2019-10-31 Kultura · Cultura

Baratxuri, barazkiak eta askoz gehiago

Orain dela lau urte 3 lagun elkartu ziren kontsumo talde bat sortzeko asmoz. Proiektu honetara pertsona ezberdinak batu ziren eta, Iruñerriko hainbat nekazariekin harremanetan jarri eta gero, kontsumo taldea martxan jarri zen. Hasieran, hamar familia ziren astero haien saskiak jasotzen zituztenak.

Pasa den urtean, Gaztetxean, elikadura burujabetza lantzeko talde bat sortu zen. Horren harira, gazteak, kontsumo taldearekin kontaktuan jarrita, saskiak jasotzeko gunea gaztetxea izatera pasatzeko proposamena luzatu zieten. Geroztik familia handitu, eta barazki eta fruta saskiaz gain, beste produktuak eskeintzen hasi dituzte ere: txitxirioak, olioa, arroza, etab. Horrez gain, gaiarekin lotura duten tailer ezberdinak burutu dituzte urtean zehar.

Gaur egun, Barañainen saltzen diren elikagaiak hurrundik ekarri ta ekoizpen ereduak ez du natura errespetatzen. Horregatik, gertuko nekazariek ekoiztutako produktuak eskeintzen dituzte astero, garaikoak, ekologikoak eta 10€ko prezio finkoan eskeiniz. Gainera, nekazariekin harreman estua izanik, bitartekariak sahiestu eta ekoizpen prozesuaren berri izan dezakete momentu oro.

Baratxuri taldearen bitartez, elikagaien arazoa mahai gainean jarri nahi dute. Jakin badakite ez dutela Barañaingo herritarren bizimodua aldatuko, hala ere, supermerkatura iristen garen momentuan zer, nola eta zergatik erosten dugun gure buruari galdetzea dute helburu. 

Etorkizuna aldatzeko gure ekinbidearen etengabeko hausnarketa kritikoa ezinbestekoa dela argi dute, eta horretarako, Barañaingo Elikadura Burujabetza taldetik sortuko diren tailer guztietara gobitea luzatu nahi dute.

Diseño y desarrollo Tantatic