Lanpostu murrizketak eta aparteko ordu gehiegi egiteak, udaleko langileen kezka

Beste udaletan lanpostuak sortzen ari diren bitartean, gurean desagertzen ari direla diote

Udalean kontratazio gehiago egitea izanen da langileen helburuetako bat

Langile lan-kontratadunen kopurua erdira murriztu dela adierazi du LABeko ordezkari sindikala den Fernando Biurrunek. Urtea latza izan dela aitortu du: lan hitzarmenaren sinadura, funtzionarizazio prozesuaren gatazka, ordezkapen kontratuen hitzarmena... «Gero eta langile gutxiago daude; behin behineko langileak kalera joan dira kontratua bukatzen zitzaien heinean eta erretiro edo erabateko ezintasun kasuetan lanpostua desagertarazi dute. Krisia hasi baino lehen langile lan-kontratadunak 140 inguru ginen eta orain 70 inguru gara. Ondorioa begi bistakoa da: mantentze laneratako ez dago langilerik, obrak pilatzen ari dira, gauza asko egin gabe geratzen dira», dio Biurrunek.

Esaten duenez, datorren erronka aparteko orduen arautzea da. «Aurreko astean alkatearekin bilera izan genuen eta aparteko orduekin gertatzen zena jarri genuen mahai gainean. Lanaren arabera sortzen diren beharrak betetzen ari dituzte aurten aparteko orduekin eta jendea joan da orduak pilatzen, kasu batzutan legeak onartzen dituenak baino gehiago eta orain langile batzuei dagozkie bi hilabete oporretan. Honekin guztiarekin urritik oraindik langile gutxiago gaude, ordezkapenentzako ez baita inor kontratatzen», dio Biurrunek. Penagarria deritzo lanpostu beharra dagoen momentu honetan, langileek horrenbesteko aparteko ordu egin beharra eta aparteko orduak ezusteko lanentzako beharrean, aurreikusitako lanak egiteko erabiltzen direla kritikatu du LABeko ordezkariak. «Ikerketa egitea eskatu genuen ikusteko zenbat diren planifikatu ahal diren lanak eta horientzako lanpostuak sortzea eskatuz», azaldu du.

Etorkizunera begira, langileria kezkatua dagoela adierazi du. Bere iritziz, «arazoa da alkatetzak krisia hasi zenetik sortzen diren lege eta murrizketen inguruan egiten duen interpretazioa beti zorrotzena dela; legeak esaten du ezin dela jendea kontratatu funtsezko postuetarako ezik, eta hori baliatzen ari dute beste udaletan lanpostuak sortzeko, UPNk agintzen duenetan ere bai, baina hemen aurkakoa da, ezin dela inor kontratatu esaten dute».

Langileen batzordea LABeko bi ordezkarik, CCOOeko beste bi eta UGTko bat osatzen dute baina kontu honetan guztiak iritzi berdinekoak direla dio.

Lan hitzarmena

Lan kontratadunek uztailean sinatu zuten lan hitzarmena, adostasunera heltzeko epea bukatzear zela. «Ez gaude oso pozik, baina sinatu zitekeen bakarra zela konturatu ginen. Langileen batzarrak onartu zuen boto baten aldearekin», dio. Haien proposamenaren eta alkatetzaren proposamenaren artean murrizketaren kopurua izan zen desberdintasunik nabarmenena. «Beraiek 160.000 euroko murrizketa planteatzen zuten eta guk gehienez 120.000 eurokoa izatea nahi genuen; lehenengo momentutik esan ziguten hainbat antzinatasun-sari kenduko zizkigutela eta horretan ez zutela amore emango eta ikusi genuen horrela izanen zela». Hala ere, funtzionarizazio gatazkan gertatu bezala, kritikarik gogorrenak PSN arderdiri egiten dizkio LABeko ordezkariak.«PSN gurekin jokatu zuela uste dut, UPNrekin negoziazioa ekainean apurtu zenean, PSNtik esaten ziguten gure proposamena udalbatzara eramango zutela eta oposizioaren bozkekin onartuko zela eta gero ez zuten ezer egin».

Udaleko langileria

Biurrunek azaldu bezala, momentu honetan udaleko lan-kontratadun langile kopurua eta funtzionario kopurua antzekoa da. Duela 5-6 urte behin behineko langile asko kontratu administratiboen bitartez kontratu zituzten, horiek lan-kontratadunekin konparatuta «merkeagoak« zirelako, Biurrunen esanetan. «Langile lan-kontratadun finkoak garenok funtzionarioen aldean oinarrizko soldata altuagoa dugu baina ez daukagu haiek bezalako gehigarririk eta azkenean soldatak parekoak dira. Baina behin behinekoak kontratu administratiboekin kontratatzen dituzte eta ez dute gehigarririk, bakarrik funtzionarioen oinarrizko soldata. Honek injustizia handia sortzen du: lan berdina egiten finkoak direnak behin behinekoak baino askoz gehiago kobratzen dute, kasu batzutan aldea %30ekoa da», azaldu du LABeko ordezkariak.

Itzulpena > Traducción

Demandan la creación de más contratos

La reducción de personal y la gran cantidad de horas de trabajo que acumulan preocupan a los trabajadores y trabajadoras laborales del Ayuntamiento de Barañain, según el representante sindical de LAB, Fernando Biurrun. Considera que se deberían crear nuevos empleos para hacer frente a las bajas y jubilaciones y no lo contrario. «Desde alcaldía se hace la interpretación más restrictiva de la ley; mientras en otros ayuntamientos se crean empleos aquí se reducen», opina Biurrun. Señala que se han reducido a la mitad los empleos laborales y que se ven obligados a realizar una gran cantidad de horas extras. Todo ello, a su juicio, redunda en el servicio que se presta, con retrasos en obras públicas y en trabajos de mantenimiento.

Diseño y desarrollo Tantatic