Iñaki Martínez

Iñaki Martínez

XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.

2018-10-22

Oasia zen hasieran

Barañainen bada altxor bat basamortu erdian hazten den palmondoak behar duen ura baino preziatuagoa dena, gutako askorengan dagoena. Bere garaian ur pixka batekin hasi zena, gaur, ordea, baso bilatzera ere iristen dena.

Aste honetan zehar euskararen astea egingo da, jada urte batzuk hona antolatzen den bezala. 'Udazken ero!’ edizio berriak euskarari esparru handiagoa emateko aukera ona eskaintzen du, urtero-urtero gure jabetza publiko handienetako bat den hizkuntza hauspotzeko aukera.
Oasiek bizitza elikatzen duten bezala, herrian ere badira euskara indartzen dituzten espazioak: eskolak, Gaztetxea, Herri Gunea, Plazaberri bera, instituzioak pixkanaka... Kaleetan azalarazteko bideak izan behar ditu euskarak, bestela, eremu pribatuan ahazteko arriskua baitu. Esparru hauek ezinbestekoak dira atzean gelditu daitezkeen hizkuntzaren indarrak egunerokotasunean aurrera jarrai dezaten.
Euskarak, urak bezala, bere bidea egin behar du lurretik gora palmondoaren hostoek kolore berdexka mantendu dezaten. Apurka-apurka espazio gehiago hartu behar ditu, herria berdez jantzi, eta aberastasunez hornitu. Euskal kultura da hizkuntza bera hauspotzeko fitxa
baliagarrienetakoa. Bertan ematen diren erlazioak, hizkuntza beraren erabilera, jokoa eta sorkuntza; iturri baten modura, erreka bera sortzera iritsi daitezkeen elementuak dira.

Oasi gisako iragana zuen etorkizuneko erreka da gaur euskara Barañainen. Aurrerapauso handiak eman dira, bai, leiho berriak irekitzeko ahalmena izan da azken urte hauetan, eta bere presentzia handitzera zuzenduak dauden dinamikak daude martxan. Baina esparru informal gehiagoren falta dago oraindik, libreki hizkuntzaren garapena bera azkartzera eramango duena. Hala, izan ere, euskara duenak Barañain irakurtzeko modu berri bat aurkituko du, bere ingurua ulertzeko tresna berri bat, gure mugen paretak higatzeraino iritsi daitekeen ur-korronte berri bat.

Diseño y desarrollo Tantatic