2015-01-20 Kultura · Cultura

Barañaingo Bertso Eskolen ibilbide motz baina emankorra

Bertsolaritzak bizi duen loraldiaren adibidea da ere Barañain

Argazkian gaztetxoen bertso eskolako partaideetako batzuk (Arg::Utzitakoa)

Barañaingo bertsolaritzak aspaldi izan zuen hasiera; asko izan dira ordutik herriko bertso-eskoletan aritu direnak eta antolatutako bertso saioak. Urteen joanarekin batera indartuz doa gure herrian hitzen jolas hau; inoizko loraldirik handiena aurtengoa izan da, gaztetxoen bi bertso-eskola berri sortu baitira, eta honek herriko bertsolari taldeen kopurua bikoiztu du: osotara 4 bertso eskola dauzkagu orain.

Lau bertso-eskola herrian

Bertso-eskolek adin ezberdinetako jendea biltzen dute haien baitan. Gazteen bertso eskola da denetan zaharrena, aurten bederatzi urte beteko ditu eta; bertan 17 eta 18 urteko lau gazte biltzen dira astero ordu eta erdiz kantari aritzeko.

Bederatzi urte hauetan aldaketa handiak bizi izan ditu bertsolari talde honek: hamar bat haurrek osatu zuten 2005ean hasi berria zen bertso-eskola. Alaitz ikastetxeko gela batean eman zituzten bertsolaritzaren munduan haien lehenengo urratsak, Estitxu Arozenaren gidaritzapean. «Gure orduko Alaitzeko irakasleak bertso idatzien txapelketa batean parte-hartzera animatu gintuen… eta hor hasi zen gure bertso-eskolaren ibilbidea. Hurrengo ikasturtean, lehen hezkuntzako laugarren mailan geundenean, alegia, sortu genuen taldea», gogoratzen du Ainara Ieregik.

Orduan beste bertso eskola bat zegoen oraindik, bizpahiru urte zaharragoko bertsolariez osatua, irakasle berdinarekin. Bertso eskola hau, ordea, 2007an desegin zen.

2006an hasi ziren jada lehen hezkuntzako bostgarren mailan zeuden gaztetxoak eskolarteko txapelketan parte hartzen eta jendaurrean abesten; «Launa errima ematen zizkiguten eta haiekin bertso bat osatzen genuen. Urduritasun handiarekin igotzen ginen oholtzara… baina merezi zuen!», Ieregik.

Urteek aurrera egin ahala bertsolari kopurua murriztuz joan zen, eta DBH-ra pasatzean hiruk baino ez zuten bertsotan jarraitu. Hala ere, urtero eskolarteko txapelketan parte hartzen jarraitu zuten. Irakasle ugari ezagutu zituzten: Estitxu Arozena, Arkaitz Goikoetxea, Nerea Bruño, eta gaur egun irakasle duten Xabier Terreros. Beranduago, Manex Mailharin berriozartarra batu zen taldera, oraindik elkarrekin jarraitzen duen laukotea osatuz. Denboraldi batez haiek izan ziren herriko bertsolari bakarrak, helduen bertso eskola sortu zen arte.

Helduen bertso-eskola, bertsolaritzari beste bultzada bat

Helduen bertso eskolaren sorrerak eragin positiboa izan zuen herriarengan. Honela gogoratzen dute gazteen taldekoek: «Talde berri baten sorrerak herriaren bertsozaletasuna zabaltzeko borrokan babes handiagoa suposatu zuen», deritzo Manex Mailharinek. «Barañaingo bertsolari bakarrak ez garela ikusi genuen, eta gure saiakerak, aspaldiko saiakerak, zerbaitetarako balio izan zuela, eta horregatik batzuek ikusi zutela bertsolaritza interesgarria dela», Mikel Lasartek.

Helduen taldea duela lau urte sortu zen, 2011an; «Barañaingo 8 lagun inguru elkartu ginen, eta beste kanpotar batzuk ere bai, helburu jakin batekin: bertso mundua ezagutzea… doinuak, metrikak, errimak, bertso zaharrak, bertso berriak… Bertso Elkartearekin kontaktatu genuen eta Xabier Terreros irakasle etorri zen», kontatzen du Ion Errok. Ordutik, astero bi orduz batzen dira bertsotan aritzeko.

Bertso-eskola sortu eta berehala hasi ziren bertso idatziak sortzen, eta lehenengo urtearen bukaeran jada bapateko bertsolaritzari ekin zioten. Urte horretan bertan, Ander Baianok, helduen taldeko kideak, ‘Bardoak’ ekimenean parte hartu zuen, gazteen bertso eskolako Mikel Lasarte eta Txantreako Saioa Alkaizarekin batera. Ekimen hau bi urtero ospatzen da, eta taldeka parte hartu beharra dago.

Bertso-eskolaren bigarren urtean jendaurrean abesten hasi ziren: baten bat Izeta bertso sariketan aritu zen bertsotan eta Santa Ageda egunean ere kantari atera ziren. Kurtso amaieran desafio batean parte hartu zuten, Iruñako bertso-eskolarekin batera.

Iaz ospatutako Bardoak ekimenean ere parte hartu zuten; Miluzeko Barañetak izeneko taldea osatu eta Leitzako ‘Harrapazank’ eta Sakanako ‘Bizkorratxiko’ taldeen aurka aritu ziren kantari helduen bertso-eskolako bertsolariak. Gazteen taldea ere Bardoak-eko partaide izan zen. Ekimen honen inguruan antolatutako bertso saioek jende andana bildu zuten herriko Haizea elkartean.

Bardoetaz gainera, iaz kopla txapelketa bat antolatu zuen helduen bertso-eskolak Barañainen, bertsolari askori jendaurrean abesteko aukera emanez. Herriko jaietan ere bertsolaritzaren presentzia handitzea lortu dute; azken bi urteetan txoznetan eta udaletxe plazan bertso saio bana antolatu izan dituzte, herriko zein kanpoko bertsolariak batuz. Xabier Terreros irakasleak honakoa dio helduen bertso-eskolaren inguruan: «helduen bertso-eskola izugarrizko indarrarekin dago: bai barrura begira bai herriari begira antolatzen dituen gauzetan, bardoetan parte hartzen, kopla txapelketak direla, Santa Ageda, jaietan antolatzen den jaialdia…».

Aurten beste salto bat eman eta bi bertso-eskoletako zenbait bertsolarik (Mintxo Astiz, Mikel Lasarte eta Sarai Robles barañaindarrek, helduen bertso-eskolako kide den Sahats Alemanekin batera) Nafarroako Bertsolari Txapelketan izena eman zuten, honen aurrekanporaketako saioan parte hartzeko. Hau da barañaindarrak Nafarroako Bertsolari Txapelketaren partaide diren lehenengo aldia.

Barañaingo herria fama hartzen hasia da bertsolaritzaren munduan: Mikel Lasarte hiru aldiz izan da Eskolarteko txapelketako txapeldun, Xalto sariketan ere garaile izan zen eta ‘Bertsoaroa’ saioan abestu izan du; hiru barañaindar Nafarroako Txapelketan murgildu dira, hainbat saio antolatu dira gure herrian… hori gutxi ez, eta aurten bi bertso eskola berrien sorrera eman da.

Gaztetxoak, bertsoen munduan murgiltzen

«Ikusita zeinen jarduera gutxi dauden herrian euskaraz mintzatzeko, bai Alaitzeko Guraso Elkarteari, bai Institutuko Guraso Elkarteari kriston ideia iruditu zitzaigun gaztetxoen bertso-eskola martxan jartzea», kontatzen digu Mintxo Astizek, helduen bertso-eskolako kidea eta gaztetxoen taldeko bertsolari baten aita denak. «Institutuan 14 nerabe daude eta Alaitzen 12 bat… ederki pasatzen dute. Euskara erabiltzen dute eta jendaurrean hitz egitea, errespetua, adiskidetasuna… lantzen dituzte».

Lehen hezkuntzako bostgarren mailako ikasleek osatzen dute ikastetxeko taldea, eta DBH-ko lehenengo zein bigarren mailako ikasleek institutukoa. Irakaskuntza arautuko taldeek Barañaingo Udalaren Euskara Zerbitzuaren diru laguntza dute. Bi bertso-eskolek Ainara Ieregi bertsolari barañaindarra dute irakasle. «Gustora datoz; aurten negulekuak antolatu dira, eta oso gogotsu daude bai txapelketetarako bai jendaurrean abesteko… animoso!» dio Ieregik. Berak esan bezala, aurten gaztetxoek bertso negulekuetan parte hartu dute, Iturenen. Santa Agedan ere kantari arituko dira herriko kaleetan zehar.

Ikasleek bere bertso-eskolaren aspaldiko garaiak gogora ekartzen dizkiote Ainara Ieregiri: «Sarri ikusten dut gure irakasle zenaren isla niregan, eta irribarre egiten dut. Ikusten dut ikasleak nola saiatzen diren bertsoa osatzen, eta gu berdinak ginela ohartzen naiz. Ikasketa prozesu berdina bizi izan dugu».

Etorkizun ona Barañaingo bertsolaritzarentzat

Bertsolari guztiek bat egiten dute herriko bertsolaritzaren etorkizunaz galdetzean: ona eta oso ona. «Gaztetxoen bi talde daude, hori izugarria da, euskal herriko herri gutxitan gertatzen da holako adineko bi bertso eskola egotea», dio Terrerosek. «Guk erdi brometan erraten dugu Barañain dela Hernani berria, edo Hernaniren parera dagoen herri bat bertsolaritzari dagokionez», aipatu zigun irri tartean. «Etorkizun ona du, baina ez nik diodalako, bazik eta bertsolariak izango direlako gaztetxoekin lanean, helduekin elkarlanean, saioak antolatuz, saiotan parte hartuz… etorkizun hori bermatuko dutenak».

«Nafarroan eta Iruñerrian euskararen alde egiten dugun borrokan, euskalduntasunaren alde egiteko, guretzat, oso garrantzitsua da bertsolaritza», kontatu digu Mikel Lasartek, eta aipatu digu horrek motibatzen duela bertsotan jarraitzera, beste hainbat arrazoiren artean.

Jarduera aberasgarria

Bertso-eskoletan bizitako esperientziaz galde egitean, gehienek aipatzen dutena «oso aberasgarria» dela da. «Pertsonalki oso aberasgarria da: euskara erabiltzen dugu, pentsarazi egiten gaitu, adiskidetasuna lantzen da… nik ederki pasatzen dut, lagun artean eta jendaurrean. Asko ikasten ari naiz eta nire bizitzaren beste atal bat bihurtu da, lana, familia edota kirola bezala», dio Astizek.

«Alderdi askotatik begiratuta aberasgarria da, ez bakarrik burua erabiltzen delako, euskararen erabilerarako harnasgune moduko bat delako ere; euskaraz egin dezakegun ariketa bakarra edo eskolaz kanpoko jarduera bakarra da», aipatu zigun Lasartek. «Jendearen aurrean lotsa galtzeko, jendea ezagutzeko, ongi pasatzeko… balio du», gehitu zuen Ieregik. «Barrenean daukazuna askatzeko oso erabilgarria da», amaitzeko, Lasartek.

Manex Mailharinek bertso-eskolen giro ona azpimarratu nahi izan du: «Esan dezaket bertsolaritzaren arloan erdi barañaindarra sentitu naitekela, izandako harrerarengatik».

Laster ikusi ahalko ditugu gure bertsolariak Barañaingo kaleetan zehar kantari edota bertso-saioetan abesten; bertso-eskolak inoiz baino indartsuago dauden honetan, lanean segitzeko asmoa adierazi dute, errimen eta doinuen jolas honekin herria euskalduntzeko eta animatzeko ahaleginetan.

Itzulpena > Traducción

El florecimiento de la bertsolaritza en Barañain

En este reportaje repasamos el estado actual de la bertsolaritza en Barañain a través de las escuelas de bertsolaritza que están viviendo un florecimiento en nuestra localidad. En la actualidad existen cuatro escuelas, una realidad de la que pocas localidades pueden presumir. La que más tiempo lleva es la escuela de jóvenes, que surgió hace 9 años. Más tarde, en 2011 se crea la escuela de adultos y este curso han surgido dos más a iniciativa de las Apymas del instituto y de la escuela Alaitz.

El bertsolari Xabier Terreros es el profesor de la escuela de jóvenes y de la escuela de adultos, mientras que la joven bertsolari de Barañain Ainara Ieregi es la profesora de los dos nuevos grupos del instituto y de la escuela Alaitz.

Pero más allá del número de alumnos y alumnas, destaca la implicación de las escuelas y de sus bertsolaris en la vida cultural de Barañain. Participando en campeonatos, organizando sesiones de bertsolaritza, en el Festival de fiestas, en Santa Agueda, el Olentzero... Tal y como destaca Xabier Terreros: «tienen un futuro prometedor, pero no porque yo lo diga, sino por que son los y las bertsolaris que trabajan con los y las jóvenes, colaboran entre escuelas, organizan y participan en actos... son ellos y ellas las que garantizan ese futuro».

 

Diseño y desarrollo Tantatic