Jon Matxain

Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.

2017-11-30

Ipurtargien argia, bidea argitzen digu

Barañaingo udaberri/uda gauetan, Argako bidean ala Eultzako bueltan, ipurtargiak ikusteko aukera izan dezakegu. Tamalez, gero eta gutxiago, baina oraindik bertan ikus ditzakegu. Animalia oso politak, umeekin ikusteko batez ere. Bere abdomena argitu egiten da, eta hori da intsektu hauen berezitasun nagusiena, behintzat lehen begiradan. Baina, zergatik igortzen dute argia intsektu hauek? Zertarako? Nola?

 

Galdera hauen erantzunen bila gabiltzala, kimikarekin topatzen gara. Intsektu hauen abdomenean molekula mota bat dago, Luziferina deitutakoa. Honek ez du deabruarekin zerikusirik... ez behintzat zuzena. Izenak “argiaren eramalea” esan nahi du. Esan beharra dago hau ez dela molekula konkretua, baizik eta molekula familia bat. Ipurtargiek hauetako bat(zu)k dute. Molekula hau, aireko oxigenoarekin erreakzionatzean, argia emititzen du. Ez edonolako argia, argi ikuskorra baizik (hori-berde kolorekoa). Prozesua konplexua da, eta ez dugu sakonago azalduko.

 

Ipurtargiek abdomenan sartzen den oxigenoa kontrolatuz, erreakzioa kontrolatu dezakete, eta horrela, argi intentsitatea kontrolatzen dute. Pultsoak bezala igortzen dituzte. Pultso hauek, eta hauen kolorea, bertze ipurtargiekin komunikatzeko erabiltzen dute. Normalean, arrak eta emeak horrela komunikatzen dira, non dauden adierazteko. Modu honetan, emeak eta arrak elkarrekin topatzen ahal dira, eta sexu harremanak izan, arraultzak ernalduz. Kontutan hartu behar dugu arrek egan egiten dutela, baina emeek ez. Hortaz, gauean ematen den komunikazio bide hau oso eraginkorra da. Kontutan hartu behar dugu ia 2000 ipurtargi espezie desberdin daudela, eta bakoitzak bere komunikazio modua duela: argiaren kolore, intentsitate, eta pultso desberdinak dituzte.

 

Komunikazio modu hau oso erromantikoa iruditu arren, ez da bakarrik maitasunarekin lotuta. Espezie batzuk beste batzuen argia imitatzen dute, beste helburu batekin. Engainatzea, janaria harrapatzeko. Ez gara honetaz harritu behar. Ipurtargiak ez dira argia igortzen duten animalia bakarrak. Medusa mota batek ere hala egiten du, eta orohar, itsas-ilunean bizi diren espezie gehienak. Arrazoiak, askotarikoak dira.

 

  • Beste animaliak erakartzeko, gero jateko: Melanocetus johnsonii arraina (Nemoren pelikulan azaltzen zena, argitzen den antena bat du, txikia. Horrela,besteek uste dute presa bat dela, eta zaas, berak harrapatzen du).

 

  • Ihes egiteko: kalamar mota batzuk isuri egiten dute argia ematen duten osagaiak. Horrela, harrapakaria despistatzen dute.

 

  • Elkarrekin komunikatzeko: ipurtargiak bezala, beste askok (bakteria mota batzuk, adibidez)

 

Orokorrean, animalietan ematen den fenomeno honi bioluminiszentzia deitzen zaio. Fenomeno hau, aurretik esan bezala, erreakzio kimiko batzuen ondorioa da. Naturan topatzen dugun fenomeno hau modu artifizialean ere garatu daiteke, hainbat aplikazio lortzeko.  Izan ere, beste hainbat erreakzio kimikoen ondorioz, argia igortzea ere lortzen ahal da. Orokorrean, fenomeno honi luminiszentzia deritzo, bioluminiszentzia naturan topatzen badugu, eta kimioluminiszentzia artifiziala bada. Aplikazio ugari ditu, eta pare bat aipatzekotan:

 

  • Kimika forensean: krimen eskenatoki batean odola dagoen ala ez bilatzeko, “luminol” izeneko molekula bat isurtzen da. Honek, baldintza batzuetan, burdinak kalazitatutako erreakzio bat ematen du, argi urdinska igorriz. Gela ilunpetan egon behar da, hau ikusteko. Odolaren burdinak ematen du erreakzioa, eta horrela, odola ikusi ez arren, erreakzio honen bidez jakin daiteke ea odola dagoen. Hala ere, ez da guztiz fidagarria.

 

  • Aplikazio ludikoa ere badu: jaietan saltzen diren argizko eskumuturrak, ala ezpata laserrak, besteak beste.

 

Ikus daitekeenez, naturarengan fijatuta gauza asko ikasten ahal ditugu. Fenomeno berriak ulertuta, aplikazio ezberdinak lor ditzakegu, eta eredua naturan dugu askotan. Dena den, ez dugu inoiz ahaztu behar naturan topatzeak ez duela derrigorrez ona bihurtzen. Ez, naturala ez da onaren sinonimoa (perretxiko ala suge pozointsuen adibidea beti buruan izan behar dugu). Eta bestalde, ikasten dugun guztia ez da derrigorrez beste zerbaitetan aplikatzeko izan behar. Ikasteak ematen duen plazerraz disfrutatzeko gai izan behar gara.

 

Diseño y desarrollo Tantatic