2020-02-04 Kultura · Cultura

Heldu dira Bardoak Barañainera

Etxarrin, Txantrean, Iturmendin, Erron eta Beran jokatu dira taldekako txapelketako lehenbiziko saioak. 'Larraun da Araitz. Bi dozena', 'Hego haizea', 'Sakaña', 'Arranopola' eta 'Lamixene' izan dira talde garaileak, eta bigarren fasera pasatzeko bidean lehen puntua jaso dute.

Bost saiok eman diote hasiera 2020ko Bardoei. Hain zuzen ere, Larraungo Etxarrin, Txantrean (Iruñea), Iturmendin, Erron eta Beran jokatu dira lehenbiziko bost saioak, ostiral, larunbat eta igandez, 200 lagun baino gehiagoren aurrean, eta giro ederrean. Abian dira beraz 2020ko Bardoak.

Ostiralean hiru saio izan ziren. Lehena, Etxarriko dantzalekuan jokatu zen, eskualdeko Larraun da Araitz. Bi dozena eta Barañaingo Ipar haizea taldeen artean. 40 lagun inguru elkartu ziren etxeko taldeko bost bertsolariak eta talde bisitariko seiak entzuteko, eta itxura polita hartu zuen aretoak. Etxarriko kontzejuak eta Larraungo Bertso Eskolak hartu zuten saioa antolatzeko ardura. Gai-emaile lanetan, Ainhoa Iriarte eta Jose Mugiro aritu ziren. Ariketa guztiak egin ondoren, Larraun eta Araizko taldeak eskuratu zuen puntua. Saioa biribiltzeko, beste behin ere merendu bikaina prestatu zuten etxekoek, eta entzuleak eta bertsolariak giro onean aritu ziren elkarrekin solasean, Bardoetan ohikoa izaten den bezala.

Txantrean jokatu zen ostiraleko bigarren saioa, Euskaldunon Biltokian. Bertan izan ziren kantari Barañaingo Hego haizea taldea (etxeko gisara) eta Lizarrako bardeak, 20 lagun ingururen aurrean. Iñigo Avila ibili zen gai-jartzaile lanetan, eta etxeko taldearentzat izan zen puntua. Saioa bukatutakoan, merendua izan zen han bildutakoentzat.

3 dira osotara Barañaingo taldeak, A multzoan, “Ipar Haizea” eta Itsaso Agirre, Jabi Lezaun, Jon Arrizibita, Mikel Lasarte eta Mintxo Astiz ditu parte hartzaile. B multzoan berriz gazteez ostatutako Bertsopiztiak taldea da, Amaia Lasheras, Beñat Astiz, Enma Murillo, Idurre Villanueva, Irati Majuelo eta Zuhara Zaratiegirekin. Eta C multzoan aldiz, Hego Haizea taldea, Ainara Ieregi, Ander Baiano, Endika Legarra, Iñigo Aranguren “Pika” eta Sahats Alemanekin osatutakoa

Eta Barañainen asteburu honetan izanen ditugu bi saio, otsailak 7, ostirala, Gaztetxean, 19:30ean, Bertsopiztiak, Pirini Bardoren aurkako lehian. Eta igandean, otsailaren 9an, Akelamendi Elkartean, 18:00etan Ipar Haizea eta Malerreka eta Baztango Bertsonautak.

Otsailaren 14ra arte luzatuko da lehen fasea, eta bertan, bina saiotan kantatuko du talde bakoitzak, multzo bereko beste bi taldeen aurka. Lehen fasetik sei talde sailkatuko dira finalaurrekoetara.

Guztira, 13 talde eta 96 parte hartzaile ariko dira Bardoetan, Nafarroako taldekako bertsolari txapelketan. Finala martxoaren 28an jokatuko da, Lizarra

Informazio guztia: www.bertsozale.eus/eu/nafarroa/bardoak

Diseño y desarrollo Tantatic