Nola ekin dio Alaitz ikastetxeak ikasturteari?

2020-2021 ikasturtea gel hidroalkoholikoz blai hasi da, gure herriko haurren barne mundua aberastuko duen oasi txiki bat sortuz koronabirusaren mortuan. Irakasle, langile eta ikasleak nola moldatu diren jakiteko, elkarrizketatxo bat egin diegu zentruko bi irakasleri, eta guri erakutsitako alaitasuna eta gogoa izan dira nagusi lehenengo aste korapilatsu hauetan. Haurrak izan dira haien motibazio nagusia, baita inspirazio iturri ere.

Hiru aste igaro dira, pandemia garai betean, ikasturteari hasiera eman zitzaionetik. Bitxia da Alaitz ikastetxeko patioa hesiz, konoz eta koloretako lerroz zatitua aurkitzea. Barañainen bertan izan ziren ikasleen positiboen harira, jakin nahi izan dugu Alaitz ikastetxean nola abiatu duten kurtsoa. Horretarako, bi irakaslerekin bildu gara, irrifarrez eta abegikor, gure galderei erantzun dietenak. 

 

Ikasleek, nola azaltzen dute koronabirusa?

Etxetik jada oso kontzientziatuta datoz, eta, aldi berean, oraindik ere jakinminez. Izan ere, gai honetaz denok dakigu zertxobait, gure etxera edo gure errealitate hurbilera iritsi den informazioaren, edo izandako esperientzien arabera.

 

Haien eguneroko harreman edo elkarrizketetan, birusak presentzia handirik al du?

Zorionez, esango nuke ezetz. Zoritxarraren zoriona, konfinamendua bizi eta gero, ene uste apalean, ikasleek beharra zuten haien adinekoekin harremantzeko, izugarrizko beharra. Beraz, haien interes propioak, haien kontuak... gailentzen dira elkarrizketetan. Patioan zertan jolastuko duten, noren txanda den, ea nork korrika egiten duen azkarrago… Entzuten da gehien bat.  Jakina, baten batek gaia ateraz gero, gainonztekoak koronabirusaz eta gertatutakoaz hitz egitera jaurtizen dira segidan.

 

Orokorrean, nola daramazkite kontingentzia planeko neurriak?

Momentuz, ene uste apalean, bikain. Guk espero genuena baino askoz ere hobeki. Guraseo askoren iritzia ere hori da, isladatu didatena, orokorrean eskolan sentitzen direla oso lasai, pozik, eta ojala luzerako izatea.

 

Alaitzek, berez, oso ezaugarri aproposak ditu segurtasun neurriak bermatzeko, ezta?

Bikainak. Eskolako espazioak zabalak dira, ate eta sarrera ugari ditugu, eta ratioak txikiak dira. Gainera, ikastetxe honetan lan egiten duten langileak, garbitzaileetatik hasita, paregabeak dira, eta denok ibili gara elkarrekin lanean buru belarri.

.

Nola aldatu da ikasleen errutina?

Ikasleak sarri helduak baino hobeto portatzen dira neurriei dagokienean. Patiora jeistean adibidez, kezkatzen gintuen nor bere eremutik ezin ateratzea, edo baloirik gabe egon behar izatea… Baina klasekideak denak elkarrekin jolasten aurkitzen ditugu. Lehen bereiztuta egoten ohi ziren, futbolzaleak alde batetik, beste batzuk beste alde batetik, besteak bestetik… Eta orain, euren esparruan sartuta, elkarrekin ibiltzen dira. Ez dago bakarrik geratzen denik. Eta Barañaingo lakuan ere nabari izan da hau, lehen neskak eta mutilak adibidez ez ziren orokorrean harremantzen, eta orain han ikusten ditugu, bereizketarik egin gabe. 

 

Eta gurasoek zer moduz daramate neurriak errespetatzearena?

Gurasoek haien seme-alabentzako hoberena nahi dute, hortaz, ahal den guztia egiten ari garela iksuten badute, kontent gera daitezke eta aise moldatzen dira. Kasuak kasu, uste dut, momentu honetan ikastetxe honetan dugun egoeraz inor gutxi kejatu daitekeela.

 

Urritik aurrera ordutegi jarraia egonen da, nola uste duzue moldatuko direla gurasoak?

Pasa den urtean proposatu genuen jada, eta iruditzen zait gero eta kontzientziatuago gaudela Europari begira eta Nafarroako zenbait tokitara begira dakartzan onurez. Noski, familia bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu. Eta une honetan, egia da familiek ahalegin handia egin dutela. Jardunaldiak murriztu dituzte, norbait kontratatu.... Eta gehien kezkatu dituena jantokiaren zerbitzua izan da, eta hori badugu. 

 

Irakasle gisa, eskola ematerakoan, zein da nabaritu izan duzun traba nagusia?

Musukoaren erabilera. Gure burua babesten badu ere baditu bere desabantailak. Alde batetik, askorentzat ama hizkuntza ez den euskararen irakaskuntza zailtzen du, ezin baitute ahoa ikusi ahoskerari dagokionean. Bigarren mailan, adibidez, tz, tx eta ts bereizteko. Bestalde, ez digu emozioak erraz adierazten uzten, ezta ikasleenak zehazki atzematen ere. Nekatuta dago, edo despistatuta? Musukoaz gain, lehioak eta ateak irekita edukitzera behartuta gaude, hargatik sortzen den zarata gogaikarria izan daiteke. Musukoa jantzita hitz egin behar izatea, gehi kaleko zarata, gehi ondoko klaseetako hotsa… Nekagarria egiten da. Orain gainera musika ikasgaia haien ikasgelen baitan ematen dute, pareko gelan ingelesa ematen ari diren bitartean, esaterako.

 

Egoerak nola eragin du zure klase emateko moduan?

Nabaritu da guk erabiltzen genuena metodologia kooperatiboa zelako (Ikaskuntza Kooperatiboa ikasleen talde lanean oinarritutako programa metodologiko bat da. Teknika desberdin eta anitzen bitartez, ikasleek batera lan egiten dute amankomuneko helburu batzuk lortzeko non taldekide guztiak arduradunak diren) eta orain hori ezin da. Klaseak orain antzuagoak dira, ezin baitute albokoarekin batera lan egin edo elkarri lagundu. Teknologia berrietara jo dugu trabak gainditzeko. Bestetik, gertutasuna falta zaigu, ikasleak laguntzeko eskua sorbaldan jartzea edo arreta deitzeko besoan taupadatxoa… Eta haiek ere, jolasten ari direla, besarkadak erdibidean nola eten behar izaten dituzten ikusten dugu. 

 

Irakasleen eguneroko errutina nola aldatu da?

Irakasle gelara, adibidez, lehengoan elkar ikustera edo zerbait komentatzera etorri ohi ginen noizero, eta hori faltan botatzen da. Irakasleok eskaileretan elkar agurtu behar izaten dugu orain, aspaldiko partez eta labur-labur. Eta batu zaizkigun irakasle berriak ezagutzen arraroa da, aurpegia musuko atzean izkutatuta baitute.

 

Nola ikusten duzue aurretik dugun ikasturtea?

Astez-astez hartzen dugu, pausuz-pausu. Aste hau ondo joan da, ikusiko dugu datorren astean… Bestela, urrutiegira begira jarriz gero agobiatzen zara. Egia da, aukera desberdinen aurrean nola jokatu jakin ahal izateko planak ere egiten ditugula, aste baten buruan hurrengo asterako aurreikusi ditzakegunak. Aste hau, programa hau, plan hau. Poliki-poliki.

 

Irakasleak, pandemiari aurre egiteko orduan, bakarrik sentitu izan zarete?

Bai, nik uste baietz. Martxoan, hasi zenean, egun batetik bestera itxi ziren eskolak, eta gure esku geratu zen nola moldatu asmatzea. Nabaritu izan da komunikazio falta edo ez gaituztela ongi bideratu edo lagundu. Askotan iruditu zaigu galdetzeko deitzen genuela, eta ez genuela erantzunik jasotzen. Eta egun batean gauza bat esaten zigutela eta hurrengoan beste bat. Orain kurtso hasieran gauza asko ongi egin dira baina beste asko ez, esan zuten hau eta bestea egingo zela eta hori ez da gauzatu. Baina bai zabaltzen dutela prentsan. Eta gurasoek hori ikusita, uste dute ikastetxea dela betetzen ari ez dena. Adibide bat ematearren, esan zen laugarren mailatik aurrera ikasle bakoitzak Chromebook bana jasoko zuela, eta horrela zabaldu zen gurasoenganaino. Baina ikastetxera iritsi direnak, talde bat konfinatuz gero, haiei emateko adina besterik ez dira. Orduan, mezu kontraesankor hauek eragiten dute kexak guk jasotzea. Ematen du guk ez dugula plan bat, baina hura prestatzeko formakuntza berandu hasi zen, eta ongi ez zebilen programa baten bidez. Gure gain dagoen presioa jasotzen dugun laguntza baino handiagoa da. Gu gara familiengandik gertuen gaudenak, eta guregana jotzen dute guk ez ditugun erantzunen eske. Gurasoen presioa batetik eta Hezkuntza departamentuaren presioa bestetik, eta gu tartean. 

 

Ikasturte hau, labur-labur, nola deskribatuko zenukete?

Lan handia izan dugu, antolaketa aldetik, sarrerak, patioaren banaketa… Baina harridura ere. Nik ez nuen guraso eta ikasleen aldetik arauak betetze aldera hain erantzun ona jasoko genuenik espero. Baina aldi berean gurasoek gure gain jartzen duten zama nabari dugu. Kontraesan ugari dago. Guk hemen ahal dugun guztia egiten dugu, eremuak bereiztuz, kontrolatuz… Baina hemendik irtetean egiten duguna jada ez dago gure esku. Bestalde, gure baliabide teknologikoak edo sareko prestakuntza ez da nahikoa konfinamendu bati aurre egiteko. Ikastetxea berez ez dago horretarako prest. Gure ordenagailuek ez dute webcam-ik, ez dago ikasgelan kamararik, nola emango ditugu klaseak orduan streamingnean? Azkar ikasi dugun arren, internet konexio motela edo euskarrietan arazoak izan ditzakegu. Gu saiatzen ari gara eta formatzen ari gara, baina tope bat dugu. Sarri eskatzen zaigu edukiak lehen bezain azkar eta eraginkor ematea, baina une honetan ikastetxe baitakoa ez da nahikoa, etxekoak balio handia du, eta gurasoek presente egon behar dute, maila akademikoan eta emozionalean ere. Denok jarri behar dugu gure partez, ikastetxeak ez baitu ikasle bat hartzen, familia osoa baizik.    .

Itzulpena > Traducción

Cómo ha empezado el curso el colegio Alaitz?

Es raro ver el patio del Alaitz limitado por conos y rayas de colores, y visto los casos positivos que se dieron en nuestro pueblo nada mas comenzar el curso, hemos querido saber como le ha ido al Alaitz. Para ello, nos hemos reunido con dos profesoras que nos han contestado a todas las preguntas con los brazos abiertos.

Diseño y desarrollo Tantatic