2020-11-03 Kultura · Cultura

Martin Etxauri Sainz de Murieta aka Txo!? artistarekin elkarrizketa

Martin Etxauri, Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboetan aditua, eta Elurmaluta-ren sortzaile, izango da Euskarabideak eta Nafarroako gobernuak antolatutako bideo-mapping ikastaroko zuzendaria, 2 ordu iraungo duena, AZAROAREN 4ean, bihar asteazkena, 17:30etan hasita 19:30ak arte. Doanik izango da, Barañaingo liburutegian, telezentruan.

Donosita 2016 Kapital Kulturalean txertatua zegoen "Hormek Diote" proiektuaren barruan egindako ikusentzunezko mappinga. 2016ko uztailaren 28an, Donostian.

Martin Etxauri Sainz de Murieta aka Txo!? hobeki ezagutzeko, elurmaluta (www.elurmaluta.net) gunean ikusgai daude bere hainbat proiektu eta lan liluragarri. Bideo sortzaileaz gain diseñatzaile grafiko eta ilustratzailea da, The Balde aldizkariaren sortzaileetako bat eta bertako diseinu burua izan da. Napartheid kultur agitazio kolektiboko kidea, non 1992 hasi zen marrazten, diseinatzen eta ikusentzunezko hainbat proiektuetan. Besteak beste Belarra larburmetraian (Koldo Almandozek zuzendutakoa), zeinarengatik Festival de Cinema de Girona-n argazkigintza hoberenari saria jaso zuen.

1. Artearekiko zaletasuna txikitatik duzu?

Bai, beno, nik uste guztiek dugula artearekiko zaletasuna txikitatik, gero batzuei kentzen zaie (edo diete) eta beste batzuei ez, je je, baina bai.

2. Arte ikasketak Bilboko unibertsitatean egin zenituen, baina baita Helsinkin ere, ezta? Zer moduzko esperientzia izan zen?

Helsinki kurtso oso bat egon nintzen Erasmusean. Niretzako oso baliagarria izan zen asko ikasi nuelako. Hango unibertsitateak horrenbeste ikasgai eta ikastaro interesgarriak zituen diseinugintzaren inguruan, non probestu eta ez oso ohiko eramusa egin nuen, pila bat ikasten.

3. Teknologia berriak eta artea, bat datoz?

Teknologia eta artea beti joan dira eskutik. HIstoriaurretik, jada, sortzen ziren teknologiak ez ziren bakarrik ehizatzeko edo gauza pragmatikoentzako, artearentzako sortzen ziren ere. Egun teknologia berriak muturrera eramaten dituztenak artistak dira askotan. Eta artistok gure gizarte eta eragiten dizkioten gauzetaz hitzegiten dugun ehinean, teknologiaz hitzegin behar dugu.

4. Lientzo eta pintzeletatik harago, artea egiteko euskarri gehiago dago?

Je, je, bai, bai, asko, eta egun nik esango nuke historian inoiz egon diren euskarri eta lanabes gehien ditugula. Baina, tira, topiko edo ergelkeria irudi daitekeen arren, artea edozerrekin egin daitekela esango nuke. Nire kasuan medio berriak deritzotena edo teknologi berriak dira.

5. Bideo mapping-a zer da? 

Bideo-mappinga azkenean teknika bat da, generoa edo disziplina baino. Proiektatzen dituzun irudiak, proiekzioa jasotzen duen objektuaren forma edo geometriara moldatzeko teknika da. Eta moldatze hori lan mota oso ezberdinetarako behar izaten ahal duzu.

6. Musikari zer garrantzi ematen diozu zure ikuskizunetan?

Musikak eta soinuak garrantzi oso handia dute beti. Askotan soinua eta irudia dikotomia moduan ikusten da, baina irudia, bideo irudia, ia inoiz ez doa soinurik gabe. Soinuak edo musikak irudia biderkatzen dute.

7. Gomendatuko zenigukeen bideo-mapping lan bat?

Ba zaila da aukeratzen, baina badago Futuropolis izeneko bat, Dirty Monitorrek egina, espreski gogoko dudala ze gainera pelikula oso mitikoekin egiten dute jokoa, eta eraikinari izugarri ongi doitzen zaizkio irudi guztiak. Zinemazalea bazara espreski gustatuko zaizu. Hemen ikusi daiteke: https://vimeo.com/200829295

8. Zein proiektutan ibili zara azken aldian?

Ba bihar bertan Donostira noa urrian zehar egon den erakusketa bat jasotzera. "Fossil Plastics; Alegiazko Enborrak" proiektua da eta bertan aurretik fotogrametria teknikaz hiru dimentsiotan eskaneatu eta ostean 3Dtan inprimatutako enbor azalak topatzen ahal ditugu. Horretaz gain, azaroak 14ean Iruñeko Planetarioan, kupularako ikusentzunezko Arbasoak izeneko pieza estreinatuko dugu, egoerak uzten badigu behintzat.

9. Nola sortu zen elurmaluta?

Ikusentzunezkoarekin eta artearekin proiektu gehio egiten joaten nintzen ehinean, sentitu nuen nolabaiteko "etxea" behar zutela, deitu produktora, estudio edo nahi duzun moduan, eta behar horretatik sortu zen Elurmaluta. Proiektuak, gainera, gero eta jende gehio biltzen zuten eta guzti hori biltzeko eta bultzatzeko sortu zen.

10. Nola ikusten duzu artea egungo egoeran?

Buf, zer esan. Arteak beti errealitate oso ezberdinak izan ditu bere baitan. Nik orokorrean egiten dudana zer ikusi gehio dauka musikari edo artisau baten bizitzarekin, adibidez, artearen merkatuan buru belarri dabilen artista batekin baino. Eta gauden egoeran guk darabilzkigun gauza txikiak, boloak, aktuazioak edo bestelakoak nahiko momentu larrian daude. Gauzak birpentsatzea tokatzen da, baina inork ez dauka oso argi nola, zeren, besterik gabe gauzak sarean egitea ez da erantzuna.

11. Zer eskain diezaguke bideo-mapping ikastaro batek?

Bideo-mappingak erabilera asko ditu: eraikin batean mapping bat egiteko bai, baina baita, edozein ikusentzunezko proiekturako, antzerkian erabiltzeko, modan, artean, diseinu arlo askotan, irakaskuntzan, edo besterik gabe rato bat pasatzeko ere balio dezake. Ikastaroan lehenbizi adibideak ikusi eta nola funtzionatzen duen ulertuko dugu, ostera praktika txiki bat egiteko. Egia esateko, orokorrean jendeak ongi pasatzen du tailer hauetan.

Itzulpena > Traducción

.

Diseño y desarrollo Tantatic