2013-09-25
Sociedad - Gizartea

262 KILOKO ZAMA (I)

Zaborraren kudeaketaren eztabaidari heldu diogu bi zatitan banatu dugun erreportai honetan. Lehenengo honetan egoera aztertu dugu eta bigarrenean bizilagunen iritzia bilduko dugu.

Plazaberri

5615 tonelada zabor urtero, edo 261,8 kilogramo zabor biztanle bakoitzeko denbora tarte horretan, alderatzen badugu Barañainen biltzen den zabor kopurua herri honek dituen bizlanleen zenbatekoarekin, 21.444 lagun, 2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren datuen arabera. Bizilagun bakoitzak sortzen duen 262 kilogramo zabor batazbeste horrekin, zer egiten dugu? Nora doa zabor hori? Zer egin dezakegu hondakin horiek kudeatzeko?

Ganasak (Nafarroako ingurumen kudeaketa enpresa publikoak) eta Iruñerriko Mankomunitateak ikerketa egin zuten aurtengo maiatzean barañaindarrok sortzen dugun hondakin kopurua aztertzeko, eta ikerketa horren ostean bostgarren edukiontzia Barañainen probatzeko erabakia hartu zen, materia organikoa konpostai bihurtzeko asmoz.

5.615 tonelada zabor horretatik, 2370 tonelada materia organikoa da, eta hurrenez hurren, 702 tonelada bestelako hondakinek osatzen dute (haur-oihalak, harria, harea, obra-hondakinak, etabar). Beste 691 tonelada papera eta kartoia da, 573 tonelada plastikoa, 488 tonelada beira, 197 tonelada tamaina handiko aparatu, 168 tonelada metal, 124 tonelada etxe inauste, 112 tonelada plastiko ontzi -brikak- eta 95 tonelada ehun-gai eta beste 95 tona egur. Hau da, herritar bakoitzak, edonolakoa izanik bere adina eta egoera, urtean 110,5 kilo materia organiko, 32,7 kilo paper, 26,7 kilo plastiko, 22,7 kilo beira, 9,8 kilo tamaina handiko tresna, 7,8 kilo metal eta 19,8 kilo inauste, brik, zuntz eta egur sortzen ditu.

Mankomunitateak egindako ikerketaren arabera, maiatzean Barañainen Iruñerrian baino zabor gutxiago bildu zen: 22,23 kilogramo hondakin herritar bakoitzeko, Iruñerriko batazbestekoaren aurrean, 32,70 kilogramo biztanle bakoitzeko. Ikerketak ondorioeztatu bezala, Barañainen plastiko, metal eta brik ontzi kopuru nabarmena bildu zen eta batutakoa gainera ondo banatua zegoen dagokion edukiontzian; ontzien %44,5a bere kontainerrean ondo utzita baitzegoen, Iruñerriko batazbestekoa %31a delarik. Baina, era berean, bildu zen papera, beira eta inauste kopurua txikiagoa izan zen Iruñerriko batazbestekoarekin alderatuta.

Zabor gutxiago

Hamar urteetan Iruñerriko Mankomunitateak bildu duen materia organiko kopurua ez da asko hazi eta aurkakoa ere egin du, 2006tik geroz eta hondakin organiko gutxiago biltzen baita Iruñerrian, eta 2012ko datuak hoberenak izan dira hamar urte hauetan. Berdina gertatu da paperarekin, 2008tik gutxiago biltzen baita, baina brik ontziak, plastikoak eta beirak antzeko bilketa kopuruak mantendu dituzte hamar urte hauetan. Osotara, 2003ko hondakin kopuru berdinera iritsi gara Iruñerrian, 136.806 tonelada, kopururik altuena 2008an izan ondoren (153.968 tonelada) eta bizlanleria urte hauetan hazi egin dela kontutan hartuta. Iazko datuei begiratuz gero, ikusiko dugu gehien birziklatzen dena papera eta kartoia dela (14.702 tonelada) eta bizitza laburragoa dutela beira eta inauste hondakinak (8.170 eta 5.440 tona, hurrenez hurren).

Datu hauek ikusita, zabor gutxiago sortzen dugula argi dago, baina nora doa sortzen dugun zaborra? Hondakin organikoek eta ontziek Gongorako Zabor Tratamendu Zentroan bukatzen dute bere ibilbidea. Bertara heltzen dena banandu egiten da eta konposterako baliagarria dena Arazuriko araztegira bideratzen da, nahiz eta Nafarroako Gobernuak aurreikusita duen konposta egiteko instalazio bat sortzea. Bitartean Barañaingo bostgarren kontainerraren hondakin organikoa HTN eta Mendyra enpresek bihurtuko dute konpost. Gongorara heltzen den zabor organikoa, iragazi, trinkotu eta lurperatzen da, baina bizitza mugatua du Gongorako zabortegiak, 30 urteren buruan 2022an bere aktibitatearekin amaitzeko akordiora iritsi baitziren Arangurengo Udala eta Iruñerriko Mankomunitateak.

Paperaren birziklapena enpresa batek kudeatzen du, lehiaketa publiko baten ondoren, eta beiraz Ecovidrio elkartea arduratzen da. Azkenik, Traperos de Emausek aparatuen eta oihalen bilketaz eta berreskurapenaz arduratzen da.

Europako xedeak

Hala ere, hondakinek badute beste muga bat agerian: Europar Batasunak zaborren erdia birziklatua edo konpost bihurtua nahi du 2020rako. Gaur egun %27,3ko birziklapen tasa du Iruñerriak, Mankomunitateak adierazi bezala, nahiz eta 2002an portzentaia % 17,20koa zen. Dugun erronka hondakin organikoaren birziklapena hobetzean datza, eta horregatik hartu du horrenbesteko garrantzia konpostaiak eta zaborraren bilketa bereiziak.

Alternatibak

Birziklagarriak ez diren zaborrekin bukatzeko 2010-2020 Nafarroako Zaborren Kudeaketa Plangintza Integralak errausketa lehenetsi zuen. Hala ere, Sakanako Mankomunitateak eta Sustrai Erakuntza Fundazioak plangintzaren aurka helegitea aurkeztu zuten Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenean 2011an, eta honek plangintza baliogabetu zuen. Epaitegiaren iritziz, gobernuaren proposamenak ez zuen zehazten non kokatu behar ziren errauste instalazio horiek eta hauek ezin ziren ekimen pribatuaren eskutan utzi. Hala ere, Nafarroako Gobernuak erabakiaren aurka helegitea aurkeztu zuen.

Errausketaren aldekoek Europako beste herrialdetan egiten dena jartzen dute sistema honen erakusle bezala. Izan ere, errausketa zaborrekin amaitzeko sistema erabilienetarikoa da Suedian eta Dinamarkan -non instalazio hauetan sortzen den energia erabiltzen den etxeak berotzeko-, Austrian, Alemanian, Herbereetan edo Belgikan. Era berean, europako legeek arautzen dute nola eta zein baldintzetan egin behar den zaborraren deuseztapen hau.

Hala ere, aipaturiko herrialdeak munduan gehien birziklatzen dutenak ere badira eta horietan bilketa bereiziko sistemak lehenetsi dira. Era berean, herrialde horietan errauste instalazioak energia sortzeko bideratuta daude nagusiki, eta ez zemendu industriara zuzenduta, hauek erabiltzen baitute beste erregaien ordezko.

Errausketen aurka daudenak, aldiz, horiek ezartzeko nahiaren atzean interes ekonomikoak direla salatzen dute. Greenpeacen iritziz hobeto birziklatuz gero administrazioarentzat etekin ekonomikoa handiagoa izango litzateke, 2012an egindako "Zaborren errausketaren atzeko atea" txostenean adierazten den bezala. Baita, errausketa prozesurako energia behar guztiak zenbatzen ez direla uste du erakunde honek, edozein hondakin ezin delako erre eta errausketak ez duelako petroleoaren ustiapenarekin bukatzen. Era berean, ingurumenean zenbaezinak diren produktu toxikoak aireztatzen direla dio Greenpeacek, ez delako zemendu instalazioen kontsumoa egoki kontrolatzen. Erakunde ekologista honen aburuz, lehenetsi behar dena hiri zaborren birziklapena da, zaborren gehiengoa oraindik nahastuta biltzen baita, eta europako legeek birziklapena lehenesten baitute.

Atez atekoa

Hobeto eta gehiago birziklatzeko sistema ugari sortu dira, azkenaldian eztabaida sortzen duen atez atekoa kasu. Sistema honek, bere berezitasun eta ezarpen modu ezberdinekin ere, ez da gune txikietan bakarrik ezarri daitekeen sistema bat, izan ere, herrialde handitan ere erabiltzen baita. Sistema honek herritarren esku uzten du zaborraren bereizketaren ardura. Herbereetan adibidez, non munduko birziklapen tasa handienetarikoa duten, hondakin organikoentzat atez ateko sistema erabiltzen dute. Norbanakoek beren etxeetan hondakinak bereizten dituzte, baina astero egun eta ordu jakinetan bakarrik igarotzen dira zabor-kamioiak eta kontainerrak soilik beirarako - kolorearen arabera banatzen da beira-, plastikozko ontzietarako eta kartoiarentzako erabiltzen dira. Ezarrita dagoen egunaren beharrean beste egun batean zaborra ateratzen duenari, hura irekitzen diote eta egilea identifikatzen saiatzen dira zigortzeko asmoz. Atez ateko sistemak eta puntu berdeak nagusi dira europako iparraldeko herrietan, eta edukiontziat hegoaldekoetan. Zaborra egunero biltzen da Espainiar estatuan, Portugalen eta Grezian bakarrik. Beste herrialdean, ordea, astean behin edo bitan, edo hamabostaldiro biltzen ohi da. Era berean, iparraldeko herrialde askotan, Herbereetan, Alemanian, Belgikan eta Austrian zaborraren gaineko zerga aldakorra da, eta zabor gehiago sortzen duena gehiago ere ordaindu behar izaten du.

Diseño y desarrollo Tantatic