2014-01-20 Kultura · Cultura

«Musika, herriaren adierazpen bat da, beraz borroka-molde bat da»

Nekez taldeak "Zure esku" diskoa aurkeztu berri du eta hemendik gutxira "Altxa gazte!" abestiaren bideoklipa ere izango dugu ikusgai

Nekez taldeko laukotea. Argazkia: Nekez.

Nekez musika taldeak "Zure esku" diska berria aurkeztu du eta aurki bideoklipa zabalduko dute sarean. 2007an sortu zen talde hau eta egun Eder (Kitarra), Ion (bateria), Ander (baxua) eta Joseba (ahotsa) osatzen dute. Eder eta Ion Barañaingo gazteak dira eta hasieratik daude taldean. Nekez, 2007an sortu bazen ere 2006ko udan, koadrilla berekoak diren Eder eta Ion, taldearen zutabeak jarri zituzten. 2007an bost osatzen zuten taldea: Eder (kitarra), Mikel Flamarike (kitarra), Josu Berrade (baxua), Joseba (ahotsa) eta Ion (bateria). 2009an taldeak bere lehenengo aldaketa izan zuen: Josuk bere beste taldearekiko (Kasu, RPV) konpromezu musikalagatik utzi behar izan zuen eta Ander (Elektrotxarangan ibilitakoa zena) bere ordez sartu zen. 2010ean boskotea laukotea izatera igaro zen, Mikel Flamarikek taldea utzi zuelako.

Zein asmoekin bildu zineten? Nondik datorkio izen hori?

Gure hasierako asmoa oso xumea izan zen, abestiko ideak garatzea ta ongi pasatzea, besterik ez zen eta aurten izanen da 7. urtea musikaz gozatzen!

Izenaren erabakitze hori ezustean izan zen, Artsaiako lokaletan entsaiatzen ari ginen eta izen bat behar genuen. Besteen artean gustokoena izan zen Nekez, motza delako, gogoratzeko erraza delako eta bere sendotasunagatik. Nekez hitzaren esanahiak lagundu egin gaitu gure ibilbide osoan, nahiz eta gure bidea zaila izan oztopo guztiei aurre egin diegu eta tira… Hementxe gaituzue inoiz baino biziago eta indartsugo!

Zenbat kontzertu eman ditu Nekez taldeak orain arte? Zein izan da zuentzako bereziena? Zergatik?

60 kontzertu inguru eman ditugu. 2013. urtea kontzertu gehien eman ditugun urtea  izan da, 25 kontzertuekin. Kontzerturik bereziena zalantarik gabe, iazko Hatortxu rock-ean izan da. Guretzat ametsa zena egi bihurtu zen. Honetaz gain "Libre" ekitaldietako kolaborazioak oso hunkigarriak izan dira. Bira akustikoa ere sentimenduz beteta egon zen... baina azken finean kontzertu guztietan disfrutatzen dugu eta dena ematen saiatzen gara.

Nola definitzen duzue zuen musika estiloa?

Galdera hau oso zaila da. Gure musika estiloa garatzen eta aldatzen joan da, estiloen amalgama baita. Rock and rolletik hasten, Metalekin jarraitzen, Metalcore, Metal, Indie, Pop melodiak ere bai… baina orokorrean Rock-Metal melodiko gisa definituko genuke.

Badirudi Nekez taldeak ibilbide nahikoa egina duela etorkizunean jarraitzeko... Proiektu honekin aurrera jarraitzeko asmorik?

Gure asmoa aurrera jarraitzea da eta gure mezua etengabe zabaltzea ahalik eta jende gehien entzun dezan. Esan genezake proiektuaren berjaiotzea ematen ari dela, kaña, kaña eta kaña!!! Gainera laster gure lehenengo bideoklipa kaleratuko dugu, otsaila eta martxoa bitartean bira txiki bat egingo dugu. 2015erako diska berria grabatzea espero dugu. Beraz, lan nahikoa dugu etorriko diren hilabete hauetan... jeje.

Euskarazko letrak dituen musika-talde nafar askorik ez dago... zergatik egin du Nekez taldeak euskara hutseko abestiak egiteko apostu hori?

Nortasun ezaugarri gisa hartzen dugu euskara, beste gauzen artean euskal herritarrak garelako eta euskararen herrian bizi garelako. Egun, euskararen egoera zail xamarra ikusten dugu eta gure ikuspuntutik euskarari egin ahal diogun ekarpena hauxe da; euskaraz abestea. Bestalde euskara oso hizkuntza melodikoa iruditzen zaigu, eta euskarazko konposaketa prozesua oso polita delako, nahiz eta askotan zailagoa izan... Baina tira, hau da gure kultura, gure hizkuntza eta gure bizimodua.

Zein ekarpen egin diezaioke musikak beste eredu sozial baten aldeko eraldaketari?

Musika herriaren adierazpen bat da, beraz borroka-molde bat bezala kokatuko genuke. Musika, gauza asko izan daitezke, baina eraldaketa sozialaren tresna oso garrantzitsua da, mezua gizartearen eremu guztietan hedatzen delako eta era berean edonork entzuteko eta mezua garatzeko aukera duelako. Aukeraz haratago eskubidea badelako. Laburbilduz musikak eraldaketa sozialari, ukaezinezko ekarpena egiten dio. Gure kezkak eta mezua botatzen saiatzen gara, baina gero bakoitzak bere esanahia ematen dio eta mezua nahi duen edo ulertzen duen moduan jasotzen du, berea eginez.

Zenbat disko kaleratu dituzue orain arte? Eboluzioren bat somatu al daiteke? Noruntzkoa?

Dagoeneko hiru lan kaleratu ditugu. Lehenengoa, 2010an akustiko formatuan bateri jolea faltagatik “Askatasuna itxaropen saioak”. Bigarrena, 2012an laukote moduan jada, “Argiak piztu!”. Eta azkena, 2013ko ekainean “Zure esku”.

Noski eboluzionatu dugula, gure lehenbiziko lana akustikoa zen eta bigarrena distortsioarekin, akustikoan genituen abestiak birmoldatu genituen laukote modura, distortsio eta bateriarekin jotzeko. Azken lan hau askoz trinkoagoa eta sendoagoa da eta heldutasun musikala somatzen da ere bai. Baina urteak pasa ahala gure ikuspegi musikala aldatzen da entzuten ditugun taldeen eraginagatik, gizarte egoeragatik, barruan ditugun kezka eta arazoengatik... Erroa edo esentzia galdu gabe, saiakera hori egiten dugu behintzat.

"Rok radikal vasco": iraganean gelditu den etiketa edo bizirik dagoen mugimendua?

Etiketa baino, jarrera bat izan zen, nortasunarekin lotuta. Herri borrokalari baten askatasun grinarekin lotuta. Gure ikuspegitik konparaezina da baina “Rok radikal vasco”-k eraikitako sustraiak bizirik diraute. Aldarrikapenak mantentzen dira eta aldarrikapen horiek momentuko egoera politikoarekin bat datoz. Baina musika estiloak aldatu dira, hala ere egun ikus ditzakegu talde batzuk mugimendu hau bizirik mantentzen dutela, musika estiloan, jarreran eta aldarrikapenetan.

Duela gutxi aurkeztu zenuten “Zure esku” izeneko diskoa. Nondik datorkio izen hori?

"Zure esku" izenburuarekin dena zure esku dagoela helarazi nahi dugu. Zuk nahi duzun proiektua, gogoa izanez gero, egi bihur dezakezu. Gaur egun inork ez du ezer egingo gure alde. Nahi duguna gure kabuz eta gure eskuz lortu edo egi bihurtu behar dugula. Eta horri ekin behar diogu, lan, lan eta lan.

Diska honetan aldarri sozial asko somatu daitezke: presoak, euskara, egungo egoera sozioekonomikoa... nondik datorkizue hainbesteko kezka?

Bizi ditugun garaiak ez dira sofan gelditzeko, ixil ixilik. Guztiz kontrakoa egiteko baizik. Eta bereziki egungo egoeran. E.H.an, errepresio zikina pairatzen urteak daramatzagu, bi estatu errepresiboengatik, gure nortasuna ukatzen eta kapitalismoa egiten dituen sarraskiak salatzen. Gaurko egoera, kapitalismoak hamarkada askotan zehar egindakoaren emaitza da. Eta guk justizia sozialaren aldekoak garenez eta berdintasuna arlo guztietan aldarrikatzen dugunez, ezin gara ixilik geratu. Eta ez gara ixilduko.

"Altxa gazte!" abestia, egungo gazteriaren pasibitatearekin apurtzeko deia al da?

Horrela da argi eta garbi. Gaur egun lokalean edo bajeran sartzeko rutina hartu dugu, ez dugu burua altxatzen, ez dugu kontzientzia kritikorik. Abesti honekin kontzientzia eta burmuin horiek piztu eta esnatu nahi ditugu. Nahi duguna lortzeko mugitu behar garela argi utzi nahi dugu. Gazteen ordua da, gure ordua. Guk dugu iraganaren giltza eta momentua da kontrola hartzeko eta egoera aldatzeko. Politikarien eskuetan uzten badugu... jai daukagu!!

Zer esan nahi duzue "gorantz eroriko gara" esaldiarekin?

Amets berriak helduz eta helburu berriak lortzen saiatuz, aukera dagoela huts egiteko eta erortzeko. Baina nahiz eta erori, lagunduko gaitu sendoagoak izaten, ikasten eta gauzak modu hobeago batean egiten. Erortzea, ikasteko modurik azkarrena eta eraginkorrena baita. Ez dugu beldurrik izan behar, ezerk ez digu beldurrik eman behar. Beraz, saiatu eta lortuko dugu!

Nori edo zeri eskaintzen diozue "Nekaezina" abestia?

Orokorrean aurrera jarraitzen laguntzen gaituzten pertsona guztiei. Gure diskak erosten duzuenoi, gure musika gustuko edo ez, baina entzuten duzuenoi, kontzertuetan abesten eta saltoak ematen egoten direnei, iruzkin eta hitzekin aurrera joaten laguntzen diguzuenoi, eta azken finean zuen arnasa eta bultzada ematen diguzuen pertsona guztiei. Nekaezinak zarete!!! Milesker bihotzez!!!!

Orain bideoklipa grabatzen ari duzue. Zer da horretan ikusiko duguna?

Indarra, gorrotoa, kalitatea eta gizartea aldatzeko gogoa.

Zein abestiak jarriko dio musika? Noiz aurkeztuko duzue?

"Altxa gazte!" abestiak jarriko dio musika bideoklipari eta espero dugu bideoklipa hilabete honen bukaeran ikusgai egotea. Laster izango dugu ikusgai... Ikusteko aukera izango duzue noski!

Noiz ikusi ahalko dugu Nekez kontzertuan?

Hurrengo data konfirmatuak: otsailaren 7an, Kauta taldearekin Olaztiko gaztetxean eta 21ean Txantreako Akelarre tabernan. Martxoan Lizarran, Tafallan... egonen gara eta aurrerago Bizkaia eta Gipuzkoa aldera ateratzeko aukera izanen dugu. Gonbidatuak zaudete noski!! Nekez zuzenean zer den ikusteko aukera izanen duzue hurrengo hilabeteetan.. Milesker denagatik eta besarkada handi bat lauron partez. Nekez. Zure esku.

Itzulpena > Traducción

El grupo de música Nekez presenta su nuevo trabajo "Zure esku"

Este grupo de música compuesto por Eder (guitarra), Ion (batería), Ander (bajo) y Joseba (voz), se creó en 2007 y mezcla diferentes estilos como Rock and roll, Metalcore, Metal, Indie y Pop melódico. Los jóvenes de Barañain y de la misma cuadrilla Eder y Ion fueron los que pusieron las bases del grupo en el verano de 2006. En 2007 eran cinco los integrantes de este grupo: Eder (guitarra), Mikel Flamarike (guitarra), Josu Berrade (bajo), Joseba (voz) y Ion (batería). En 2009 el grupo afrontó el primer cambio cuando Josu salió del grupo por compromisos con otro grupo de música (Kasu, RPV) y Ander (de la Elektrotxaranga) ocupó su lugar. En 2010 Mikel Flamarike salió el grupo, pasando este de cinco a los actuales cuatro integrantes.

A parte de presentar nuevo disco, Nekez está inmerso en la edición de un videoclip que pronto presentarán. Anuncian que el videoclip será toda una expresión de rabia, ganas de cambiar la sociedad, fuerza...  Nekez es un grupo musical que ha hecho todas las canciones en euskera y que se muestra muy inquieto por las problemáticas sociales y políticas de la actualidad.

Diseño y desarrollo Tantatic