2022-05-25 Kultura · Cultura

Beñat Astizek irabazi du 2022ko Nafarroako Eskolartekoa

Arantzan jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 36. edizioa, Nafarroako Bertso Eskolen Egunaren baitan. Zazpi bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan eta, horietatik, Beñat Astiz Barañaindarrak jantzi du txapela.

Arantzako Aterpean jokatu da 36. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, herri horretan bertan ospatzen ari diren Nafarroako Bertso Eskolen Topaketen baitan. Zazpi bertsolarik hartu dute parte txapelketan, ondorengoek: Antton Ciriza Saragueta (Iruñea), Beñat Astiz Isasi (Barañain), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Larraitz Goikoetxea Zuriarrain (Altsasu), Manex Leone Baraibar (Iruñea), Olatz Bados Ganuza (Olazti) eta Xabier Elizalde Soto (Iruñea). Ainhoa Larretxeak aurkeztu du saioa, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Julen Zelaieta aritu dira epaile lanetan. 

Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu ostean, bi bertsolari pasa dira bigarren fasera: Beñat Astiz eta Eki Mateorena. Bigarren fase honetan, zortziko handian ofizioan aritu dira bi bertsolariak. Ostean, kartzelako ariketan, puntu banari erantzun diote, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu dira, bertso bana kantatuta. 

Azkenean, Beñat Astizek bildu du puntu gehien, eta horrenbestez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Eki Mateorenak, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan. 

Bertsolari barañaindarrak Eneko Fernandez Bortzirietako Bertso Eskolako kidearen eskutik jaso du txapela. Beste sari bat ere izan da Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, "Oinak buruan" saria. Kasu honetan, Eki Mateorenak irabazi du sari hori. Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman dio garaikurra. 

Bertso Eskolen Egunaren baitan

Nafarroako Bertso Eskolen Topaketen barruan ospatu da Eskolarteko Txapelketa. Nafarroako haur eta gaztetxoen Bertso Eskoletako 60 lagun inguru elkartu dira Arantzan, eta asteburu osoko egitarauaz gozatuko dute. 

Itzulpena > Traducción

El Barañaindarra Beñat Astiz se lleva la txapela del interescolar de Bertsos

Diseño y desarrollo Tantatic