Iñaki Martínez

Iñaki Martínez

XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.

2018-01-30

Zubi sendoenak mantentzeko uneak

Begira dezagun Nafarrora, edo Barañainera. Begira dezagun Sarasate pasealekuko legebiltzarrera, edo Udaletxe Plazako plenora. 2015ean eman zen aldaketa historikoaz ohitu garela dirudi. Ezberdinen arteko akordioetatik abiatuz, hain ezberdinak ziren eta izaten jarraitzen duten Nafarroako ezker eta zentroko pentsamoldeen proiektu bateratua dugu gaur egun gure lurralde honetan.

Hilabete hauek irudi ederrak utzi dizkigute. Memorietan gelditu zaizkigu hauteskunde ondorengo militante eskuindarren aurpegi goibelak, Iruñeko udaleko legealdi hasierako pleno bitartean Udaletxe Plazan zegoen festa, Korrika amaiera eguneko sentimendu biziak, Barañainen herriko talde ezberdinei emandako bultzada…

Uste baino gutxiago falta da legealdi honen amaierarako. Urte bat barru hauteskunde aurreko tentsio igoeran murgilduta egon gaitezke, eta ez pentsa erregimenaren indarrak geldi egongo direnik. Asko dute berreskuratzeko, eta aldaketak asko galtzeko.

Urte hauetan eman diren aurrerapenak defenditu behar dira, bai, baina hurrengo lau urteetako helburuen eztabaidarekin batera. Azken hauteskundeen aurretik jendartea bizirik zegoen, eztabaidak zeuden, alderdi ezberdinen elkarlana piztu egin zen… Egoera hori berreskuratu beharra dago. Aldaketan parte hartu nahi zutenek irabazi zuten, ez da mundua amaitu, baina benetako eraldaketa soziala emateko oinarriak ere ez dira erabat osatu.

Nafarroako Parlamentuko gaietan sartu gabe, politikoki konplexuagoak baitira, udalerri mailan zubi berriak eratu beharko lirateke. Katalunian, esaterako, ezkerreko aliantza zabalek oso esperientzia bereziak utzi dituzte hiri handi batzuetan, eta urte gutxitan errealitate soziala transformatzeko gai izan dira. Ikusiko dugu aliantzak, proiektuak eta joko politikoak nola erlazionatzen diren falta diren hilabeteetan. Espero dut proiektuen garrantzia gainjartzea, beste edozein interes partikularren gainetik, beti ere udalerrien funtsezko indarra bizilagunen kaleko antolakuntza dela jakinda. Udal bakoitzean legealdi honetan izan diren zubiak analizatu eta sendoenak indartu beharko lirateke, sigletan sartu gabe, aldaketan sinisten zuten guztiek ez baitute denon intereserako beharrezkoa zen kontsensuan berdin lagundu.

 

Diseño y desarrollo Tantatic