«Urte hauek biziak eta politak izan dira; espero dut geratzen zaidana ere halakoa izatea»

Egun helduak diren ikasle ohi askok ezaguna izanen dute Jaione Aristorena irakaslea (Argazkia:Agustin Peña)

SARAI ROBLES | Aurtengoa Jaione Aristorenaren 41.urtea da irakasle moduan jarduten; zentro ezberdinetan, baina 41.na. Hemen, Barañaingo Alaitz ikastetxean, 26.a. Asko izan dira bere gidaritzapean ikastetxean barrena murgildu direnak, eta haren laguntzaz ikasle bezala lehenengo pausuak eman dituztenak. Bizipen hauen gazi-gozoak ezagutu nahian jo dugu beregana.

Nolakoak izan dira Alaitzen igarotako urte guzti hauek?

Ziztu bizian pasatu dira! Ni beti haur hezkuntzan ibili naiz, normalean, aurten izan ezik; aurten laguntza dut baina saio batzuk eman behar dira ere lehenengo hezkuntzan, eta bosgarren mailakoekin nago. Gaztelera ematen dut gainera, oso arraroa niregan! (irriak) Eta urte hauek nolakoak izan diren? Beno, ohikoa da: behin dinamika batean sartzean oso ongi moldatu gara lankideekin, koordinaturik, beti bi edo hiru gelekin ibili gara. Baina orain gauzak aldatu dira eta bakarrik gela bat sortzen ari da, beraz lan zama handiagoa da. Ikasleak ere geroz eta "bitxuagoak" dira (irriak), mugituagoak, edo ez dakit nola esan… eta gero noski, adinaren kontua dago. Nire kasuan behintzat, adinaren eragina neke fisikoan nabaritzen dut. Baina beno, urte guzti hauek oso biziak eta politak izan dira, eta espero dut oraindik geratzen zaidana ere halakoa izatea.

Eta haur hezkuntzatik 5. mailarako jauzi hori ematea kostatu zaizu?

Bai, ikaragarri! (irriak) Zaila izan da; haur hezkuntzan aritu izan naiz beti, 41 urte hauetan lehenengo eta bigarren mailako ikasleekin bi urtez egon nintzela kenduta... noski, hori ere askoz hurbilago dago haur hezkuntzatik eta gainera herri euskaldun batean zen, txiki batean, umeak ere ezberdinak ziren… eta duela 30  urte baino gehiago. Orain bai nabaritzen dudala. Ezberdintasun handia dago, interesak ere beste batzuk dira, helduekiko daukaten nolabaiteko jokaera… txikiagoak errazago zureganatzen dituzu, baina kozkorragoekin zailagoa da.

Urte hauetan, zein aldaketa somatu dituzu ikasleengan, hezkuntza ereduarengan…?

Beno, nik berez ez dut gehiegi aldatu. Teknologia berrien mundu hori hemen dago, baina ni nahiko mantso noa, beti noa beste lankideen arrastaka pixka bat… eta beraiek laguntzen didate arlo horretan. Eta umeak ez dakit, esango nuke jakinduria handiagoa daukatela… baliteke jakinduria ez izatea hitz egokia, baina askoz ere biziagoak dira orain lehen baino; estimulu gehiago dauzkatelako, bihurriagoak dira… noski, 3-6 urte arteko umeengan pentsatzen ari gara, baina nabaritzen da mugituagoak direla. Beraiekin gauzak egitean niri behintzat gehiago kostatzen zitzaidan azkenean. Agian ez da beraien kontua bakarrik eta nirea ere bada; hor oreka bat ematen baita edo, nolabait ere, “errua” demagun, denen artean banaturik egoten da.

Hezkuntza sisteman, irakasle bezala gabeziarik somatzen duzu?

Geroz eta gehiago. Bai, gabeziak daudela pentsatzen dut eta, beno, hare gehiago euskaraz. Orokorrean ere; uste dut gelatik kanpoko laguntza gutxi daudela. Presioa ere nabaritzen da: hezkuntzan izan diren aldaketak, lege aldaketak eta abar… gurekin batere kontatu gabe, ez kontsultarik ez ezer egin gabe. Ez dut gurekin pertsonalki esaten; irakaskuntzaz ari naiz. Baina inorekin kontatu gabe sartzen dituzte erreformak eta bi urtera kentzen dituzte. Hortxe egon dira proiektu batzuk, Nafarroan konkretuki, Nafarroa “siempre para alante” joan baita (irriak), beti joan dira aurretik eta joan nahi izan dute. Horrelako gauza batzuk egon dira ikaragarrizko zalantzak sortu dituztenak, edo airean uzten dizutenak zure momentu horretako egoera, eta bi urte beranduago jada desagertu dira… horrek zalantzak eta beldurrak, niri behintzat, bai sortu dizkit.

Eta Alaitzeko irakasleen egoera, nolakoa dela ikusten duzu?

Beno… betikoak gara, eskolarekin batera zahartu gara gutxi gora behera (irriak). Askoz ere gutxiago gaude, eta nik pertsonalki sentitzen dut orain ez dugula hainbeste espazio besteekin partekatzeko eta konpartitzeko, geroz eta estuago ibiltzen garela eta korrikago. Garai batean "asanblearioagoa" zen zerbait presak bihurtzen ari dela, eta ordenagailuetatik zintzilik gaudela, dena blogean jartzen dela… ni pertsonalki ez nago prestaturik eta agian horregatik da. Dena den niri zalantza asko sortzen dizkit.

Zer da lan honek zuretzat duen politena?

Umeak hasieratik hartu, eta haien bilakaera ikustea zoragarria da. Noski, nik hiru urterekin hartzen ditut eta seiekin utzi; bikoiztu egiten dute adina, eta nire ustez gainera oso urte garrantzitsuak dira… beno, denak dira garrantzitsuak, baina hoiek garrantzitsuenetarikoak! Eta horixe, egiten duten bilakaera mundiala da. Mundura irekitzeko pauso hori nola ematen duten ikustea, eta nola pasatzen diren askoz ere autonomoagoak izatera… hori oso polita da.

Eta okerrena?

Ui ez dakit…! (irriak) beno, markatu dituzun mugak edo, nolabait ere, helburuak batzuekin ez betetzea gogorra egiten da. Denentzat hoberena nahiko zenuke, eta lortzen ez duzunean zergatiaren inguruan pentsatzen hasten zara askotan… Medikuak diren arrazoi batzuk egon daitezke, baina beste batzuetan neure buruari galdetzen diot zergatik ez duen aurrera egiten nik ahalegin guztiak egin arren. Edo beno... agian da nik ez dudalako ahaleginik egin? Zalantza hori beti egon da nire baitan behintzat.

Hainbeste ikasle belaunaldi zurekin egon eta gero, kaletik beti topatuko zara ikasle ohiekin; nolakoa da hori?

Oso polita da. Gurasoekin berdin gertatzen da, azken batean haur hezkuntzako urte horietan gurasoekin egoten den harremana oso estua delako, oso  hurbila, momentukoa eta konturatzea benetan zurekin oroitzen direla oso polita da, eta eskertzekoa, nolabait ere.

Oso polita da belaunaldiak pasatzen ikustea, eta… kezka ere bai, nik beti esaten dut… hainbeste urteren buruan, eta oraindik ez dugu gehiago entzuten euskaraz kalean. Sentitzen dut urte asko sartzen ari garela lanean eta ez dugula hobekuntzarik ikusten, nik behintzat ez dut ikusten. Baliteke ni bizi naizen tokian gehiago entzutea, hori bai... baina hala ere hor dago zalantza; noraino ari gara ailegatzen, edo zer gehiago egin behar dugu pausu hori emateko? Batzuetan poza ere ematen du, ikasle ohiak euskaraz entzuten dituzunean… baina nolabait galdetzen diozu zeure buruari ea zergatik ez dugun gehiago entzuten kalean, lagunen artean. Nik oso hurbiletik bizi izan dut, eta euskaldun zaharra izanik ere eduki ditut familian ilobak lagunekin gaztelerara jo dutenak, ikastolako jendea izanda eta gazteleraz? Zer ari gara egiten hori gertatzeko? Horrek min ematen du... niri behintzat mina ematen dit, mina edo ez dakit zer den…

Espazioak sortu behar dira eta euskara askoz gehiago mimatu behar da. Gutxiengo baldintza batzuetan segitzen dugu eta gaztelerak jan egiten gaitu. Eta zoritxarrez orain ingelesarekin hori egin nahi dute: ingelesak ere guri jipoia ematea.

Itzulpena > Traducción

Entrevista a la profesora Jaione Aristorena

Sarai Robles entrevista a la veterana profesora del colegio Alaitz Jaione Aristorena, quien lleva 41 años en la enseñanza infantil, 26 de ellos en el colegio berianense. En la entrevista Aristorena es cuestionada por los cambios que aprecia en el tipo de enseñanza y en el colegio, donde cada vez priman más las nuevas tecnologías y faltan, a su juicio, «espacios para compartir y también menos prisas».

También habla de su trabajo como educadora y los cambios que ve en el alumnado a lo largo de las generaciones. Según señala, los y las txikis de 3-6 años «hoy son más vivos, tienen más estimulos». Se trata de un trabajo que quiere, donde ve progresar a los y las más pequeñas en sus años claves del crecimiento pero también un trabajo que preocupa cuando los y las menores no progresan adecuadamente y surge la pregunta ¿no he hecho lo suficiente?

Sin embargo, agradece el cariño de las familias y del alumnado que todavía se recuerda de su irakasle Jaione, aunque lamenta que a pesar del esfuerzo de tantos años enseñando en euskara «no se escuche más en la calle».

Diseño y desarrollo Tantatic