirako zerbitzuak, droga ilegalak erabiltzea erabaki duen pertsonari arreta espezializatua egitea ahalbidetzen du; bai Barañaingo egoitzan zein Jaien testuinguruan, jaiaz gozatzen duten pertsonekin eta momentu horretan bertan. Analisien emaitzen inguruko informazioa eskaintzen da; printzipio aktiboak eta adulteratzaileak, eta honekin batera, kontsumoaren inguruan arriskuak murrizteko hausnarketa prozesuak sortzen dira.

Prozesu honen eskutik, bakoitzak egin dezake substantzien erabileraren inguruan hausnarketa, hartara, norbere erabakien inguruan nola jokatzen duen ikustaraztean da, eta aldi berean, erabilera bakoitzarekin lotutako arriskuen inguruan sakontzea ahalbidetzen da, interesatuari bestelako informazio hezitzailea helaraziz.

Honetaz gain, droga legal zein ilegalen inguruko liburuxketan aurki daitekeen informazio gehigarriarekin sustatzen da hausnarketa prozesua eta honenbestez, substantzia bakoitzaren erabilerari lotutako arriskuak murrizteko estrategiak azaltzen dira, bakoitzak bere erabaki propioak hartu ditzan, informazio objektiboarekin.

Honenbestez, bakarkako arreta honetan ematen den prozesuak ahalbidetzen duena da, bakoitzak bere baliabideak ikustarazi, garatzea edo abian jartzea geure bizitzan erabakiak hartzerakoan hauek hausnarketa dutela abiapuntua, edozein iritzi errespetatuz eta honela arriskuak murrizteko estrategia bermatuz. 

 

 

 

 

Diseño y desarrollo Tantatic