2026-02-09
Educación - Hezkuntza

‘Barañaingo Patioak’eskoletako patioak birmoldatzeko proiektua

Finantziazioa bilatuz aurrera doa parte-hartze prozesua.

Plazaberri- ‘Barañaingo Patioak’ proiektuaren talde eragileko hainbat kide.

Barañaingo haurrek egunean ordu ugari pasatzen dituzte eskolan, bai eta eskolako patioan ere. ‘Barañaingo Patioak’ ekimenak analisi zorrotza egin zuen hauen inguruan, ondorioztatuta patioak haurrentzako atseginagoak eta inklusiboagoak izan zitezkeela, asfaltoaren aurrean naturarekin harremana estutuz. Horrela, patioen forma eta erabilera eraldatzeko, prozesu parte-hartzaile batean murgildu ziren, duela 2 urte eta erdi, Barañaingo hezkuntza-komunitateko hainbat herritar. Gaur oraindik ere, prozesua martxan dago eta proiektua aurrera eramateko finantziazio bila ari dira. 

Plazaberriko lantaldeak aukera izan du talde eragileko kide batzuekin elkarrizketa egiteko. Argazkian ageri direnez, ezkerretik eskuinera: Natalia eta Aitziber (Familia Elkartea), Arantxa eta Itziar (Alaitz eskola) eta Ikerne (Herri Kolektiboak).

 

Zer da ‘Barañaingo Patioak’?

‘Barañaingo patioak’ proiektua Barañaingo Alaitz, Eultza eta Sahats ikastetxe publikoetako patioak eraldatzeko sortutako ekimen parte-hartzailea eta iraunkorra da. Proiektuaren xedea patio espazioak naturaltasunera eta inklusibotasunera bideratzea da, haurren beharrak lehentasunez hartuta, jolaserako eta sozializaziorako ingurune atseginago eta integratzaileagoak sortzeko.

 

Nondik sortzen da ideia?

Proiektua Familia Elkarteetatik sortu zen patioen transformazio beharraren inguruko elkarrizketatik. Hasieran, Alaitz eskolako Bizikidetza Batzordetik abiatu zen lana, Eultza eta Sahats ikastetxeekin elkarlanean, patio espazioak bizitzeko, ikasteko eta elkarreragiteko egokiagoak izan daitezen aztertzeko eta proposamenak lantzeko. Prozesua duela bi urte eta erdi hasi zen eta gaur egun ere aurrera doa.

 

Zein helburu lortu nahi duzue proiektuarekin? Eta nola lortuko dituzue?

Zazpi puntutan zehaztu ditugu gure helburuak: 1) Patio espazioak inklusiboagoak eta atseginagoak egitea, haurrentzako eta komunitaterako. 2) Espazioen birnaturalizazioa sustatzea, landareak eta elementu naturalak integratuz. 3) Parte-hartze kolektiboa sustatzea prozesuan (familiek, ikasleek, irakasleek eta herriko eragileek parte hartuz). 4) Jolaserako, erlazionatzeko eta ikasteko espazioak egokitzea guztion arteko lankidetzan. 5) Patioa izan dadin atseginago, osasuntsuago eta inklusiboago haur guztientzat (izaera anitzeko espazio hezitzaile bihurtuz). 6) Birnaturalizazioaren bidez espazioen balioa handitu eta haurrek naturarekin harreman hobea izan dezaten. 7) Komunitate osoa inplikatzea (familia, ikasle, irakasle, etab.) espazioaren diseinuan eta eraldaketan.

Hau dena lortzeko prozesu parte-hartzaile bat martxan jarri dugu, elkarlanean eta gutxinaka. Elkarrizketak, lan saioak, tailerrak, bilkurak eta proiektu ezberdinen elkar ezagutzak antolatu ditugu.

 

Nor dago talde eragilean?

Momentu honetan Alaitz eskolako Familia Elkartea, irakasleak eta herriko zenbait eragile. Harremanetan gaude ere Eultza eta Sahats eskoletako Familia Elkarte zein zuzendaritza taldeekin; eta baita ere, Udala zein udal taldeekin.

 

Nork parte hartu dezake?

Proiektuan sinesten duen herritar orok, parte-hartze espazioetan beharrezkoa denean gonbidatuta. Hori dela eta, jendea batu daiteke, proiektuak hasteko edo ibilbidean ere parte hartuz, espazio parte-hartzaileetan ematen den informazioa jasoz eta ekarpenak eginez. Herriko edozein familia, ikasle, hezitzaile eta interesdunek parte hartu dezakete. Hasita dagoen prozesuan ere jende berria ongi etorria da jardueretan eta bileretan.

 

Zertaz ohartu zineten analisia egiterakoan?

Patio espazioak ez direla espazio hutsak; haurren jolasa, harremanak eta ikaskuntza laguntzen dute espazioak behar ditugula. Gaur egun eskoletan patio zaharkituak, lauak, ia natura elementurik gabekoak eta porlanez beteak ditugula, zeinetan futbol zein saskibaloi zelaiek garrantzi handiena hartzen duten.

 

Helduen eta txikienen begirada: nola antolatu duzue parte-hartzea?

Prozesu parte hartzailea abian jarri genuen 2024. urtean. Hausnarketa lan handia egin dugu haur zein helduen artean, amesten ditugun patioak eraiki nahian. Argazki, buztin zein bestelako materialekin lan eginez patioen diseinua egin dugu, denon ekarpenak jasoz.

 

Zer ekimen egin dituzue orain arte?

Hasieran beste herri zein auzoetako proiektu eta prozesuak ezagutu genituen. Clara Eslava arkitektoa, Alfredo Hoyuelos pedagogoa eta Garrapo ingurumen kooperatibaren gidaritzapean parte hartze prozesua burutu dugu. Alaitz eskolako patioan bi auzolan burutu ditugu. Orain aurre proiektua izanda, Barañaingo Udala eta udaleko zein Nafarroako Parlamentuko talde politikoekin bilkurak izan ditugu finantziazioa lortzeko asmoz.

 

Zein puntutan dago orain proiektua? Eta zeintzuk dira hurrengo pausoak?

Aurreproiektua eginda dago, eta oraingo helburu nagusia finantziazioa bilatzea da. Horregatik harremanetan ari gara Nafarroako Parlamentuko talde politiko ezberdinekin eta Barañaingo Udala zein udal taldeekin.

Nafarroako Parlamentuko zuzeneko emendakinetan 140.000 euro lortu ditugu. Horrek lanean jarraitzeko animo handia eman digu baina oraindik finantziazioa ez da nahikoa, eta horretan ere lanean jarraituko dugu.

Bide horretan ere, otsailaren 26, Alaitz eskolako patioaren eraldaketaren aurreproiektuaren aurkezpen publikoa egingo dugu, Barañaingo herriari eta nahi duen guztiari irekita, arratsaldeko 17:00etan izanen da, Alaitz eskolan. Bertan ibilbidearen nondik norakoak eta patio berriaren proiektuaren aurkezpena eginen dugu, bertan ere barreak ere izanen ditugu Beatriz Egizabal klownlariak parte hartuko du eta bukaeran askaria eginen dugu.

Diseño y desarrollo Tantatic