2020-10-12 Kultura · Cultura

Xabier Maezturekin literaturan murgildu gara

Elkarrizketa egin diogu Xabier Maezturi, literatura-zale eta -profesionala, bidenabar Barañaingo liburutegiko Irakurle taldeaz gehiago azal ziezagun, bera baita taldeko dinamizatzaile.

Txiki-txikitatik inguratu du literaturak Xabier, izan ere, bere gurasoak liburu denda baten jabeak ziren, eta bere egunerokotasunaren parte ziren liburuak, edo beste era batera esanda, umetan Mortadelo guztiak irakurri zituen. Bizitza osoan zehar lagundu duen zerbait da hitz idatziaren mundua, orain, ogibidez, Katakrak osatzen duen proiektuan sartuta baitago buru-belarri. La Hormiga Atómica-ren garaitik ibili da bertan, eta, hargatik, iruditu zaigu berak inork baino hobeki zabalduko zizkigula literaturaren ateak, gure galderei erantzunez zirrikitu batetik bistadizo bat emateko baizik bada ere.

Zentzu orokor batean irakurtzeaz eta literaturaz mintzatzen ekin genionean, elkarrizketaren hasiera-hasieran eleberri edo saiakerek irakurleari eskaintzen dioten esperientzien inguruko eztabaida aurkeztu zigun. Dialektika honen baitan, bada saiakerak irakurtzera jotzen duen jendea, eta, kontran, eleberrietara jotzen duena, bien artean errealitatearen deskribapen argiagoa zeinek eman bilatzen. Xabierren ustez, eleberri edo narratiban, saiakeran konta ezin daitezkeen gauzak adieraz daitezke. Esate baterako, XIX.mendeko Ingalaterrako langile klaseari buruzko Engels-en liburu bat irakur dezakezu, datu asko emango dituena, edo bestela Dickens-en nobela bat irakurri, bizipen eta sentipenen testigantza adieraz ditzakeena. Narratiba irakurtzeak, beraz, eralda zaitzake ere. Mundu berrietara iritsarazi. Maila honetan abiatu da gure galde-erantzunen segida.

Irakurketari dagokionean, badirudi maila desberdinak daudela, ezta? Eta agian komikiak baizik irakurtzen ez dituen norbaitek ez duela beste generoen irakurleen adina maila intelektual edo…

Hara ba begira, hain justu Barañaingo lagun baten aitarekin hitz egiten, liburutegiko irakurketa taldean landuko genituen liburuez hizketan, tartean komiki bat zegoela komentatu nion, eta hark termino honekin deskribatu zuen: “literatura menor”. Ikuskera hori deskribatzeko balio du, badagoelako kanon bat, eta sarri ez da ezagutzen komikiek eskaintzen duten sakontasuna edo gaien aniztasuna. Denetarik aurki daiteke, ulertzen konplexuak direnak, batetik, baina, bestetik, Zipi-Zape batek ere Frankismoaren garaiko deskribapen bat eskaini dezake hein batean. Beraz, esango nuke ez dagoela genero bat “menor” edo gutxiago denik, genero bakoitzaren baitan daude gauza onak, gauza txarrak eta tartekoak. 

Nola hasi zen Barañaingo irakurketa taldea?

Barañaingo liburutegitik atera zen ekimena, ohikoa izaten da liburutegietan horrelako ekimenak bultzatzea, eta neri eskatu zidaten dinamizatzeko. Nik egiten dudana ikasturtero liburuen hautaketa egitea da, eta liburu bakoitza aurkeztu eta eztabaidak gidatzea. Hasieran, sortu zenean, jende dexente hurbildu zen, gauza hauekin gertatzen den bezala, berritasunak jende ugari erakartzen dutela, baina denbora pasa ahala, talde txikiago baina egonkor bat mantendu da, giro onekoa eta jatorra dena. Niri pena ematen didan gauza bakarra taldearen perfila oso homogeneoa dela, eta aniztasun handiagoa egotea ondo legokeela, iritzi desberdinak entzuteko, ikuspuntu berriak izan… Niretzat berez oso interesgarria izan da, datozenak oro har nire amaren adineko emakumeak baitira, eta haien gogoetak entzunda, batzutan niri okurrituko ez litzaizkidanak direlako. Ez dago gizonezkorik, ez gazterik. Egia da gazteek ez dutela irakurtzeko hainbeste astirik topatzen.  Eta liburuei dagokienez, orain arte liburu euskaratuak izan dira, azkenean, beste hizkuntzetara itzulia izan den liburu bat jatorrizkoan arrakasta izan duelako seinale da, testatua izan da nolabait. Dena den, azkenaldian oso liburu interesgarriak ateratzen ari dira Euskal Herrian bertan eginak direnak, eta hori isladatu nahi izan dugu liburuen hautaketan. Baita emakume idazleen presentzia bermatu irakurgaien artean. 

Zer egiten duzue elkartzen zaretenean?

Ideia da nork bere etxean liburua irakurtzea, eta elkartzen garenean, sarrera txiki bat egiten da, autorea aurkezten, zer beste obra egin duen komentatu… Eta honen ostean datorrena nahiko librea da. Askotan tentazioa dago pertsonaien inguruan espekulatzeko eta beste testuinguru jakin batean zer egingo lukeen imaginatzeko, azterketa literariotik harago.Terry Eagleton-ek “Nola irakurri literatura” liburuan horixe ez egiteko aholkatzen zuen, liburua hasi eta bukatzen delako, eta hortik kanpora espekulatzea irudimenerako ona bada ere, ez zinake literaturaz hitz egiten ariko. Hobe da kontatzen den istorioan zentratzea eta sinesgaitza den ala ez komentatzea, edo pertsonai honek ez nau konbentzitu, edo bai, edo ze originala, edo ahotsak nola dauden eginak… Literaturarekiko gustoa garatzeko gero.

Zure inguruan ikusten duzunean oinarrituta, zein da oro har literatura kontsumitzen duen perfila?

Liburu edo gai bakoitzak badu bere publikoa. Adibidez, feminismoa. Emakume gazte asko dira feminismoaz irakurtzen ari direnak. Oso interesgarria da gainera, ekoizpen bat dagoelako Espainia mailan, eta hor badago erosten duen perfil bat. Argitaletxeak berak filtro bat izaten dira, eta gaur egun auto-ekoizpen ugari ikusten ari da. Ordea, askotan, auto-ekoiztutako liburu hori ez dago inolako publiko zehatz bati zuzenduta. Baina kasu honetan, badago bai ekoizpena eta bai publiko nabarmen bat. Euskal narratiban antzeko gertatzen ari da, Karmele Jaioren liburuak, Katixa Agirrerenak, orain atera berri den Maddi Ane Txoperenarena… Uxue Alberdi ere oso eskatua izaten ari da… Izen asko daude emakumeena, eta feminismoaren ikuspegitik interes handia piztu dutena. Salmenta izaten da froga.

Eta gazteek, euskaraz irakurtzen dute?

Bai, baietz esango nuke, gorakada bat egon dela. Gaur egun iruditzen zait euskara normalizatuagoa dagoela, naturaltasun handiagoz egiten dela gazteen artean eta hori literaturan isladatzen dela. 

Bada, demagun, euskaraz irakurtzen ez duen gazte batek, orain hasi nahi duela, nondik hasteko gomendatuko zenion?

Klasikoetatik hasteko esango nioke. Itzulitako liburu klasiko-klasiko bat, XX.mendekoa, oso abiapuntu ona dela uste dut. Eta beste hainbeste eleberri, Uxue Alberdi adibidez, literatura freskoa eta erakargarria egiten duena. Ez da irakurtze akademikoa. Guri, adibidez, institutuan “100 metro” irakurtzeko agindu ziguten, eta euskal literaturan garrantzitsua bada ere, oso mardula da, eta benetan da funtsezkoa hori irakurri behar izatea? Badago narratiba zuzena, argia eta ongi pasatzeko den beste asko. Azkenean, esango nuke, irakurtzea zaila dela, beti esaten ohi da munduko plazerrik handiena dela, baina irakurtzeak arreta bat eskatzen du, eta mugikor eta pantailekin lehiatu behar du. Ez da ekintza sinple bat, eta, beraz, gozamena edo plazerra helburutzat izatea garrantzitsua da. 

Zeintzuk dira irakurketa taldean proposatuko diren liburuak?

Kontua da ezin dela edozein liburu sartu, Nafarroako liburutegien sarearen baitan egon behar duelako. Hori aintzat hartuta, lehenengoa, Karmele Jaioren “Aitaren etxea” da, Nafarroako liburu saltzaileen saria jaso zuen. Hurrengoa komiki bat da, “Baleak ikusi ditut” Javier de Isusi-rena. Hirugarren liburua errusiar literaturako lasiko bat, “Sofía Petrovna”. Gero, Maddi Ane Txoperenaren “Ene baitan bizi da”. Honen ondoren, beste klasiko bat, Elena Ferrante-k sortutako lau liburuetatik lehenengoa: “Adiskide paregabea”. Jarraian, beste errusiar egile baten “Gerrak ez du emakume aurpegirik”. Gero, euskal gay munduan murgiltzen gaituen liburu bat, Juanjo Olasagarrerena “Poz aldrebesa” eta, azkenik, emigrazioari buruz, “Riomundo” Jon Maia Soria-k idatzia. Oso aukeraketa orekatua geratu da, hiru itzulpen, besteak bertakoak, emakume nahikotxo…

Norbaitek hauetako bat bakarra irakurrita ere, dagokion bilerara joan daiteke?

Jakina, erabat irekia da. Agian, justu aurten, Covid19aren kontuarekin bai abisatu beharko dela aurretik edo mugak errespetatu… Baina bestela 20 ale egoten ohi dira eta zita bakoitzean hurrengorako banatzen dira. Edonor batu daiteke, eta literatur zaletasuna elkarbanatu edo berpizteko aukera gisa hartu. 

 

Itzulpena > Traducción

.

.

Diseño y desarrollo Tantatic