2017-03-30
Cultura - Kultura

20. Korrikaren lekukoa zabaltzeko prest

Gaur arratsaldean hasiko da euskara bultzatzen duen lasterketa erraldoia, Otxandion emanen ditu lehen pausoak. Hamaika egunez Euskal Herriko txoko, herri, paisaia, bide, eta zubiak igaro eta gero, Iruñera iritsiko da aurten, Nafarroako bihotzera

Argazkia: Agustin Peña

LARRAITZ AMADOZ LAZKANO. 1980 urtean egin zen lehen Korrika, Oñatin hasi eta Bilbon bukatu zen, Zuk ere esan bai euskarari lelo pean. Hogeita hamazazpi urte hauetan euskararen aldeko ekimen honen inguruan sare zabala sortu da Euskal Herri osoan, horretan ez da atzean geratu Barañain. Ekimena sortu eta urte berean Barañaindarrek korrika  batzordea abian jarri zuten, arez geroztik, ez dira geldirik egon, urtez urte ekitaldi ugari antolatu dituzte, baita aurten ere. Barañaingo Korrika Batzordeko Joxerra Martinezekin izan gara azkeneko prestaketen berri jakiteko.

Noiz sortu zen Barañaingo Korrika Batzordea?

Barañaingo Korrika batzordea lehen Korrikarekin batera sortu egin zen. Garai hartan ez zuten izen berdina izanen, baina sorreran zituzten helburuak gaur egungo berdinak dira. Hogeita hamazazpi urte pasa eta gero, Korrika Batzordearen formatuak aldatu dira, baina gure helmuga berbera da lehen esan dudan moduan.

Nortzuk osatzen duzue Batzordea?

Urte guzti hauetan egia esan jende asko pasa gara hemendik. Jende berria sartu egin da, eta belaunaldi aldaketa eman da. Barañaingo pertsonak gaude Batzordean, guztiak euskaldunak gara, lan desberdin eta eginkizun anitzetan aritzen gara eta Korrika maite duen orori irekita dago.

Zein dira zuen helburuak?

Euskal Herriko herri askotan daude batzordeak, eta ia gehienok helburu antzekoak ditugu. Lehenik eta behin, Korrika bera antolatzea oso garrantzitsua da guretzat, tokiko ekitaldiak prestatzen ditugu, eskualdeko ekitaldietan parte hartzen dugu etab. Beste helburu zehatz batekin jarraituz, urtero kilometro bat erosi egiten dugu eta horrekin batera, Barañaingo jendearengana Korrika hurbiltzen saiatzen gara.

Korrikak ze esanahi dauka zuentzat?

Guretzako Korrika emozio hutsa da, hunkigarria da, euskararen festarik handiena da, euskaldun gehien erakartzen dituen ekimena, gozatzeko, bizitzeko eta benetan zirraragarria den unea da.

Zenbat denbora daramazue Barañaingo egitaraua prestatzen?

Urtarrila aldean hasi ginen lanean. Hasieran, bileren maiztasuna txikia zen, eta Korrika gerturatzen joan den heinean handitu egin dugu. Geroz eta gertuago geroz  eta lan gehiago izaten baitugu.

Zer duzue aurtengo egitarauan?

Aurreko Korrikan baino zerbait gehiago sartzen saiatu gara aurten. Honen bidez, pertsona askorengana iristeko asmoa izan dugu antolatu ditugun ekimenetan. Korrikako materiala saltzeko denda batekin hasi ginen lehenik,  eta hortik aurrera denetatik antolatu dugu herrian. Korrika dokumentalaren emanaldia izan genuen aurreko astean Kultur Etxean eta baita Korrika bertso poteoa. Korrika Zunba izanen dugu ostiral honetan, eta Zirkorrika abestiarekin urrats batzuk egiteko aukera izanen da. Kontzertu bat antolatu dugu eta Korrika Txikia. Barañainen Korrika Txikiak garrantzi handia dauka, ekimen handia da, hiru eskoletako haurrak, haur eskolak eta institutuak mugiarazten ditu eta jendetza biltzen da.  Gure kontuen arabera, guztira 1.000 haur eta gaztek parte hartzen dute, beraz, nabarmena kopurua.

Ze nolako egoera ikusten duzue Barañainen euskarari dagokionez?

Geroz eta egoera hobea dugu Barañainen. Oraindik ere hobetzeko gauza dezente dauzkagu, baina pozik gaude hala ere. Duela bi urte euskararen astea hasi zen Barañainen eta oso indartsu gainera eta harrera ona izan zuen. Euskararen erabilera bultzatzeko ere beste ekimen batzuk egin dira, eta egia esan arrakasta izan dute. Aldaketa politikoari dagokionez ere, nabaria izan da Udalaren jarrera. Lehenago euskaldunok gure burua arlo batzuetan nahiko baztertuta ikusten genuen, egun, gauza asko hobera aldatzen ari dira.

Jende askok parte hartzen du Barañainen?

Ba bai, lehen aipatu dudan moduan, Korrika Txikian 1.000 haur eta gaztek parte hartzen dute. Korrika ofizialari dagokionez, ordua, eguna eta eguraldiaren arabera asko alda daiteke. Aurten oso goiz pasako da eta horrek baldintzatu lezake parte hartzea. Hala ere, normalean jende asko ateratzen da kalera euskararen alde eta edizio honetan, Iruñean bukatzen denez, ez dago aitzakiarik.

Noiz iritsiko da Barañainera Korrika?

Apirilaren 9an iritsiko da goizaldeko 05:30etan. Landabengo aldapatik igo eginen da eta herrian bi kilometro  eginen ditu. Aurtengo Korrikan Barañaingo Udalak kilometro bat erosi du, eta guk dakigunaren arabera hau ez da aspaldian gertatu. Udala izanen da lehen kilometroa  eramanen duena, eta bigarrenean Korrika Batzordeak hartuko du lekukoa. Kilometroa ordaintzeko, eta lekukoaren eramailea hautatzeko zozketa bat egin dugu.

Diseño y desarrollo Tantatic